II. AGERRALDIA
(lehengo biak, gehi arantxa eta iņaki)
arantxa eta iņaki ezkerreko atetik sartzen dira. Oso serio eta problematiko. Barruan direnei kasurik egin gabe, aurrera igarotzen dira. Elkarrekin hizketan sartu eta jarraituko dute. Bitartean jokagelen lehendik zeuden biak sartu berriak direnak ulertu nahirik harriduraz begiratzen dituzte.
ARANTXA: (Atean sartzearekin bat mintzatuz). Nola bateratu egia eta kontzientzia? Kontzientziak agintzen didana eginaz egiaren aurka baldin banoa. Egia zer da orduan? Egiarik bai al da?
IŅAKI: Egiak izan behar du? Bestela ez ginateke haren bila jardungo. Ez genuke maiteko. Hala ere, gertakaria eta haren interpretazioa bereiztu behar ditugu. Zinezkoa eta egiazkoa, alegia.
ARANTXA: Egia modu abstraktuan izango da. Kontzeptu denez izatea ere edukiko du. Baina, egia inoiz haragitu al da gizartean? Bizi al da gure artean? Mundu honetan ematen al da?
IŅAKI: Bai, egiaren printza ederrik ageri da: maitasunaren bihozkadak, adibidez. Benetakosunaren sufrikarioak ere, bai!
ARANTXA: Baina, egia osorik inork ba al du? Gizaldiz gizaldi ez al doa borobiltzen?
IŅAKI: Bila gabiltza, eta zipriztinka agertzen zaigu, noski!
AMAIA: (Dagoen tokitik arantxa eta iņakiri zuzenki begira) Guk dugu egia osoa! (Esaldi hau entzutean, arantxa eta iņaki hurbiltzen zaizkio)
ARANTXA: Nortzuek, zeintzuek daukate egia osoa?
AMAIA: Betidanik ez al dugu entzun, egia oro guk daukagula? Eta guk bezala pentsaten ez dutenak guregana itzuli beharrean daudela?
ARANTXA: Hori nola liteke, mundua osatzen ari bada, eta gizakia mugatua denean?
AMAIA: Egia eman zitzaigun eta gurekin daukagu geroztik!
ARANTXA: Eman dezagun egia eman zitzaigula... ondo dago! Baina egia osorik bizi al dugu? Gure egia landare xalo bat ez al da? Ez al dugu hura osatzen saiatzeko agindua?
AMAIA: Horrela adierazirik, egiaren izaera, itxurazko dagit, baina ez dezagun ahaztu gurekin daukagula!
ARANTXA: Bestela, nola uler daiteke, bi gizatalde, egizale porrokatu, aldi berean emanik, bata bestearekin ezin adostuz bizitzea? Are gehiago, gizatalde berean bi egizale elkar ezin ikusirik ibiltzea? Gizakiak oro, ez al dira egizaleak?
IŅAKI: (jonengana begirada bideratuz). Jon, esatekorik ez al daukazu? Ixilik zaude! Zergatik?
JON: Zuen kezka horiek, nireak egiten ditut. Are gehiago, kezka berri bat plazaratuko nuke.
IŅAKI: Duzun kezkak ixilik edukitzera eraman bazaitu, ixuri ezazu!
JON: (Eserlekutik jaikiaz) Gelan sartze beretik, gai sutsu batez, irmo mintzatu zarete. Zer dela eta sortu zaizue eztabaida hori? Berri mingarriren bat jaso al duzue?
IŅAKI: (Entzulegoarena bihurtuz sentimentu handiz) Bihotza zulatu digute! Bihotz jario gaude!
AMAIA: Berri okerreren bat jaso duzue orduan?
IŅAKI: Ez dakigu okerrerako edo zuzenerako bidea hartuko duen, baina, baretasuna aztoratu digute.
ARANTXA: Ustez ondo jokatu, eta erantzunez zitalkeria bat jaso dugu!
JON: Noren erantzuna duzue? Zertaz?
