Borroka ala ihes
Jokin Apalategi
Borroka ala ihes
Jokin Apalategi
Utriusque Vasconiae, 2017

 

I. AGERRALDIA

 

Jokaleku berria da. Etxe pribatu bateko edozein gela izan liteke. Oihala jasotzean jon bakar-bakarrik ageri da. Gelan alde batera eta bestea mugitzen dabil.

 

JON: (Oso poliki eta sakon itxura emanez). Egun beltzak izan ziren ostatu unibertsitariotik etxera itzuli nintzeneko haiek. Hura nahaspila. Hura iskanbila. Nire etxekoek oso mentalitate itxikoak dira. Zuzenak, bai, baina legalista hutsak. Abelera hartan etxetik ihes egitea erabaki nuen. Baita egin ere. Arrazoiak banituen. Alde batetik ezin konpondua. Bestetik, nire idealak praktikara eramateko beharrezko zitzaidan hurruntzea. Ez ezagunen artera joatea. Giro berrira, alegia. Bestela, konturatu baino lehen, zer esango dutenen kezkak zapalduko ninduen. Baina, nola ideal haiek praktikara eraman? Hara, sasiko bizitza zeraman talde baten aditzea izan nuen. Gure herriari galzorian zeukan nortasuna itsasten laguntzen zion. Haiekin topo egin nuen, eta geroztik (Une horretan begoņa bere emaztea sartuko da gelara. Aurpegia erabat margotua darama).

BEGOŅA: Orain ere aktibitaterik gabe? Harritzekoa da! Honela ongi konpon gaitezen nahi al duzu? Badakizu probetxu gabeko pertsonarik alboan ezin dudala jasan.

JON: Ixil zaitez “mulier oekonomika” hori! Zuretzat munduan dirua beste balorerik ez dago.

BEGOŅA: Ongi dakizu ezetz! Niri emaizkidazu gauzak, janariak bezala jostailuak eta beste oro hutsa da. Kontutik bizi direnentzat beste mundu horrek balorea izango du, baina kontu zaleentzat da guzti hori.

JON: Dirua eta eskuekin ukitzen diren izakiak dira zure zoramena.

BEGOŅA: Zurea, berriz, ezereza, imaginarioa...

JON: Ideal oro orduan ezereza da zuretzat.

BEGOŅA: Niretzat ez dio horrek axolik. Hori bera ere idealismo hutsaren emaitza da.

JON: Zergatik ez duzu hala dena ikusi nahi?

BEGOŅA: Esistitzen ez denik ezin ikusi.

JON: A zer premia dagoen, gure gizartean, ideal sakon eta dinamikoena!

BEGOŅA: Dirua, jatekoa, aurrerapena, eta kitto!

JON: Ontzat ematen ditut zuk izendatuak, baina...

BEGOŅA: Baina, zer? Azkenean uko!

JON: Horiek geroz eta hobe eta gehiago behar ditugu, noski.

BEGOŅA: Hori horrela bada, zergatik zabiltza horietatik ihes?

JON: Horiei sostengua eta zentzua emango dizkieten idealak daude nire jokabidean helburutzat.

BEGOŅA: Gauza horiek dauzkanak ez du beste ideal beharrik. Izatekotan ere osasuna!

JON: Materialista hutsa zara erruz!

BEGOŅA: Zu zeu berriz idealista! Nik dakidana da, esposatu ginenez gero, nire kontura bizi zarela.

JON: Herria zerbitzatzen nabil, eta denona da betebehar hori.

BEGOŅA: Zu zeu behintzat nire kontura bizi zarela esango dut berriro.

JON: Ni laguntzean, zeharka, baina, zerbitzatzen duzu zuk zeuk ere.

BEGOŅA: Horrek ez nau pozten.

JON: (Etsipen keinu bat eginez) Aspaldian hainbeste borroka dabilgu gauza hauekin, eta oraino ez zaizu bururik idekitzen!

BEGOŅA: Zure egoerak nazka dagit!

JON: Ez al dakizu ekintzetatik hautsia natorrela?

BEGOŅA: Eta zer, laguntza bat ukan arren nirekin esposatu al zinen?

JON: Berbera! Zu zeu ere, herri honetako alaba zarenez, herria osatzeko ekintzan parte hartu beharrean zaude!

BEGOŅA: Lerdo hori! Berriz ez dut horrelako baieztapenik zuregandik entzun nahi.

JON: Zu zeu zara ixildu behar duena, hoin zurekoi zarelako!

BEGOŅA: (Mindurik) Losagabea! Oraindik nirekoi deitzen nauzu.

JON: Bai, eta berriz ere deituko zaitut, aldatzen ez bazara.

BEGOŅA: Nola ez bada, eta aurrerantzean ere, hala pentsatzen jarraituko dut.

JON: Norekin zabiltzala uste duzu? Hor konpon!

 

(Kanporako doa. Isilune bat egiten da)

 

BEGOŅA: Igaroko zaio! Gaur nire honek du erru guztia! Ni neu hasi banatzaio kontuak eskatzen. Baina, arrazoidun ni neu naizela uste dut. Bizimodu honetaz asperturik nago. Beti bakarrik nago, eta datorrelarik esku hutsik dator. Honetarako esposatu al ginen? Askoz hobeki bizi nintzen bakarrik. Ideal beroak ditu, baina, hutsak dira niretzat. Berriz ere bakarrik bizitzea nahiago dut. Zoriontsuago izango naiz. Irripar bat zor diot nire buruari. Ez gaitezen beti serio bizi. Bakarrik bai, nahiz eta...

JON: (Berriro gelan sartzen da. Esku artean eskutitz bat ageri du. Oso alai dago). Hau poza, hau atsedena! Ostera nire lagun zahar haiekin elkartuko naiz.

