Borroka ala ihes
Jokin Apalategi
Borroka ala ihes
Jokin Apalategi
Utriusque Vasconiae, 2017

 

III. AGERRALDIA

 

(zuzendaria eta zaindaria)

(Eskubiko atetik sartzen dira. Oso serios eta problematiko)

 

ZUZENDARIA: Orain, herrian zehar giro astuna izango dugu aurka. Herri osoa hemengo gertakariez hitz egiten ari da. Gure jokabidea beldurtitzat epaitzen duenik ere anitz bada.

BEGIRALEA: Bi ezpataren artean hartuak gaude. Baina, gure aginteak honetarako ere dira. Beste modu batez jokatu izan bagenu ogibidea galduko genuen. Baina horretara heltzea ez zaigu inori eskatzen.

ZUZENDARIA: Ustez erabakita utzi genuen, baina, beraiek kausatu zuten gure plangintzaren porrota.

BEGIRALEA: Herriak horren berririk ez baitu.

ZUZENDARIA: Gizakien epaiak honelakoak izan ohi dira.

BEGIRALEA: Borondate onez jokatu eta harrera txarra.

ZUZENDARIA: Kritikarekin eskertzen digute.

BEGIRALEA: Ixilpeko mila bihozkada, ur hotzez estaliak dira.

ZUZENDARIA: Lurpean legamiaturik, ernemuin gori bilakatuko dira.

BEGIRALEA: Itxaropenean babestu behar.

ZUZENDARIA: Igaroaz ahantz gaitezen! Aurrera begira jarririk, nola irten gintezke une larri honetatik? Giroari zapal gaitezen libro utzi behar al diogu?

BEGIRALEA: Ez, hori inolaz ere ez! (Ahotsaren erabilera aldatu du). Herri giroa menperatzeko zer bide dugu?

ZUZENDARIA: Agintariei laguntza eskatu behar diegu. Orain arte guk babestu ditugunez, zerbait lagunduko al gaituzte.

BEGIRALEA: Euren itzala jasoko bagenu, salbatuak aurkituko ginateke.

ZUZENDARIA: Erregutu egin behar.

BEGIRALEA: Zer laguntza mota otoiztu dezakegu?

ZUZENDARIA: Gogoetatu egin behar (Mimika bat egiten du). Agintariek behintzat ulertuko al digute!

BEGIRALEA: Gizaki legez ari badira, lagundu behar gaituzte. Bi etsai aurkari baititugu.

ZUZENDARIA: Bat esango nuke nik, baina, beste guztia elkarturik bezain indartsua da bakarra.

BEGIRALEA: Bat edo bi bezala hartuagatik berdin izango dio. Gorabehera da, etsaiak ditugula.

ZUZENDARIA: Herri giroa dugu etsai!

BEGIRALEA: Eta hori nola zapaldu?

ZUZENDARIA: Gu bezalakoak herri girorik ezin lezake menperatu.

BEGIRALEA: Zer diozu galduak garela?

ZUZENDARIA: Ez, nire iritzian irtenbiderik badugu.

BEGIRALEA: Ager iezadazu lehenbailehen!

ZUZENDARIA: Eta nik uste dut, horrela jardunez giroa ere menperatuko dugula.

BEGIRALEA: Horren bila gabiltza!

ZUZENDARIA: Aske bilakatukoi garela pentsatzea, pozgarri zait.

BEGIRALEA: Baina, nola izango da hori?

ZUZENDARIA: Pare bat urterako hemendik aldatzeko eskatuko diegu.

BEGIRALEA: (Aurpegia nabarmen tristeturik) Besterik ezinean, onartu egingo beharko da.

ZUZENDARIA: Ikusten dudanez ez zaizu gogoko?

BEGIRALEA: Adin honetan eta bizimodua eratuta denean, aldaketak ez dira atseginak.

ZUZENDARIA: Gainera, gazte horien aldeko jarreratzat agertu behar dugu.

BEGIRALEA: Agintariek ez digute onartuko horrelako agerpenik egin dezagun.

ZUZENDARIA: Jokabide horrekin giroa lasaituko dela irakasten badiegu, onartuko digute.

BEGIRALEA: Agertzeko orduan diplomazia erabili beharko dugu.

ZUZENDARIA: Prestatzaile burutsua beharko dugu.

BEGIRALEA: Jendetasun hori duenik gure inguruan nola atxeman?

ZUZENDARIA: Nik kontrolatuko dut betetze-lan hori?

BEGIRALEA: Prestatzen has zaitez lehenbailehen.

ZUZENDARIA: Gaur bertan hasiko naiz hori egiten.

BEGIRALEA: Dauzkazun lan guztien gainetik hori prestatu behar duzu.

ZUZENDARIA: Ulertzen dizut! Lehenbailehen erabaki garbi bat begiztatu nahi duzu.

BEGIRALEA: Aspaldi honetan horrek zorabiaturik nauka.

ZUZENDARIA: Ibaia ubidetik irtena baita.

BEGIRALEA: Itsasontziak jarrioa du.

ZUZENDARIA: Zergatik bizitza hainbeste konplikatu! Zegoen eran ongi ez al zegoen? Naturaren erritmoan ez al genbiltzan?

BEGIRALEA: Gaztea harroa da berez.

ZUZENDARIA: Aitzetik gabiltzanengan ez al daukate konfiantzarik?

BEGIRALEA: Adinak konformitatea ere ekarriko die.

ZUZENDARIA: Eta dena alferrikakoa dela pentsatzea!

BEGIRALEA: Sorturiko egoerari amaiera eman dezaiogun betirako.

ZUZENDARIA: Bai, ni ere lanera itzuli behar naiz.

BEGIRALEA: Joan zaitez!

ZUZENDARIA: Sikira, honela menderatuko bagenu arazo hau!

BEGIRALEA: Horrenbeste nahigabez lehartuta nago!

ZUZENDARIA: Banoa! (Kanpora irten da)

BEGIRALEA: (Bat-batean oso alai) Hau zoriona, kezka hauek honela itotzen badira! Gazteak? Kontuak ateratzen ikas dezatela! Mundu hau txantxetan ez da hartu behar. Bizitza bera da maixurik onena! Konformista izaten ikasiko dute, bestela eurentzat okerrago! Orain, atsegin har dezaket argi bat, piztu baitzait!

 

oihala