Santxa
Aizpea Goenaga
Santxa
Aizpea Goenaga
Euskaltzaindia / BBK, 2006

 

BIGARREN ESZENA

 

pedro de rodez eta santxo ramirez berriketan ari dira, santxo ramirez-en ama ere bertan da.

 

SANTXO R: San Agustinen doktrina sartzea. Hori da, oraintxe bertan Gregorio vii.aren helburua. Beraz, atsedenik gabe egin beharreko lana da. Eta batez ere, ez emakumerik, ez emazterik, ezta seme-alabarik Elizan. Simoniarik ez omen du nahi. Eliza berri bat sortu nahian dabil, indartsuagoa, garbiagoa.

PEDRO: Jaungoikoaren hitza munduan zabaltzeko betebeharra gizasemeon zeregina da. Andereak moja komentuetara. Nahikoa lan izanen dute han-eta.

SANTXO R: Nire arrebak ondo zerbitzatu du Eliza.

AMA: Baina ez da lan horietarako pertsona egokia.

PEDRO: Garai oparoak dira, jauna, ezin gaituzte gure arteko sesioetan harrapatu, txikikerietan.

SANTXO R: Aurrera egitea da nire asmoa. Horregatik amore emanen diet Gregorio vii.aren aginduei, oso gogoko ez baditut ere.

PEDRO: Jauna, gure burua aurrera begira ipini eta beste lan batzuetan jarri behar dugu, Done Jakue bideak erromes asko ekarri ditu lur hauetara, horregatik lehenik eta behin, berorren onespenarekin, erietxe bat eraikitzea da nire asmoa. Iruņea behar-beharrezko pasabidea bilakatuz gero, orduan eta jende gehiago etorriren da bertan bizitzera. Frankoek aurrerakuntza ekarriko dute besapean, eta zabaldu egin behar dizkiegu ateak.

SANTXO R: Frankoek gure lekua kentzen ez diguten bitartean.

PEDRO: Lur hauek Frantzia, Akitania, eta Germaniara hurbildu behar ditugu, beldurrik gabe. Mairuengadik aldendu eta gure anaiengana hurbildu.

AMA: On Pedrok arrazoi osoa du. Larru beltzekoengandik zenbat eta urrutiago hobe.

SANTXO R: (Moztuz) Eliza gobernatzea zure zeregina izanen da. Egin egoki deritzozuna. Hala ere, gogoan izan ez dudala Eliza hau nire eskutik ihes egiten utziren. Elizak gure lurretakoa izan behar du.

AMA: Baina gure Elizak zenbat eta eliztar gehiago izan hobe. Hiriak sortzeak aberastasuna ekarriren digu. Pentsa Jakak zer nolako ospea lortu duen, eta Lizarra ere ez zaio atzean geratzen!

PEDRO: Halaxe da anderea. Baina hiriak kristauez bete behar ditugu, eta nola ez elizak! Diruz lagunduko duten elizkoiez.

SANTXO R: Hala bedi. Orain nire arrebari egokia izanen zaion zereginen bat bilatu behar diot.

PEDRO: Gregoriorekin bat etortzeko, mojen komenturen bat litzateke hoberena. Seros lehendik ere ezagutzen du, eta hara joatea gogoko izanen luke. Gregoriok, Aita Santuak, begi onez ikusiren luke hori, honela Santxa anderea bere izateari dagozkion eginbeharretara itzuliren da.

 

santxa kondesa han daudela jakin eta korrika batean haiekin hitz egitera etorriko da.

Dialektika oso zorrotza izango da on pedrorekin eta amarekin erabiliko duena. santxo r-ek ez du hitzik esango.

santxak on pedroren azken hitzak entzun ditu.

 

SANTXA: Nire izateari dagozkion eginbeharretara itzuli?! Jakizu jauna, zu eta zeu bezalakoak zaretela Eliza putre etxe bilakatzen duzuenak! Sugetzar halakoak!

AMA: Santxa!

PEDRO: (amari) Lasai, anderea. Ez daki zer dioen ere, gajoak!

SANTXA: Jakinen ez dut bada! Gazte zintzo fededun bat bezala agertu zinen nire aurrean. Konfidantza osoa eman, eta zer jaso dut ordainetan? Traizioa! Hasieratik garbi zenuen asmoa. Orain gauzatu duzu. Zein izanen da hurrengo urratsa? Kontuz Santxo, kontuz. (pedrori) Nahi zenuena lortu duzu, zorionak! Baina ez naiz ni zure aurrean makurturen, ez horixe!

PEDRO: Harrokeria horrek jasoren du Jaungoikoaren zigorra.

SANTXA: Eta zure goranahiak Jainkoaren onespena izanen al du? Zu eta zeu bezalakoak ari zarete Elizaren arauak egiten. Eta arau horietatik kanpo bidali gaituzue Elizaren zerbitzari leialak izan garenok. Besterik gabe. Nik ez dut armarik, ezin dut nirea berreskuratzeko lehian sartu. Eta hori ez da bidezkoa. Ez da zuzena. Indarrean kendu didazue hitzez irabazi behar zenutena, zuen hitzei, ordea, indarra falta zaie. Emakumea naizenez, eskubideak kendu dizkidazue, baina sinesmenak eta pentsamenduak ez du gizon izaerarik behar.

PEDRO: Inork ez du indarkeriarik erabili, Gregorio gure Aita Santuaren hitza betetzea izan da gure asmo apala.

SANTXA: Apaltasunak ere indar anitz gorde dezake. Eta indarkeriak kolore asko har ditzake, ez du zertan odolarena izan behar. Indarkeriaz ukatzen zait niri gotzain izateko eskubidea.

AMA: Jesus eta bere apostoluak gizasemeak ziren. Haien artean ez zegoen emakumerik. Ez dakit zergatik tematzen zaren. Norberak bere lekua du mundu honetan.

SANTXA: Eta norberak bere denbora du. Jesus eta apostoluak bizi ziren bezala ez gara gu gaur bizi. Bizitzak aurrera egin du, eta urteetan hedatu den bizimodua eta eskubideak bortxaz desegin behar ote dira? Ez gabiltza sinesmenari buruz hitz egiten, ez; eduki nahiari buruz baizik. Eta hor ez du Jainkoak zer ikusirik.

AMA: Denean du Jaungoikoak esku hartzea.

SANTXA: (amari) Ezin uler dezaket berorrek ni tartetik kentzeko egiten duen ahalegin sutsua. Inork baino ardura gehiago hartzen du, ni bazter nazaten. Ezin konpreni dezaket berorren portaera.

PEDRO: (Moztuz) Santxa anderea, berorrek ederki gobernatu du Eliza, denbora labur honetan, berorren etxea balitz bezala. Baina aitortu behar diot, halako zereginek gartsuago den eskua behar dute. Berorrek dioen bezala, sinesmenaz ari garenean bost axola gizonezko ala emakumezko, baina Erlijio Santuak mundua gobernatu behar duenean, Salbatzaileak esandakoa onartu beharra dago.

SANTXA: Salbatzailea nirekin dago, nire hitzak berak esanak dira: egizue guztiok egia zabaltzeko ahalegina.

SANTXO R: Santxa, hoberena bolada batean behintzat, Serosera joatea zenuke. Atseden hartu ondoren, hitz eginen dugu.

SANTXA: Ez iezadazu esaneko txakurra izateko eskatu, nagusiak agindutakoa burumakur beteren duena. Ez. Denborak arrazoia emango dit-eta.

 

santxak handik alde egingo du. Argia jaitsi. Eta on pedro eta ama desagertu egingo dira.