BEGOŅA: Enbustero lakats! Horrela bakeak egingo dituzulakoan al zaude?

JON: Zuk ez duzu idealik baloratzen, baina, beraiek badute horren zentzua.

BEGOŅA: Eta zer, beraiekin parekaturik neurtzen al nauzu?

JON: Neurtu ez, eredu bezala jartzen dizkizut.

BEGOŅA: Ni baino maiteago al dituzu?

JON: Hori ez da hitzez adierazten dena.

BEGOŅA: Ez horixe, ekintzen bidez frogatu behar da.

JON: Txorakeriak utz itzazu kanpoan.

BEGOŅA: Egia, egia osoa! (Nazka keinu bat egiten du) Oraintxe asperturik nago zure alboan bizitzeaz.

JON: Baita ni neu ere zure harrera txarrak jasateaz.

BEGOŅA: Nire kasa bizitzea ere pentsatzen hasita nago.

JON: Nire idealak bilakarazteko, ez pentsa traba izango zaidanik zure erronka.

BEGOŅA: Hori al da nik zuretzat daukadan balioa?

JON: Gaur, nire begien aurrean gehiagoz jartzen ez bazara ere, berdin zait.

BEGOŅA: Ez gaur, ez bihar, eta ez etzi. Gehiagoz ez nauzu ikusiko.

JON: Lehendik ere, ohiturik gaude elkar ikusi gabe bizitzen.

BEGOŅA: (Kixkaltzen dago) Ez, ez dut jardun nahi horrelakoa izaten!

JON: (Erabat bigunduta) Lagunak aurki izango dira hemen eta harrera presatzen hasi behar gara, mokoka jardutea baztertuta.

BEGOŅA: Zeuk presta ezazu! Ez dizut oztopo haundirik egingo. Nirekikoak eginak dituzu!

JON: Egin mokoa, segi horri! Ez al dugu nahikoa?

BEGOŅA: Bai, betirako dugu nahikoa!

JON: Damutuko zara, hor konpon!

BEGOŅA: Zertaz damuturik ez dut izango.

JON: Denbora izango da lekuko.

BEGOŅA: Etsi dut zure alboan.

JON: Atsegin diezazula!

BEGOŅA: (Inguruan ageri diren bere trikota eta beste jantzi batzuk eskuan harturik kanpora joateko prestatzen da) Orain banoa! Aspertu naiz idealista baten ipuinak entzuten. Jakingo dut zeure bizimoduan nola moldatzen zaren! Agur! (Kanpora doa)

JON: (Isilune bat gordetzen du) Horrenbeste borroka!

            Bai, modu guztietako borrokak gizarte honetan! Eta zergatik? Aurretik igaro den askok euren konpromisoari ihes egin diotelako. Orain gizarte giroa eta egiturak gaixorik daude. Aurreko haiek egin gabe utzi duten guztiaren zama gure gain dugu. Eta zer, guk astindu egin behar. Bizitza gogora da, baina, horrela hartzeak badu zentzurik. Idealak eskatzen digunean, bizia ematen ere jakin behar dugu. Baina, pentsaketan jardun ordez, gela prestatu behar dut. (Alde batera eta bestera ibiliko da gauza bat hartu eta beste bat utzi. Azkenik, eseri egiten da) Horrela egoki egongo da. Bai, nire lagunen aitzinean itxuroso agertu behar naiz. Hainbeste merezi dute. Une bat lo txurrusta egiteko hartu behar dut. Bertan, mahai ertzean burua emango dut. (Lo posizioan jarririk, denboratxo bat hortan irauten du. Esnatzearekin sutan jartzen da. Zutiturik hitz jario hasten da). Baina, lagunak bai, nire lagunak! Gaur eskutitz bat hartu dut. Iņakirena da. Orain, lagun zahar haiekin aurkitzea gogoko dut. (Eskumuturreko ordulariari so jarriz) Seinalatutako ordua igaro da, eta inor ez da ageri. (Gogor) Jostailutzat ez ninduten ba hartuko? Etsai bihurtu ote dira? Beste unetxo bat itxoingo dut, eta inor ageri ez bada, urkatu ninteke. Bai, inguruan horrelako gauza asko gertatzen ari omen da. Ezin dugu, arduraz jarduten dugunon bizitza, txerri jostailu bilakatzen utzi. Lozorro horretatik hurbilenekoak atera daitezen, zerbait haundia egin beharrezko garaia heldu zaidala, esango nuke. Nire idealengatik egin dezakedan haundiena, bizia eskaintzea da, noski. Baina, urkatzearekin ezer lortuko al dut? (Pentsatzen jartzen da) Bai, baietz uste dut. Horrelako jazoera bat sonatua izan daiteke. Gutxienez ezagunen artean kezka sortuko du. Gure axolagabekeriak, ez ote du erabaki hori bultzatu?, galdetuko diete euren buruei. Eta hori ez al da ekarpen bat lozorrotik aterazteko? Gizarte arduratsuago baten alde, zer gehiago egin dezaket? Bai, urkatu egin behar naiz. Zer nola urkatu egin ninteke? (Pentsatzen jarrita) Aa, bai! gerriko eder bat daukat. (Gerritik kendu eta erakutsiz) Honekin urkatuko naiz! Nire bizitzako gora-behera askoren lekuko da. Baina, aurrez mezu batzuk idatzi behar ditut. Norbait agertuko denean irakur ditzan, berandu ailegatuko baita. (Eseri eta idazten doana ahots ozenez adierazten du). “Urkatu egin naiz, baratzeko gereziondo zuhaitzetik zintzilik. Jon! (Jeikiaz beste hau ere dio) Banoa, betiko noa! (Eskubiko atetik irteten da).