ARANTXA: Gertakizun hau gauzatu zenetik egun gutxi igaro dira. Ezaguna zaizue, noski. Gure Herriko zenbat gaztek euskal nortasuna zizelkatzeko asmoz egin dutenak nahasi gaitu. Jende multzo baten jokabidea izan da. Lekuko agintariek eskoletan, unibertsitatean, udaletan, lantegietan euskal nortasuna ezabatzeko daramaten jokabide politiko jarraitua salatzeko, karriketara elkarrekin jautsiaz egin duten protesta saioak, alegia. Agintariek, hori ikusirik, sutan, manifestariak makilapean hartzeko agindua eman zieten ordena gordetzeko kargua duten indar ofizialei. Azken hauek, bistan da, agindua bete egin dute.
(amaia kontakizunarekin arduraturik ageri da)
IŅAKI: (Esango duen hitz bakoitzari bizi karga sentitua erantsiaz). Guretzat berri tristea, benetan gogorra!
JON: Ni ere goibeldurik utzi ninduen han bizitako ikuskizunak.
ARANTXA: (Orain iņakiri begira jardungo du) Ustekabean, karrikan topo egin genuen jende multzo ikusgarri harekin.
IŅAKI: Gogozko sinbiosi bat gertatu zen!
ARANTXA: Gazte haiei emandako makilakadak manifestarien aldean iltzatu zuten gure gogoa.
IŅAKI: Orduan, berean, erabaki firmo bat hartu genuen!
ARANTXA: Agintariei idatzi gogor baten bidez gure protesta bidali genien. Gure gaitzespena historiarako ere utzi nahi izan genuen. Deiadarra zen!
IŅAKI: Mezuak gizakiaren errespetua aldarrikatzen zuen.
JON: Ni ere, horretan, zuen multzoan sailkatzen naiz.
(amaiari beldurra eta larridura sumatzen zaio azken lekukotasunaren ondorio)
ARANTXA: Egun, atzerriko irrati libreek ere deiadarraren berria zabaldua dute.
IŅAKI: Zaila jarri da gizarte giroa.
ARANTXA: Agintariek txakur amorratuak dirudite.
IŅAKI: Inguruko jendea irekiten jarri da.
ARANTXA: Une gogorra da!
IŅAKI: Azken albisteak, dioenez, agintariek gure jokabidea zainetik mozteko edo, erabaki zentzagarri bat hartu nahi dute gurekiko.
JON: Zehatzagoko berririk ez al daukazue?
IŅAKI: Ikastetxeko zuzendariarekin hitzordu bat eduki dugu.
JON: Aipatu kezken funtsa hori al da?
ARANTXA: Sua piztu duen poxpoloa da hori.
IŅAKI: Txondarra aurrez prestaturik baitzegoen.
JON: Eguzki errainuaren presentzia aski zela pizteko, esan nahi al duzu?
IŅAKI: Hori bera!
AMAIA: (Gehiago jakin gosean) Zigorrik aipatu al du?
ARANTXA: Gaurdainokoan ez dago. Egon da ere, ez gaitu horrek goibelduko.
AMAIA: Hala ere, ez da ezer zigorrik ez badago! (Zigorpetik atera bailitzan, hats hartze zaratatsua egiten du).
IŅAKI: Badugu arazo larriagorik!
AMAIA: Beste arazo bat gehiago?
ARANTXA: Jokabide hau herriaren onerako nola erabili da gure buruhaustea.
JON: Gizaki jokabide guztien xedea dena, noski.
AMAIA: Zuen idatziaz zer dio zuzendariak?
ARANTXA: Idatzitakoaren mamia ez du aipatzen!
IŅAKI: Aldiz, ondoko hauek aipatzen ditu: agintariak kritikatzeko nor ez garen! Gu baino izendatuagoak badirela horretarako. Zuzendariaren eta ikastetxearen fama zikindu dugula. Etabar.
JON: (Odola bero-bero dutela, irekiten daukatela, dirudi) Nola entzun diozue hori guztia? Ez al diozue ihardetsi? Zuen zintzotasuna ez al diozue gogoratu?
ARANTXA: Alferrik da, ez dago zer eginik!
AMAIA: (Zutituaz) Elkarrizketan konpontzen saiatu behar da.
