Jaunaren bidean, Augustin Zubikarai
Egan, 5/6-1959

 

X. ALLELUIA

 

IRAGARLE, ERRIZAIÑAK, MADALENA, KLEOFAS, JAKOBA, SALOME, AINGERUA, PEDRO, JUAN, JESUS, APOSTOLUAK, MUTILTXOAK, ERRITARRAK

 

Illobiaren aurrean

 

IRAGARLE: (Oyala zabaldu aurretik. Kantuz. Doñua: «Chori eresiñula».)

                Aingerutxoak zerutik pozaren poz kantari,

                biztuera adieraziz negarrez direnari.

                Munduak ezin aztu bere aldezko opari,

                Jesus'ek emoniko ainbeste poz sari.

 

                Jesus'en biztueria antxiña iragarria,

                irugarren egunera zala adierazia,

                bedi orain ta beti biotzen bake iturria,

                betiraun guztietan poz eta grazia.

 

(Oyala zabaldueran illobi aurrean ERRIZAIN bi zaindari. Beste bi egal baten dagoz. Abeslariak barrutik, Bach'en Mateo Deunaren Nekaldiko azken abestia abestuten diardue:)

 

ABESLARIAK: Negar uluz, miñez beterik,

                deyez gaukazuz obira:

                Bizi bakez, bizi bake baketan.

 

                Lo zaurien miñetatik...

 

                Bizi bakez,

                bizi bake baketan.

 

                Zure illobi deunak

                lotsatu begiz

                gogo argalak

                ta biotz zindoak

                bakez ase bediz.

 

                Begiok, betiko,

                zugan ames begie...

 

(MADALENA, SALOME, JAKOBA ta KLEOFAS sartzen dire.)

 

MADALENA: Jesus garbitzen gatoz, bera enbaltsamaten.

RUBEN: Ezin lei. Guk agindua bete biar dogu.

KLEOFAS: Etzaiteze olako izan.

SALOME: Ba dakizue zuek andiagotan be ez ikusi egiten.

BOOZ: Agindua agindu.

MADALENA: Nok jakingo dau laga dauskuzuenik?

SALOME: Ildako baten bildur zarie?

JAKOBA: Tira, tira... Lagundu egiguzue arri au altzaten.

MADALENA: Geuk bakarrik ez ete dogu jasoko?

BOOZ: (Garratz.) Urreratu be ez egiteko!

KLEOFAS: Sekula ikusi dozue ildako baten errizaiñak ipinten zaindari?

MADALENA: Zegaitik ori?

SALOME: Zeren bildur zarie? Il ondoren eztozue sartu ba?

MADALENA: Illa illa da. Mesedez itxi azkenengo begirakada bat berari egiten.

KLEOFAS: Etzaiteze olako setatsu ta oker.

JOSUE: Ixilik ez ba zagoze...

SALOME: Iñok ez dan jakingo. Ez orren kezkarik.

NOE: (RUBEN'eri.) Etzaitez andrakin kopletan ibilli, bestela nastauko zaitue-ta.

KLEOFAS: Eztogu bere gorputzik iñora eruango beintzat.

NOE: Alperrik zabizela andrak, alperrik.

BOOZ: Gu emen garian bitartian ez alperrik jardun.

MADALENA: Beste edozein, lapurrik andiena izanda be, ikusi, igortzi, maitatu, jantzi, musuz jateko eragozpenik ez da egoten.

RUBEN: Agindua agindu dala ta ixilik.

MADALENA: Zegaitik erru barik gizonik okerrena lez kurutzian il dozuen Jesus onen erruki izaten debekatu?

JAKOBA: Jesus onegaz eztozuez beste bi il? Iñor ipiñi dozue eurak zaintzen?

BOOZ: Barriketarik naiko entzun dogu ta jun zaiteze emendik.

MADALENA: Areik lapurrak ziran. Lapur andiak. Erri guztia bildurtuta euken. Eta euren gorputzak laztanduten, eurak biar dan lez gordeten edozein juan ba lei, zegaitik Jesus'egaz bardin egin ez? Zegaitik ez?

KLEOFAS: Zeri dautsazue olako bildurra, zeri?

BOOZ: Enagizue berotu andrak gauza txarrik egin ez daidan.

 

(Argi txinpartak bizi bizi. Trumoi otsa. Lur ikara. Errizaiñak lurrera jausten dira bildurrez eta ikaraz. AINGERUA agertzen da ta illobiko arria baztertu egin ondoren, illobi egalian jarten da, dardaraz eta alkarri elduta kezkati diran emakumiei kantuz esaten:)

 

AINGERUA: (Kantuz. Doñua: «Dugun orok kanta». «Kantikak»·311.)

                Ez ikaratu andra onak,

                miraria egiña da,

                garaiturik eriotza

                biztu da Jesus Jainkoa.

EMAKUMEAK: Zer diñozu aingerua?

                Zelan dala biztu Jauna?

                Ezin sinistu gure begiak

                ikusi ezik ber bera.

AINGERUA: Aurreko illobi onetan

                bakizue sartu ebela,

                kezkarik gabe begira

                Jaunik ba ete dan bertan.

EMAKUMEAK: Daigun danok pozik kanta

                miraririk andiena,

                alleluia daigun kanta,

                illetarik biztu Jauna. (Aingerua ezkutaten da.)

 

(PEDRO eta JUAN itzal datoz. Eurak ikusi orduko bidera urteten dautse emakumiak.)

 

MADALENA: Pedro! Pedro! Poztu! Alaitu!

KLEOFAS: Jesus biztu da!

EMAKUMEAK: Biztu da! Biztu da bai!

 

(PEDRO illobi aurrera dira. Aurretik JUAN.)

 

SALOME: Zer egin biar dogu orain ?

PEDRO: Jesus biztu? Jesus biztu? Nok daki ori?

KLEOFAS: Biztu da, biztu da, bai. Aingeruak be adierazi dausku.

MADALENA: Illobia utsik dago. Begiratu! Begiratu ondo!

PEDRO: (Illobia ikusi ondoren, zaratatsu:) Auxe da miraria!

JUAN: Berak esaten eban miraria!

PEDRO: (Zoro antzera.) Biztu da! Jesus biztu da! Esaten eban lez biztu!

 

(Belauniko jarten dira, eskertsu.)

 

PEDRO ta JUAN: Jesus!! Maixua!!!

PEDRO: Argitu Jauna mundu guztia zure biztueraren argitasunaz!

 

(Atze aldian, JESUS agertzen da erdi erdian, zuri, argiz beterik. Errizaiñak eta irudian agertu diran emakumiak. Apostoluak eta aurreragoko irudietan agertu diran guztiak. JESUS'en aurrean lurra jota, makurtuta agertzen dira, itsututa lez. Abeslariak sutsu, gartsu, Haendel'en ALLELUIA asiko dabe. JESUS biztuaren aintza ta anditasuna egokiro ta bizi agertu biar da irudi onetan.)

 

AMAYA

 

Jaunaren bidean, Augustin Zubikarai
Egan, 5/6-1959