I. AGERRALDIA
Lehen ekitaldiko jokaleku bera da. Orain, arantxa, iņaki eta jon dira jokalekuan ageri. Eserita daude.
ARANTXA: Agintarien erabakiaren berririk ez dugu oraindaino. Baina, ez dio axolik. Zuzendariaren plangintzari ezezkoa eman genion. Gaur une hartan emandako ezetz hura geroz eta hobea aurkitzen dut.
IŅAKI: Egizale ginen eta kontzientziako erantzun bat izan zen gure idatzi hura. Eta ondo jokatu genuenaren kontzientzia ukanik, nola sinesten ez duguna baiezta genezake?
JON: Mundua jausten bada ere, ez! Hori ezin daiteke onartu!
IŅAKI: Gure gizarteari lagundu nahi badiogu, beti ausardiz eta zuzentasunez jokatu behar dugu. Kosta ahala kosta!
JON: Jokaera oro gizartea hobetzeko izan dadila!
ARANTXA: Bizia, jokatzeko jasoa dugu, orduan, arriskatu egin behar dugu.
IŅAKI: Bakea eta maitasuna nahi zituela. Guk ez al ditugu nahi?
JON: Mundua aurkitu izan dugunean errespetatzea, bakea zerbitzatzea al da? Bakeak dinamika bat ez al dauka?
ARANTXA: Bakea, emaitza da. Eta izadiak erakusten digunez, fruitua eman dezan, aurrez zuhaitzak hazi egin behar du. Ondorioz, hosto eta lore, eta azkenik fruituak izango ditu.
JON: Nor da lurrean hazia jarri orduko, fruitu bila doan nekazaria?
IŅAKI: Zeinek eskatzen dio fruitua landare jaio berriari? Eta fruiturik ez daukalako, ebakiaz surtara botatzen du!
ARANTXA: Hori egingo lukeena, zoro ezdeusa litzateke.
JON: Bakea bai, zer nahiago!
ARANTXA: Baina, bake hazirik erein al da gure gizartean?
IŅAKI: Noizbait ereina izan bada, nork ureztatzen du? Nork jorratzen du?
ARANTXA: Aurkitzen al da bake hazirik?
JON: Bake printza ederrak badira! Gizaki zuzenak ere ageri dira!
ARANTXA: Betikoa! Baina, gizartearen muinetara sartzen bagara, zer? Zuzentasuna, egia, maitasuna eta askatasuna bakearen oinarri direnez, zer nolako neurria daukate gure gizartean? Are gehiago, zuzentasuna ardura al da?
IŅAKI: Eguneroko predikua da: bakoitzari berea eman behar zaiola.
ARANTXA: (Ironiaz) Formula salbatzaiiea! (Eta serioski arituz) Baina, izate mailan ageri al da?
JON: Eguneroko bizitzan, gizaki zuzenak ere presondegian sartzen ikusten ditugu, areago doana, zuzentasunaren izenean!
ARANTXA: Zenbatek protesta egin dute?
JON: Izerdi hotzaren erantzuna. Harresi zekena
ARANTXA: (Zutiturik otoika) Nor da gizakia beste bati bizia kentzeko? Nor da izadiak oparitu dion askatasuna ebakitzeko? (Aurrerantzean ere zutik jarraituko du)
IŅAKI: Ezin da uko hala ere, justiziaren izenean egindako hainbat ekintza eder badela!
JON: Erresto bat beti daiteke salbu!
ARANTXA: Gizartean, gizakien elkargo bezala ere, zuzentasun egarria betikorra da.
JON: Estruktura saldoan ustelkeria asko bada!
IŅAKI: Giza-zuzentasunik ez balitz, mundua birrinduko litzateke.
JON: Horren osagai, zigor jasak milaka behar dira.
IŅAKI: Jatorrizko legea ez al da argia?
ARANTXA: Zeharo ukatzen duten juristak badira.
JON: Eskubideak dinamikoak izan behar dira.
ARANTXA: Mundua beti bilakatzen ari denez, hala izan behar du.
JON: Gizadiaren lehen estadioan, lanaren berezko zatiketa besterik ez zegonean, alegia, eskubide eta betebeharren arteko bereizketarik ez omen zegoen
IŅAKI: Baieztapen horrek funtsik ba al du?
JON: Aldeko serioak dauzka.
ARANTXA: Muga gaitezen gaurkora eta gure herrira.
