Borroka ala ihes
Jokin Apalategi
Borroka ala ihes
Jokin Apalategi
Utriusque Vasconiae, 2017

 

IV. AGERRALDIA

 

begiralea eta zuzendaria. begiralea, urduri xamar, gelan zutik, alde batera eta bestera dabil.

 

BEGIRALEA: Begiralea, deitzen didate! Begiralea, alajaina! Nortasun bat ez al dut? Nortasuna baino garrantzizkoagoa al da bizimodua? Ez al da izango! Nik neuk ere gorroto dut daramadan bizimodua. Nortasuna bizimoduarekin nahasten bada berriz, nire nortasuna gorrotatzen dut. (Gogor) Ez, ez! Bizimoduaren morroi ez naiz! Nortasuna maite dut! Baina, bizimoduak ez al du nortasuna itotzen? Zergatik bizimodu hau onartu dut? Beti menderatua, kezkatua bizi naiz! Bizi beharrak hiltzen nau. Nortasuna erreus bihurtzen dit.

ZUZENDARIA (Atetik): Zu al zinen hor?

BEGIRALEA: Ez nintzen ni, beste batzuk ziren!

ZUZENDARIA: Nola ez zinela zu, bakarrik ez al zaude?

BEGIRALEA: Ni naiz, bakarrik nago!

ZUZENDARIA: Orduan, zer ari zara hemen?

BEGIRALEA: Nire aurretik beste batzuk zeuden hemen. Ni, oraintxe etorri naiz!

ZUZENDARIA: (Harrituta) Nola beste batzuk hemen, ordu honetan?

BEGIRALEA: Bai, beste hiru!

ZUZENDARIA: Nortzuk ziren?

BEGIRALEA: Bi idazleak eta Jon

ZUZENDARIA: Jon esan duzu? Beste biekin ez al genuen nahikoa?

BEGIRALEA: Bera gogorren agertu da, kezkatuta zegoen!

ZUZENDARIA: (Susmoz betetako ahots batez) Lehenagotik ere banuen zerbaiten aditzera: ikusten, ikusten!

BEGIRALEA: Mutil argia da, baina, esperientzia falta du...

ZUZENDARIA: Agintarien planak betetzen badira, bizia zer den frogatuko diete.

BEGIRALEA: Gogor al daude?

ZUZENDARIA: Azken elkarrizketan oso gogor azaldu dira: mugimendu hau, zainetik ebaki behar dugula, agintaritzaren pisua argi jarri, espiritu sutsudunak, kanpora bota, eta... auskalo zer gehiago aipatu dituzten.

BEGIRALEA: Hau da konpromisoa! Hau lana!

ZUZENDARIA: Horrelakoetan, gu gara beti galtzaile! Goikoekin ondo gelditzean, behekoekin gaizki gara. Ez ote dago bi muturrak batzerik?

BEGIRALEA: Zer nahiago nuke nik! Baina, nola daiteke hori?

ZUZENDARIA: Zerbait pentsatuta daukat nik!

BEGIRALEA: (Hitzak mimikaz laguntzen dituelarik) Bi aldeak batzeko moduko zubia sortu ahal baliteke!

ZUZENDARIA: Gazteak makurtuaraztea litzateke biderik errazena!

BEGIRALEA: Ez nuke konpromiso hori hartu nahiko.

ZUZENDARIA: Izerdi gabe lortuko dut.

BEGIRALEA: Ez urezkoa, odolezkoa ere ixuri beharko duzu.

ZUZENDARIA: Horretarako, elkarrizketa paratuko dut.

BEGIRALEA: Nortzuren artean?

ZUZENDARIA: Gazteen eta agintarien artean, noski!

BEGIRALEA: Agintariak ez dira hauei entzutera makurtuko.

ZUZENDARIA: Aurrez, nire plangintzaren berri emango diet.

BEGIRALEA: Gazteekin parekatzen dituzula epaituko dute.

