Santxa
Aizpea Goenaga
Santxa
Aizpea Goenaga
Euskaltzaindia / BBK, 2006

 

BIGARREN ESZENA

 

Txoko batean hiru trobalari kaiku, berriketan; lanerako prestatzen ari dira. Handik gutxira erregeren aurrean egin behar duten agerraldia prestatzen.

 

1. KAIKUA: Tira, segi ezak, mugi.

2. KAIKUA: A ze janari usain ederra... mmm.!

3. KAIKUA: Egurra jasoren duk (mehatxu egingo dio)

1. KAIKUA: Ai, ai, ai... lagundu!

2. KAIKUA: Zer gertatzen duk hemen?

3. KAIKUA: Egurtu egin nahi nauk.

1. KAIKUA: Eta berak ez dik lanik egin nahi.

2. KAIKUA: Nola eginen diat! Ama Birjinarena egitea nahi dik. Nik! (Zapi bat buruan paratu eta antzezten hasiko da, baina iseka eginez) Berak ni ederki izorratu, eta gainetik birjina naizela esan behar diat! Tuntunagorik ba ote?

3. KAIKUA: Akaso, gustura ibili ez haizelako izanen haiz birjina!

2. KAIKUA: Joan hadi popatik hartzera! Zein ibiltzen duk gustura hori bezalako zerriekin?

3. KAIKUA: Bukatu al duzue, ala urrezko txaponak baino zurezko jipoia jaso nahiago duzue?

1. KAIKUA: Urrea, urrea... egon hadi horretan! Hemen abadeek bakarrik zekitek urrea zer den!

3. KAIKUA: Asma itzazue bada orduan abadeentzat kopla batzuk. Tira, hasi zerbaitetan. Bestela ez diagu sabela beteko.

3. KAIKUA: Ba al dakizue zer entzun nian bart? Leireko Abade bati, ez zekiat nondik zetorrenean..., mairu batek ezpatarekin lepoa moztu ziola, eta abadeak berak lurretik bere burua eskuartean hartu eta monasteriorainoko bidea egin zuela!

3. KAIKUA: Benetan? (Bere kabuz, gai horri buruzko koplak asmatzen hasiko da, txoko batean, besteek ez diote jaramonik egingo, eta kopla ez zaio nahi bezala aterako) Leireko abade bat joan zenean... joan zenean...

3. KAIKUA: Benetan ote? Hamaika ikusteko jaioak gaituk!

3. KAIKUA: Bai zera, eta hori zeinek ikusi dik? Burua galdu zian abadeak berak? (Barrez)

3. KAIKUA: Gero kontatu zianak.

3. KAIKUA: Eta hiri zeinek kontatu dik?

3. KAIKUA: Alpargatak egiten dituen franko batek.

1. KAIKUA: Gezurra franko bota dik horrek!

2. KAIKUA: Ba nik uste diat, gertakari hori koplatan abestuz gero, txanpon mordoa jasoren genukeela!

3. KAIKUA: Hori ez ditek gogoko! Hobe erregeri buruzko kontakizunen bat paratu.

1. KAIKUA: Bazekiat! Mairuak airean bidali zitueneko koplak, konparazio baterako! (Zerbaiten gainean igo eta ozen, gogo biziz, lehengo doinu berberarekin):

                        “Santxo Ramirez joan zenean,

                        gure mugak gordetzera;

                        hamaika mairu azaldu ziren

                        ezpatak aidean jasorik!

                        Santxo Ramirez gure erregek

                        prestu baino bizkorrago

                        akatu zituen... akatu zituen...

                        eta utzi betiko gogo gaberik...”

3. KAIKUA: Hi bai akabatuko haute halako kopla negargarriak egiten jarraitzen baduk! Gure erregek gainera koplak baino nahiago izaten ditik antzezpenak.

2. KAIKUA: Horretan ni nauk maisu. (Antzezle plantak eginez, pausu luzeak eman eta goian dagoen 1. kaikuaren aurrean belaunikatuz) Ai, ene, andere txit eder hori, berorren begiek, bi izar dirudite, berorren masailek bi lore, eta berorren ezpainek... berorren ezpainek xerra samurra.

3. KAIKUA: Ez! Ez, eta ez! Xerra samurra? Eta zergatik ez duk odolkia esaten? Ha’bestea! Beste zerbait pentsatu behar diagu, zeozer berriagoa, bizia eta entretenigarriagoa. Gaur egun jauntxo, andere eta erregek denetarik ikusi diate. Txunditu egin behar ditiagu. Ulertzen?

1. KAIKUA: Ni gose nauk eta gosea ez duk pentsamenduen adiskide izaten. Eta usain gozo hori tripa zorriak egiten ari zaidak gainera...

2. KAIKUA: Mmmm...!

3. KAIKUA: Usaina? (Joka hasiko zaie) To, usaina! Emango dizuet nik zuei gosea!

1+2. KAIKUA: Ai, atx, ama!! Ama!!

 

Sekulako zalaparta sortuko dute, eta emakume batek, engraxik, etengo du haien arteko iskanbila.

 

ENGRAXI: Baina, isilduko ote zarete, kaiku alaenak! Ez dakizue errege ondoezik dela, sukarrak hartuta? Zuen garrasiak haren gelaraino helduren balira eltzean amaituren zenukete. Anker alaenak!

1. KAIKUA: Horixe bera erran diet neuk ere.

2. KAIKUA: Hik erran? Nik erran diat-eta!

3. KAIKUA: Zuek erran? (ostikada bat eman eta handik bidaliko ditu. emakumea beregana gerturatuz) Engraxi, potxola, erakutsiko al dinat... zera... hik badakin...

EMAKUMEA: Zer?

3. KAIKUA: Hik bakarrik ikusteko moduko zerbait?

EMAKUMEA: Erakusteko moduko ezer ba al daukak, bada, hik?

3. KAIKUA: Edukiko ez dinat ba! (3. kaikua esku sartzen hasiko zaio emakumeari) Hik kirtena heldu, eta izarrak ikusiko ditun!

EMAKUMEA: Kendu hadi paretik! Beste konturik ez daukak.

3. KAIKUA: (Goxo) Ba al da bada besterik?

EMAKUMEA: (Erdi barrez) Ez nazak haserretu!

3. KAIKUA: Hara, nik hire eltzea kirtenetik helduko dinat eta hik... egin ezan beste hainbeste!

EMAKUMEA: Utikan! Zerri halakoa!

 

Korrika alde egingo du emakumea atzetik duela.