IŅAKI: Esaldi ederra da! Teorian polita ere bada! Praktikan hutsala da, aurrez gogoak aldatzen ez badira.
AMAIA: Baina, gogoak nola aldatzen al diren, da galdera?
IŅAKI: Elkarrizketa soilaz ez behintzat!
AMAIA: Zergatik, ez?
IŅAKI: Zirkulo itxi baten barruan mugitzea litzateke hori. Ez punta eta ez ipurdi! Elkarrizketa konpromisoan garatu behar du, horrelakotzat emateko. Ikusirik zenbat hitz jario eta konpromiso urri dagoen gure artean, sinesgaitz bihurtzen ari naiz.
ARANTXA: Elkarren iritziak entzun ondoren, gainekoak azpikoei berea, izpirik aldatu gabe, ezartzea ez da elkarrizketa. Behin eta berriz, ez al digute hori erakusten? Eta horrela agindua ez badugu onartzen, ez al digute esaten desobedientziaz, egoismoz eta haundinahiz beteta gaudela?
AMAIA: Denak ez dira horrelakoak! Elkarrizketa emankorrik ere badugu gure artean. Ez didazue ukatuko, noski!
IŅAKI: Bai, elkarrizketalarien artean ideiak, gogoak edo mentalitatea berdinak direnean, horrela izan ohi da.
JON: Baina, buru berarekin jokatuko bagenu, konpromiso beharrik gabeko elkarrizketa izango genuke.
AMAIA: Hori da lortu behar duguna: berdin pentsatzera iritsi!
ARANTXA: (Dagoen eserlekutik salto eginez) Nola? Egoera bat berdin epaitu behar dugula? Iritzi derberdinetako jokabideak onartzen ikasi behar dugu.
IŅAKI: (Sutan amaiari itaunka) Gainekoek diotena besterik gabe azpikoek ontzat eman behar dutela?
AMAIA: Meta bat adierazi dut.
JON: Gizakiaren errealitatea kontuan hartuz, meta hori ezinezkoa da!
ARANTXA: Gizakiari askatasun dohaina aitortzen badiogu, meta baten aurrean egon daitezkeen bide desberdinen aukerak ezagutu behar dizkiogu.
IŅAKI: Ederra da meta eta bide batasunaren ametsa, baina, uniformismo errekerimendutik kanpo sortua denean, noski.
JON: Bai, desberdintasuna lantzea sanoa da. Oro berdina balitz, denok berdin pentsatuko bagenu, lan berberak egingo bagenitu, jolas berak praktikatu, gizakien zeregina ez al litzateke astunagoa? Makina ez al ginateke bihurtuko?
AMAIA: Baina, desberdintasuna lantzean, nonnahi eta beti ez al gara akats bila jardungo?
JON: Pertsonen iritzi desberdinak errespetatuz, gizartea da denok epaitu behar duguna. Inori kontuak eskatzeko ezik, guztion ondare diren baloreak topatzeko baizik.
ARANTXA: Ados nago mezu horrekiko! Hala ere, ez . pentsa oraingo ikusketa honekin akatsak topatuko ditugunik.
AMAIA: Honelako ikusketa batean, gazteok ez al dugu zaharragoen, arbasoen ekintza eta jokabide oro mesprezatzeko arriskurik?
IŅAKI: Arrisku sendoa, gainera! Anitzetan egiten dugu oker hori! Zergatik ez aitortu!
JON: Zaharrek ez al dute gazteekiko arriskuaren beste ertza okupatzen?
ARANTXA: (Entzun berria birretsi nahirik) Benetako egia hori da! Gazteriaren ekarpen berri oro deuseztu. Mundua osotasun bikainenera ailegatua dela aitortu. Zaharren mentalitatetik kanpo den oro baztertu eta gorrotatu. Hara zaharren jokabidea!
IŅAKI: Eurei ere, berdin esan behar diegu: oker daudela, alegia!
JON: Garbi dago, ekintzaileak ez garela!
IŅAKI: Lehenik irizpide tinkoak behar ditugu.
ARANTXA: Ikusten ez den hartan ekintzaile izatea ezinezko da.
