Santxa
Aizpea Goenaga
Santxa
Aizpea Goenaga
Euskaltzaindia / BBK, 2006

 

LEHENENGO ESZENA

 

Abade jantzia duten hiru gizon sartuko dira. Erregeren amak emango die ongietorria.

 

AMA: Izan bitez ongi etorriak, geurera, Jainkoaren mandatariok!

1. ABADEA: Esker aunitz, andere.

2. ABADEA: Berorren seme den erregerekin hitz egiteko premiak gakartza zuenera. Arrunt kontu larri batek bultzatuta gatoz.

1. ABADEA: Gure monasterioei dagokien kontu bat.

AMA: Uste dut badakidala zein den zuen kezka guztien iturria. Oker ez banabil behintzat On Gartzia, nire seme erregeren anaia-ordeak, Jaka eta Iruņeko gotzain izan den horrek sortutako arazoengatik zatozte, noski.

1. ABADEA: Bai, andere, bai, hala da. Iraganean hark sortutakoak huskeriak dira orain bertan bizi ditugunen aldean. Horregatik, berorren semeak, erregek, bidegabekeria horien aurrean, gotzain berria izendatzeko premia larriaz mintzatzera etorri gara berarengana.

2. ABADEA: Ezkutuan alde egin dugu monasteriotik, gure errege jaunari hango lapurreta eta harrapakerien berri emateko. Erdi gezurretan alde egin behar izan dugu handik, andere agurgarria.

AMA: Abadeak gezurretan ibiltzea ez da bada bidezkoa. Bertaratu zaituzten gaiak, seriotasun handikoa behar du izan.

3. ABADEA: Hala da izan, eta errege jaunak esan behar dizkiogunak entzutean gure premia konprenituren du.

1. ABADEA: Arrazoia larria da: gure belarrietaraino iritsi da, Sahaguneko gotzainak gure monasterioa eta inguruko aberastasunak gutiziatzen dituen berria. Badaki berorrek zer erran nahi duen horrek, ezta?

2. ABADEA: Eta Bordeleko gotzaina ez zaio oso atzean geratzen. Denek izan nahi dute gure monasterio eta elizen harrapalari.

1. ABADEA: Batez ere, hainbertze izanik orain joan-etorrian ibiltzen diren erromesek, eta baita kristau zintzoek egiten dituzten dohaintzak. Katuaren muturraren aurrean sagua jartzea bezalatsu da. Harrapakina eskuratzeko irrikan dira guztiak.

2. ABADEA: Jasan ditugun erasoak isildu egin ditugu, gainera!

1. ABADEA: Horregatik behar dugu agudo berorren seme errege jakinaren gainean jarri. Gu bere zerbitzari leialak gara, eta hala izaten jarraitu nahi dugu.

AMA: Bihotzez eskertzen dizuet zuen zintzotasuna. Eta gogo onez errango nioke neure semeari zuek hartzeko, baina, ezin dut halakorik egin. Monion-go gaztelua, mairuei kentzeko ahaleginetan ari zela goizean bertan zauriturik ekarri dute gaztelura.

2. ABADEA: Aitaren eta semearen.

1. ABADEA: Nahigabeak ez dira ez banaka etortzen, alajaina!

AMA: Hala ere, Jaungoikoaren borondatea izan da, neure seme, errege, borroka horietatik bizirik ateratzea, eta baita Zaragozako mairuek atzera egin behar izatea ere.

1. ABADEA: Bere txarrean, berri onak dira horiek anderea. Iruņeko berriekin, ordea, ezin ditugu gozatu zuen belarriak. Monasterioak eliza eta ondasun asko ditu bere pean, eta dagoeneko hasi dira, besteena gogoko dutenak eskuak luzatu eta poltsikoak betetzen. Eta ez dira haien artean falta izen handia dutenak, ere!

2. ABADEA: Kezkaz beterik etorri gara, presazko konponbide bat erregutzera.

AMA: Jaun fraideak, zaudete. Errege zauriturik badago ere, oraintxe bertan jarriren dut jakinaren gainean. Zaudete soseguz, ez baitu Santxo Ramirezek bere Abadia kuttuna kraskatzen utziko. Zoazte orain barruak berotzera, jangelan izango duzue-eta eltzekoa prest.

1. ABADEA: Bedeinka beza berorri goi zeruetako Jaunak.

2. ABADEA: Aunitz esker; esan bezaio erregeri bere alde otoitz eginen dugula.

1. ABADEA: Anderea, gure borondaterik onenarekin, eta atrebentzia ez bada, Eneko Garseanis (aurkeztuz) abadeak mirariak egiten ditu, gaixorik daudenak sendatzen.

3. ABADEA: Berorren aginduetara, andere.

AMA: Entzuna dut zure dohainen berri, bai. Zure ospea zabaldu da erreinuan barrena. Jende aunitz joaten omen da zuregana sendatzera, eta osasuntsu itzuli ere itzultzen omen da etxera.

3. ABADEA: Bai, hala da Jaungoikoa medio.

AMA: Tira, segi orain zertxobait jatera, usainak erakutsiren dizue sukalderako bidea. Ni bitartean ene seme erregerekin izanen naiz.

3. ABADEA: Jainkoak gorde beza aunitz urtez!

AMA: Eneko abadea, zatoz nirekin.

 

Erregeren ama alde batetik aterako da eneko abadearekin eta kontrako aldetik beste bi abadeak joango dira.