Jaunaren bidean, Augustin Zubikarai II. JERUSALEM IRAGARLE, JESUS, NOEMI, JONATHAS, ABEL, ISAAK, APOSTOLUAK, EMAKUME ta ERRITARRAK Jerusalem inguruan IRAGARLE: (Kantuz. Doñua: «Biotzetik miñez nago»: Azkue.) Jerusalem'ko txaloak oraindik ixil barik, Mendi gañean dago Jesus penatan beraitik. Zizpuruz beterik Jerusalem gaiztoagaitik. Gaiztakeritan sartua bizi da erri ori. Jaunaren kutun izanik lepoa emonaz berari. Beragaitik dabil Jesus lotuta peniari. (Oyala zabaltzean egal baten JESUS. Umetxoak bere inguruan. Atzerago Apostolu ta jenteak, aldratan, atseden artzen.) NOEMI: (Errukiz.) Zegaitik zagoz ain kezkati, ain itzal ta illun, Jesus? JONATHAS: Txaloka ta txaloka erabilli zaitugu. Eriñotzik be ez da geratu osorik bide bazterretan. Zegaitik orain begiak malkoz beterik? ABEL: Nik ba neki Jauna zeñek negar eragiten deutsun... JONATHAS: Bai, zera zuk, memelo orrek. ABEL: Ostera be? Neuri burleten dabil, Maixua. Neuri irrika egun guztian. Edonok esango leuke onek beronek, zera... eulirik be eleuke ilko ta. ISAAK: Ez jaramonik onei, Jesus, beti alkarri tirrika ibilten baño eztakie-ta. APOSTOLU BAT: Ia txotxo, kendu emendik. Jesusek atseden artu naiko dau ta ospa emendik, zeuon umekeriak lagata. ISAAK: Orrek ostera... beti kendu... kendu... Zelakua da beroi? JESUS: ltxi egiozue umetxoei nigaz egoten. Umetxoen biotz garbiak dira nire pozik andien. Ikasi zuek danok be umien antzeko izaten eta biziten. Biotz guztiak umetxo onein lakoak ba lira... (Astirotsu jaiki ta Jerusalem'eri begira jarten da. Beste guztiak berak ser esango ete daben kezkaz.) Jerusalem! Jerusalem! Jaungoikuak maite maite zaitun erri eder ori! Nire Aitak begi begiko zaitun erri zoragarri ori! Lizunkeriak gaindu zaitu; ordikeriak ondatu zaitu! Gorroto ta ikusi eziñak itsutu, arrokeriak puztu zaitu; Jerusalem! Jerusalem! Gaur ba da ere ezagutu al ba zengi bakea zek eta zeñek ekarri leikezun...! Baña itsu itsurik bizi zara. Egun latzak etorriko dira zuretzat. Zure arerioak estutu ta inguratuko zaitue. Zu eta zure semiak birrindu ta esestuko zaitue eta ezta geratuko arri batik be besteren gañean, zure Jaungoikoa ezagutu eztozulako zuregan etorri danian. Jerusalem! Biurtu noiz bait zure begi ta biotzak Jaungoiko Jaunari! (Abeslariak Goikoetxearen «Yerusalem» abestuko dabe barrutik.) OYALA Jaunaren bidean, Augustin Zubikarai |