SARRERA
1963ko urritik aitzina nire bizitzan haustura eta norabide aldaketa jabetu ziren. Haustura, orduarte, bizitza idealizatzeko neuzkan baloreak ipurtargi bilakatzen joan zirelako eta, aldi berean, haien tokia hartuz nire jokabidean funtsezko izango ziren herritar eta sozial baloreak sutsu piztu zirelako. Hasteko, nire bizian lehen aldiz, euskaraz idatzitako liburu bat irakurtzen hasi nintzen. Zoriontsu sentiarazi ninduen desafio hark. Mundu gozo hau nirea duk, esan nuen. Eta bat-batean euskaraz idatzi nezakeela frogatu nahi izan nion nire buruari. Zer idatzi pentsatzen jarri eta antzerki obra izan zitekeela iruditu zitzaidan. Nagikeriak utzi eta, nire baitan ematen ari ziren hausturen gazi-gezak kontatzera igaro nintzen. Liburuxka honetan agertzen diren bi antzerki obra hauek izan ziren nire lehen idazkera saioaren emaitza. Elizak eta estatuak eskuz esku burdinezko neurriekin inposatzen ziguten giroa, herri eta sozial ezjakintasuna, identitatearen osagai genituen faktoreen ukoa eta debekua, nahas-mahas, barrenaturik genituenak astinduz nola borrokara igaro ginen agertzen da hogei urteko gaztearen irudietan. Lehen pieza, Ataungo Sarako gelan On Joxe Mieli irakurri nion oso-osorik. Nik aipatzean euskaraz idazten hasi nintzela eta antzerki pieza bat nuela, berehala irakurtzeko eskatu baitzidan. Errespetu osoarekin, azken hitzeraino, entzun zuen nire irakurketa.