JON: Ekin eta ekin bezalako bide garbitzailerik ez dago ilunpean gaudenean.
ARANTXA: Baina lehen norabidea nola aukera dezakegu?
JON: Zenbaitzuek bizi osoa irizpideak tinkatzen igarota ere ez dute ekintza jokabiderik hartzen.
IŅAKI: Kulturan murgiltzean bi atalak batu daitezke.
ARANTXA: Egia da kultura dela txirotasun oro menperatzeko erremediorik onena.
JON: Edozein kultura adierazpenek ez du beste gabe horrenik.
IŅAKI: Herri kultura behar dugu!
AMAIA: (Harriturik) Herri kultura ez denik ba al da?
ARANTXA: Gaurdainokoan besterik ez dugu ezagutu gure inguruan.
AMAIA: Berrizaleen propaganda usaia du horrek!
IŅAKI: Propaganda bezala onartua bada, seinale egia printzaren bat baduela.
ARANTXA: Morkotsa kenduz, alea jaso dezagun.
JON: Gizartea, osoki zuzen den bidean sartu behar dugu.
AMAIA: Behin ere emango al da gizarte osoarentzat eta luzerako zuzena izango den jokabiderik? Alferrikako ametsa ez al da, hainbeste gizaldiren jarraibidea ikusirik, idealean pentsatzea?
ARANTXA: Galdera honen ihardespenak, bizitzaren norabidea erabat alda lezake.
(Ixilune labur bat dago)
JON: Historian zehar gertaturikoa kontuan izan behar dugu, noski, baina ez gara berarekin txoratuta gelditu behar.
ARANTXA: Ez horixe! Egunerokoan hankak itsatsirik, ideala beti aurrean eduki behar dugu.
AMAIA: Ez al da ezinezko oreka bat proposatzen?
IŅAKI: Zaila behintzat, bai!
JON: Errealitate honek garbi agertzen digu bizitzak daukan dinamika susmagaitza.
ARANTXA: Mugimendu gabeko bizitza, ez al da bizitzaren ukoa? Heriotzaren sinonimo ez al da kontserbadurismo jarrera?
AMAIA: Jaio berri denari, ordea, ezin zaio eskatu hogei urtekoaren urratsak eman ditzan!
IŅAKI: Ez, noski! Oinez ikasi berria, lasterka hasi orduko, lehenengo oztopoarekin lurrera doa.
JON: Dinamikak neurtua izan behar du, adin eta egoera bakoitzarentzat berezia.
ARANTXA: Gizaki bakoitzak urrats jakin bat duen bezala, gizarte bereziak ere berea topatu behar du.
JON: Borrokan jarrai, geldirik ez egon, gure goiburua izan behar da.
(denek ixilune bat gordetzen dute)
AMAIA: (Urduri itxuran) Orduak aurrera doaz. Ordu honetan debekaturik daukagu bilera mota hau...
IŅAKI: Joan nahi duzula?
ARANTXA: (iņakiri errieta gisa) Inor ezin dezakegu derrigorrez hemen lotu. Norberak kontzientzian erabaki dezala!
AMAIA: Ondo lo egin! (Eta badoa)
(Gelditu direnen artean beste ixilune bat dago. jonek hautsiko du altxatuz)
JON: Kontzientzia saindua! Noiz arte norberarentzat ezetzik estalia izan behar da? Ez al da jabetu bizi dugun egoera anormal honetaz?
IŅAKI: Aurrean ez daukagunean ez dezagun epaitu!
ARANTXA: Haren portaerak ez digu hainbat axolik, baina...
JON: Jokaera soil bat bai latza, huts! Gure gizartean, ordea, asko dira, arriskuan sentitzean, planto egiten dutenak. Eta ez dakit zer silogismoz, baina, haien jarrera gezalak oro, ixiltasuna eginaz estaltzen dira.
ARANTXA: Bizitzan egoera ona lortua dutenak, berriz, ez dira konprometitzen. Ingurukoen negarrak ez ditu gogaitzen. Justifikaziorik ere ohi dute: horrelakoak badira, aurrez ondo jokatu ez dutelako da, edo ez jakinak direlako. Eta beste mila pretesto aipatzen dute.
