Santxa
Aizpea Goenaga
Santxa
Aizpea Goenaga
Euskaltzaindia / BBK, 2006

 

HIRUGARREN ESZENA

 

 

—I—

 

Argiak piztean santxo eta santxa elkarrekin daude. Hiru urte pasa ondoren berriz elkartuko diren lehen aldia da. Tentsio nabarmena.

 

SANTXA: Hiru uda eta hiru negu pasa dira, erretiratu nintzenetik. Bitarte horretan Gregorio vii.a zendu da, eta orain, Urbano Il.ak du Haren lekua. Zuretzat kontu zaharrak dira nik oraindik barruan irakiten ditudanak, baina nik itxaropenik ez dut galdu. Beraz, otoi, Urbano Il.a Aita Santuaren aurrera joateko gutun bat eskatzera natorkizu.

SANTXO R: Oraindik ere horrelakoak al darabiltzazu buruan ?

SANTXA: Zuk zeure lurrak babesten jarraitzen duzun neurri berean. Adiskidetu gaitezen behingoz. Gutun horrek ekar dezake gure artera konponbidea.

SANTXO R: Nahikoa istilu sortu dizkidazu dagoeneko.

SANTXA: Istilu gehiago sorraraziren dizkizu zure kontzientziaren harrak, egin beharrekoa egiten ez baduzu.

SANTXO R: Egoskorra zara gero!

SANTXA: Gutun bat, Hark bere aurrean har nazala erregutuz. Hori besterik ez dizut eskaturen.

SANTXO R: Santxa, ez duzu ikusten Aita Santuak, haraino joanda ere, ez duela amore emanen. Gregorio vii.ak eman ez zuen bezalaxe! Emakumeak Adanen saihetsetik sortuak zarete, gizonen meneko zarete, gure itzalpean behar duzue egon. Zure kexuei barre eta iseka eginen die. Berak ez du ezer galtzekorik, eta zuk, ordea, bai, ohorea.

SANTXA: Zer nahi duzu orduan, amen esan eta komentu batean usteltzea? Nola baretu, ordea, Jainkoaren aginduak bete ez izanak sortzen didan ezinegona?

SANTXO R: Zuk bilatu behar duzu zure bamean galdera horien erantzuna.

SANTXA: Horra bada. Nire arimak Erromako Aita Santuarengana joatea eskatzen dit. Hark agian, ulertaraziren dit, nik ulertu ezin dudana, eta bakean bizi ahal izanen naiz.

SANTXO R: Harrera gutuna izkiriatzen badizut, nire intentzioa berarenaren aurkakoa dela uste dezake eta egoera lardaska daiteke.

SANTXA: Lasai horregatik. Ezaguna da zure jokabidea, eta baita nirea ere. Bat ez datozela argi dago eta nik neronek ere hala azalduren diot.

SANTXO R: Kaskagogorra zara gero!

SANTXA: Esker mila.

SANTXO R: Bidaia bakarrik egin behar duzu? Hori ere ez da oso zentzuzkoa. Bideak lapurrez josita daude.

SANTXA: Ez kezkatu. Gutunarekin nahikoa dut. Urraka ahizpa, nirekin etorriren da, eta baita ondo ordainduren ditudan franko batzuk.

SANTXO R: Fidatzekoak al dira?

SANTXA: Fidatu beharko.

SANTXO R: Santxa...

SANTXA: Lasai, ez naiz galduren. Eta hala balitz Jaungoikoaren borondatea litzateke. Gainera... Leiretik datorren abade batek esan berri dit, Toledoko Artzapezpikua, Bernardo de Sauvetat, Erromarako bidean dela. Elkarrekin bidea egitea errazago izanen delako, enkargua bidali diot, eta erantzunaren zain nago. Baina haren komenientziagatik onarturen duela badakit.

SANTXO R: Bizkorra zara gero!

SANTXA: Animalia bakoitzak jakiten du nora ihes egin handiago bat atzetik duenean. Idatziren didazu gutuna?

SANTXO R: Hitz ederragoak izkiriatuko dituzu zerorrek, eta jarriren dizut ondoren gure etxeko zigilua.

SANTXA: Esker anitz.

SANTXO R: Zaindu gero. Behar zaitut-eta!

SANTXA: Ez nik nahi adina.

SANTXO R: Zuk uste baino gehiago.

SANTXA: Bai, baina ezkutuan behar beti, ez egun argitan. Eta horrela itsutu egiten naiz.

SANTXO R: Ez dago zu itsuturen zaituenik!

SANTXA: Ederki isildu nauzue behintzat.

SANTXO R: (Gaia aldatuz) Noiz zara abiatzekoa?

SANTXA: Dena prest izan bezain pronto. Bihar edo etzi.

SANTXO R: Zaindu, eta nahi ez duzun erantzuna entzuten baduzu, ez amorratu.

SANTXA: Aita Santuak entzun izanak behintzat sosegua emanen dit.

SANTXO R: Ez zintudan sekula santan saltsa haietan sartu behar.

SANTXA: Eskertzen dizut sartu izana; ez ordea, ondoren kendu izana.

 

 

—II—

 

Eszenarioa gurutzatuz, alde batetik hiru kaikuak eta gudari franko batzuk doaz, erdian santxa eta urraka. hiru kaikuak taldearen aurrealdean kantari doaz, makila luze batzuk dituzte eta haiek lurrean kolpatuz erritmoa eramango dute.

santxa kondesak nebarekin izandako liskarren berri ematen du, baita Erromarako bidaiaren aipamena egin ere. Eta Elizak bere baitan dituen arazoen berri emango da, Leireko monasterioak jasan dituen erasoak, etab.

Taldea bidean pixka batean geratuko da, eta jende aurrean abestuko du.

 

Doinua: Getxoko antzinako koplak

 

                        Mila eta laurogeita

                        hemeretzia hasita,

                        Aita Santuak izango zuen

                        kondesa baten bisita.

 

                        Sauvetateko Bernardo,

                        bost zaldi eta lau mando,

                        lur nafarretan gelditu ziren

                        abitu baino lehenago.

 

                        Han gehitu ziren bi gurdi

                        eta hiru zaldi zuri,

                        baita lihozko soinekoetan

                        bildutako aingeru bi.

 

                        Kondesa eta bere ahizpa,

                        San Kristobali otoizka,

                        gurutze bana zeukaten biek

                        bularrean dingilizka.

 

                        Zigilu baten indarraz

                        joan arren Erromarantz,

                        joan aurretik Santxo damu zen

                        joaten utzi izanaz.

 

                        Santio bidetik gora

                        Orreagako txokora,

                        iluntzerako iritsi ziren

                        Auņamendien altzora.

 

                        Santxak buruan barrena

                        zeukan beldur handiena:

                        Aita Santuak ulertuko al du

                        erregek ezin zuena?

 

                        Frantzian zehar, jakina,

                        oraindik beldur berdina:

                        Aita Santuak etenen al du

                        San Agustinen doktrina?

 

                        Urrakak, ahizpa bezela

                        nahiz izan fidel-fidela,

                        ustea zeukan Erromaraino

                        alperrik zihoazela.

 

                        Erromarako bidean,

                        nahiz izan mila bide han,

                        bidaiariek kristau fedea

                        sentitzen zuten airean.

 

                        Bistara zuten Erroma,

                        zabaldu zen zoriona,

                        zer izango da Aita Santuak

                        Santxari esanen diona?

 

(Koplak: Xabier Paya)

 

Koplak amaitu aurretik, berriz ere, bidaiari ekingo dio taldeak, kontrako aldetik desagertuz.

Iluna.