8 Olivetti poetiko
Antzerkiola Imaginarioa
8 Olivetti poetiko
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
8 Olivetti poetiko
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
[aurkibidea]

 

6. ekintza

Agonia

 

magaren lehendabiziko iragarpena.

 

maga: Eguzkia dolu jantziak bezain beltz jarri zen eta ilargia odola bezain gorri; zeruko izarrak lurrera erori ziren, haize zakarrak astintzean heldu baino lehen pikondoari pikuak erortzen zaizkion bezala; zerua bildu egin zen pergaminoa biltzen den bezala, eta mendiak eta irlak oro beren lekutik aldatu ziren.

 

Soinu dardarti fuerte bat aditzen da. Pertsonaien intziri tristeak. mara-mara hizketan hasten da. Hitzegiten duen lehen aldia da eta denak adi jartzen dira. puck jolasean eta barrezka ari da, eta shylockek pixkanaka pistola bat ateratzen du bere makuto zaharretik.

 

mara-mara: Ssh zarata aditzen dut jendea dator

            non dabil non dabil bizi-poza

            zergatik ez zaigu jaiotzetik eman

            nola liteke hain laino

            hotzbero hotzbero

            enaiz gose enaiz egarri enaiz enara

            zergatik tokatu zait hain mundu konplikatua

            bizitzeak nahikoa behar luke izan eta hala ere

            zer dela eta itolarri maisu hau

            ez al nuen atzo gauean lezioa ondo ikasi

            giza-plazerraren giltza galdu dut nonbait

            eta oskol hutsa izan nahi nuke gaur.

 

shylockek tiro egiten dio pucki. Eta puck hilik erortzen da.

 

lapsus: Puck!

friedrich: Shylock!

maga: Egun haietan gizakiak heriotzaren bila ibiliko dira, baina ez dute aurkituko; hil nahi izango dute, baina heriotzak ihes egingo die.

 

Nahaste eta etsipen artean, puckengana hurbiltzen dira, zeina hilik dagoen lurrean.

 

mara-mara: Hilda.

lapsus: Puck!

friedrich: Shylock!

niunavena: Ai ene! Zanta Eli!

lenda: Ene haurtxoa.