ZUZENDARIA: Ohoreturik irtengo dira.

BEGIRALEA: Nola daiteke hori?

ZUZENDARIA: Agintarietara agertzeko aginduko diegu gazteei. Haiei modu egokian hitz egiteko. Apaltasunez egindakoaren berri emateko. Inor ez zutela mindu nahi, esateko.

BEGIRALEA: Hori guztia zentzuduna deritzait.

ZUZENDARIA: Agintariei berriz, damututa daudela, huts egitea aitortzen dutela, bakean eta mendean jarrai nahi dutela, eta hau adierazteko elkarrizketa eskatzen dutela.

BEGIRALEA: (Pozez beterik) Horrela aske, trabarik gabe, denekin ondo amaituko dugu!

ZUZENDARIA: Bai, konpromisotik libre!

BEGIRALEA: (Eskua gibelera eramanaz) Gibeleko minaz nengoen, eta orain zeharo osatu naiz.

ZUZENDARIA: (Hizkera harroputzez) Gure egitekoa zer da ba, bakea sortzea baizik!

BEGIRALEA: (Pentsatuz eta sentituz) Bakea eta maitasuna behar ditugu munduan.

ZUZENDARIA: Ez dio axolik nola, baina, bakea eta maitasuna dakartzaten ekintzat, txalogarriak dira beti!

BEGIRALEA: Bakea sortzea, ez da neketsua, noski?

ZUZENDARIA: Ezta arina ere.

BEGIRALEA: Une honetan dena deritzait erraza.

ZUZENDARIA: Goikoen esanetara, behekoak ekar ahal izanez gero, erraza da. Bien arteko lotura egingo duen lokarria landu behar denean, zaila da.

BEGIRALEA: Gaurko gizartean Zuzendari agintea betetzeko zerbait berezia behar da.

ZUZENDARIA: (Hori berari dagokiola sinistuta) Egia, kargu pisuak dira hauek! Ondo eramateko burutsu izan eta diplomazia handiz jokatu behar da.

BEGIRALEA: Nik dudan kargutik kalkulatzen dut, Zuzendari batena, zer pisutakoa izan behar duen.

ZUZENDARIA: Zu bezalako begirale zintzoak gutxi aurkitu ohi dira.

BEGIRALEA: Eskerrik asko, egindako laudorio horiengatik

ZUZENDARIA: Ez da gurekoiak garelako, baina, pertsona eta gauzei daukaten izena jarri behar zaie.

BEGIRALEA: Arrazoi du! Argi eta garbi agertu beharrrezkoak dira.

ZUZENDARIA: Toki ugaritan daukaten agintea pratikatu dut. Mota denetako begiraleak ezagutu ditut, baina, hain zintzo nire aginduak betetzera prestatzen den gutxi aurkitu izan dut.

BEGIRALEA: Haurtzarotik dakart obeditzeko erraztasuna.

ZUZENDARIA: Dohain hori gaurko gazteriari itsasten ahalegindu zaitez!

BEGIRALEA: Jokabide egokiaren diploma, niretzat zen beti! Lagunek santu nintzela zioten.

ZUZENDARIA: Obedientzia zentzumena galdu da gure gizartean.

BEGIRALEA: Zergatik ote?

ZUZENDARIA: Ez dakit, baina, ez dut inon aurkitzen. (Etsimen keinu batekin) Ez gaitezen problematiko jarri, gure bizitzako arazo sendoenetako bati erantzuna aurkitu diogunean.

BEGIRALEA: Atsedena behar dugu. Nekatuak gaude. Ez al da horrela?

ZUZENDARIA: Bai, gorputza hautsia daukat. Eta adimena zer esanik ez! Bihar beste egun bat izango da bai, eta bizi denak zer egina izango du!

BEGIRALEA: Goazen! (Buruarekin keinu eginaz. Badoaz).

 

oihala