BIGARREN ESZENA
engraxi, urraka eta santxa eszena tokiaren alde batetik aterako dira. Desagertu orduko, beste aldetik, hiru kaikuak sartuko dira.
1. KAIKUA: Hona, hona... zatozte, hau toki lasaia da, hara, zuhaitz honek itzal ederra ematen du gainera!
2. KAIKUA: Hemen paper batzuk daude.
3. KAIKUA: Zuk leitzen ba al dakizu, ala?
1. KAIKUA: Jakinen ez dut bada! Hara hemen esaten du (irakurtzeko plantak eginez, paperak hartu eta 1. kaikua eskutik hartu eta errezitatuz)’
“O, ene amore kuttuna
o, ene laztana
hainbeste egun zugandik urrun
1. kaikua eta 2. kaikua antzerkia egiten hasiko dira.
3. KAIKUA: Isilduren ote zarete, zer nahi duzue egur gehiago jaso?
1. KAIKUA: Ez, ez, (adarra joaz) otoi, arren, jaun agurgarri hori, berorren esanetara... zer nahi du, nagusi jaunak?
2. KAIKUA: Tira, ekar ezak txirula, musikak piztiak baretzen omen ditik-eta!
Bata txirula joaz hasiko da, eta bestea berriz, kantari, hirugarren kaikua ere kantuan jarriko da.
Kopla hauetan, santxak Urbano ii.arekin izandako solasaldiaren berri emango da.
Baita Garcineida izeneko liburuaren berri ere emango da, alegia, santxak Urbano ii.ari Erromara egindako bisitaldian jaso eta jasan zuena kontatzen da; bertan ikusitako aberastasuna, bizioa, eta gehiegikeria. Eta santxak berak, Urbano ii. eta bere hiru laguntzaileekin izan zuen eztabaida biziaren berri ematen da. Liburu hau Garcineida (ustez) santxak berak idatziko du. Eta hiru kaikuek honi buruz ere kantatuko dute.
Doinua: Sorterriko koplak
Artzapezpikua aurren
Santxa kondesa ondoren,
fede oneko bi erromesak
Erromara heldu ziren.
Pedro deunaren elizan
otoitzean ziren izan
Jaunaren nahiaz Aita Santuak
bere etxean har zitzan.
Fedea esperantza haina,
Santxak argi zuen baina,
zergatik ezin zitekeen izan
emakumea gotzaina?
Elizaren jauregian
bekatua aurpegian
Aita Santua aurkitu zuten
bakanal baten erdian!
Hura ardo edatea!
Hura arkume jatea!
Halako zerbait izan behar zen
infernuan egotea.
Zanga-zanga, zurrut-zurrut,
baziren han gotzain batzuk,
Jesusen ama salduren zuten
ardo arroa baten truk.
Hitz soil bat egin baino lehen
Urbanok “aski” zioen,
inon zerurik baldin badago
bera ez da han sarturen!
Besteontzat predikatu
eta beretzat bekatu,
konfesatzeko grazia balu
baleukake zer kontatu!
Arrunt penatu zen Santxa
hura aldarte mudantza!
Egun berean galdu zituen
fedea eta esperantza.
Akabo solasaldia,
guztiz galdu zen ardia.
Arlote mozkor tripaundi bat da
Elizaren gidaria!
Erromako putre denen
berri izateko hemen,
Gartzianeidak zabalduren du
Elizan egia zein den.
Egun hartan gertatua,
paperean iltzatua,
jendeak jakin dezala nor den
Urbano Aita Santua.
(Koplak: Xabier Paya)