JON: Eskubideak erabiliaz, konformismo giroaren aurka joan direlako kondenatuak badira.
IŅAKI: Kontuan behar dugu, gaurko gaztediak zuzentasun sentsibilitatea erneago daukala.
ARANTXA: Agintariek, giroan gaindiz irteten dena, ez dute begiko.
JON: Orduan, zuzentasunez jokatzea, agintariei komeniko zaiena egitea al da?
IŅAKI: Hori ezin onar litekeela, garbi dago, baina, kategoria eta mentalitate bera ez dauzkagu.
JON: Ez, gizaldi bakoitzak, bere ahalbide mugatuak dauzka.
ARANTXA: Beti hesi bera: bi mentalitate bata-bestearen aurka!
IŅAKI: Gizaldi guztien historiak gauza bera erakusten digu.
JON: Eta beste bat: Egundaino gizadiari gehien aportatu dioten gizakiak, garaian garaiko agintariek gaizki tratatu izan zituztela.
IŅAKI: Esaerak ondo dio: Bere herrian inor ez dela igarle! Ez eta bere garaian ere, gehituko nuke nik.
JON: Zer axola dio gizartean fama izan ala ez!
IŅAKI: Mundu honetan gizakiak daukan ohore kuttunena da.
JON: Eta bizitzak, behar dituela usai gozoak?
ARANTXA: Gizartean dugun kapa sakonena ere bada.
JON: Horrek ez al du gizakia derrigortzen, behartzen?
ARANTXA: Ezpairik ez, determinismo bat sortzen duela.
IŅAKI: Zer dela eta?
ARANTXA: Askatasuna dugu dohainetan gailurren.
Eginkizun orduan norberaren aukera, alegia!
IŅAKI: Eta zer, gizarteko famapean askatasunik ez dagoela?
ARANTXA: Laborategian litekeena da, baina, bizitzaren sena besterik izan ohi da.
JON: Uztarpetasun ankerraren eragilea da.
IŅAKI: Ez duzu sustraitik galtzerik itxarongo?
JON: Horretarako gizartearen zimenduak aldatu beharko lirateke.
ARANTXA: Gizadiaren bizi erritmoa aldatu.
IŅAKI: Nor egin daiteke enpresa horren kargu?
JON: Iraultzaileak deitzen dituzte euren buruak.
IŅAKI: Beraiek gure jarraibide?
JON: Haien ausardiak berekoikeria oro baztertzen du.
IŅAKI: Iraultzaile hitza, gizaki gaiztoaren sinonimo ez al da?
ARANTXA: Ezin ukatu burugaldua izendatzeko ere erabiltzen dela. Baina, gurekerian gogaitzen gaituen oro izendatzeko ere, ez al darabilgu?
IŅAKI: Ondorioz zer, gaurko iraultzaileak santu direla?
JON: Nazareteko Jesus ere garaiko agintariek iraultzailetzat kondenatu zuten.
IŅAKI: Kristautasuna iraultza izan zela?
JON: Sorreran hala izan zen.
ARANTXA: Zalantzarik ez, iraultzaile zela, konformismoa aitortzen zutenentzat.
JON: Gaur hala ez bada, konformismoa onartu duelaren seinalea.
IŅAKI: Lehenbiziko trabak gainditzean hala izan zela dirudi.
JON: Maisuaren espiritua non gelditua da?
ARANTXA: Borroka txinparta, esentziazko aitortu zuen.
IŅAKI: Badira oraino dutenak. Izan ere, edozein gaitan bezala honetan ere, esistentzia kontsideratzeak mugarik gabeko mailak agertzen dizkigu.
JON: Nik egitura planoan zaharkitua aurkitzen dut.
ARANTXA: Motorrik gabeko itsasontzia.
IŅAKI: Gizakia osatzeko paregabea da. Bestela, begira historian zehar izan duen gidaritza. Ekaitz eta mendebal guztien artetik pertsona salbatu du.
JON: Gizakiari, naturaz dauken ausardia ez al dio urritzen?
ARANTXA: Abstrakziori lotuaz, ihesa ez al da?
IŅAKI: Haztatzen ez den oro irreala dela?
JON: Gure ahuleziak estaltzeko aitzaki ederra!
ARANTXA: Nork muga dezake gizakiaren dohain sortzaile oro? Zeren izenean?
IŅAKI: Gizakiaren egarria iraultzaz agortu behar al da, orduan?
JON: Balora dezagun adorea, kemena...!