IŅAKI: Epaiketa horietan arrazoi mordo bat ageri da, noski.
ARANTXA: Askoren arlotetasuna salatzean arrazoi dute. Baina, arazoaren aurrean hartzen duten jarreran, ez!
IŅAKI: Ados naiz aitortzeko, arlote asko gizarte egituren errukarri direla.
JON: Gizarte egiturak humanizatzea, gizaki denon lanbidea da.
ARANTXA: Horretarako, borroka adoretsuki iraunkorra behar da.
JON: Beti erne, sendo portatu.
IŅAKI: Pagoa bezain gogo trinkoa eraiki.
ARANTXA: Adimen argi eta lisoa.
IŅAKI: Balioen sorta ederra ehundu duzue, baina, non hori elkarturik aurkitu?
JON: Gizaki hazia ona denean beti da boteretsua. Ezustea ematen al digu!
ARANTXA: Eta gizaki akatsak, zer?
JON: Gizarte indibidualistaren emaitza dira.
IŅAKI: Sozialitate kontzientziak paradisua ekarriko al digu?
JON: Gizaki berri bat umotuko digu!
ARANTXA: Gizakiaren garapen osoa lortu al dezakegu?
JON: Urrats bat gehiago osotasunerantz, gutxi al da? Badira osotasuna ezetzean, daukatenarekin konformatzen direnak. Pretesto ederra da, baina ez gaitezen izan leloak.
IŅAKI: Denek ez dute heroismo genetiko berbera.
JON: (Haserreturik entzun duenagatik) Okerra horretan egin ohi dugu, berehala heroismoaren beharra ikustean, alegia.
ARANTXA: Norberaren existentzia ulertu duenarentzat, ahala duena egiteko, heroismo beharrik ez dago!
JON: Baina, nola konprenitu arazi behar diezu inguruko denei bizitzak dauka zentzu sakonena?
IŅAKI: Uste al duzu ez dutela ulertzen?
ARANTXA: Gaizki ulertua izan behar da. Bestela balitz, ezin lezakete bizitza osoa lozorroan igaro.
IŅAKI: Gizaki denek ez daukate jokaera modu bera.
ARANTXA: Ez, noski, jokaera mota asko dago. Baina, gogoz graduazio berekoak gara.
JON: (Deklamatuz) Ez, ez dut uiertzen, gogo bereko bi, nola aurkari izan daitezkeen, gogoari axolako zaion gauza berean.
IŅAKI: Gizakiaren misterioak!
JON: Horrelako adierazpenik ez zait gogoko!
IŅAKI: Ahal baduzu idoro hobea eta laster onartuko dizugu.
ARANTXA: Jakintzaz arrazoitu nahiko du.
JON: Izan ere kondaira gehiegi erabili dugu, eta aldiz, zientzia gutxi.
IŅAKI: Zientzia ere mugatua da.
JON: Gizakiaren mugak, bereak ere dira, baina, gizakiaren ahalak nork neurtu litzazke?
ARANTXA: Aberatsa bezain mugatua da gizakia.
JON: Eskapismoa babesten ote duzuen beldur naiz.
IŅAKI: Eskarmentuaren iritzia jaurti dut.
JON: Gizakiaren mugatasunez ez dezagun mitorik eraiki, progresoa maite badugu.
ARANTXA: Progreso mitorik ez dezagun erabili, gizakia maite badugu.
IŅAKI: Ziur nago, aipatzen ari garen gaian, desira berdinak dauzkagula nahiz eta azentuak kontzeptu desberdinetan ezarri.
ARANTXA: Ona, ederra, zuzena, parekatzaile, maite ditugu.
JON: Baina, horretarako bidea indibidualki, bakoitzarena bezala egitea aukeratzen badugu, gizakien esentziaren aurkakora joango gara.
ARANTXA: Mugatasunaren atributoa ere hor dago.
IŅAKI: Gizakiaren osagai soziala garrantzi haundikoa da.
JON: Asko ahaztu izan den dimentsioa, noski.