Jaunaren bidean, Augustin Zubikarai VIII. KURUTZEAN JESUS, MARIA, M. KLEOFAS, MADALENA, JUAN, RUBEN, BOOZ, JOSUE eta NOE (errizaiñak) Golgota tontorrean. JESUS kurutzean, il eziñik. Bere oñetan emakumeak eta JUAN IRAGARLE: (Oyala zabaldu aurretik. Doñua: «Arboletan dan ederrena»: A. Donosti. C. 109.) Kurutzetikan dindilizka Jesus maitea, esturik; bere oñetan zizpuruka andra koitadak mindurik. Ama ta Seme alkarturik kurutze baten, tristerik. Erri guztia zarataka Jesus onari txistuka, biotz gogorrak garraxika ezin baketan lagata, Jaungoiko Seme maitetsuai bakez iltzen ez laga nai. (Oyala zabaltzean abeslariak Valdes'en «Vinea mea» abestuten ariko dira. JESUS kurutzean larri, estu, egon eziñez. Emakumeak zizpuruka negarrez.) RUBEN: (Beste iru errizaiñekin batera sartuaz.) Bestiak salbaten ez ekian, ba? BOOZ: Amesak ugari orrek, amesak. RUBEN: Bere burua salbau dagiala, al ba dau... Kristo baldin ba da... Jaunak autua ba da... esaten eban lez. BOOZ: Nun dira orain bere arrokeriek? JOSUE: Mirariak egiten ba ekian ba! NOE: Ori beintzat geuk ikusi genduan. RUBEN: Ba! Ez egizue sinistu olakorik. Zegaitik ez dau beretzako egiten? JOSUE: Zerbait eukanik ezin ukatu. RUBEN: Atsoen eta gaixoen zorakeriak. Arrokeria ibilli dau orrek, arrokeria. BOOZ: Orixe bai gero! RUBEN: Lekutan dago ointxe zerbait egiteko, berak esaten eban indarra ta Jaungoikotasuna ba dau. MARIA: Gizonen destain oneik bere intziriak eta estualdiak baño geyago minduten nabe. JUAN: Ez egiezu jaramonik egin, Mari. MARTA: Nayago neuke ezpata zorrotz bat biotzian, eurak entzun baño. RUBEN: Ia, ia! Jaungoikuaren etxia austu ta irugarren egunerako barriztauteko al etziñan ba? JOSUE: Ori baño errezago zeinke orain. Salbau zeure burua! BOOZ: Jaungoikoaren Semia, ba zara, eratsi, eratsi kurutze orretatik. RUBEN: Eratsi! Eratsi! Orduntxe sinistuko dogu egia esaten zendula. MADALENA: Naikua da. Il nai ba dozue be, laga egiozue baketan ilten. JOSUE: Ixilik egon zaitez, ixilik egon zeure tokian. RUBEN: Ezagutuko ez ba gendu berori nor izan dan. MADALENA: Zer nitzan ardurarik ez egizue. Zer zarien kontu euki, zer zarien. M. KLEOFAS: Bakerik ez eiguzue ukatu gizonak, bakerik, ez ukatu beintzat. JUAN: Gaur ez dira gizon, basapizti baño. Ez jaramonik be egin. BOOZ: (JESUS'eri.) Demoniñuaren Seme izan zara ta ez Jaungoikuaren Seme! JUAN: Bere amaren aurrean etzaiteze, mesedez, orrela jardun. BOOZ: Ama? Ta zer? Guzurti baten ama da. MADALENA: Nok esan leike guzurtia zanik? RUBEN: Nok? Jaungoiko zala, altsuaa zala, errege zala, mirariak egiten ekiala... Nun dira bere al izateok? Esana bat eta izana bi. BOOZ: Zegaitik ez dau ointxe agertzen zerbait, zerbait bakarrik, esaten ebana egiztuteko? JESUS: (Didarrez.) Aita...! Nire Jaungoikua...! Zegaitik laga nazu bakarrik. RUBEN: Eztozue entzuten? Aitak laga egin dabela, bakarrik itxi dabela. Ta, ja, ja! Laga! Bakarrik itxi...! BOOZ: Bere Semia izan ba litz, esaten eban lez... MARTA: Ezin zeinkie ukatu ala danik. Bere ama nazenez ondo dakit zelan sortua zan. RUBEN: Koitadia! Zuk eta berak, berak eta zuk, biok il biar zen duen bardin, Jaungoikuaren kontra berba egin dozuelako. JUAN: Kurutzean noiz ilko dagoanaren erruki ez ba zarie be, laga baketan, baketan itxi mesedez miñez min dagoan ama oneri. MADALENA: Amarik eztaukazuela esan lei. BOOZ: Ixildu zaitez. JESUS: (Larri.) Egarri naz. RUBEN: Egarririk be kentzen ez dakian Jaungoikua. Jaungoikua...! BOOZ: Ori be ezin, ori be? Zetarako dozu Jordan'go errekia, zetarako, dan dana al ba dozu, esaten zendun lez? MARTA: Al ba neu Jesus kutuna, al ba neu Seme...! Adoretu zaite! NOE: (JOSUE'ri.) Emoizu emon ozpin pixkat. Berak ezin dabena emon, erregetxu orreri. (JOSUE'k kañabera baten luzatuten dautsa.) BOOZ: Etzendun esaten ba ardau pixka bategaz bost millari edaten emon zeuntsala? NOE: Ointxe nai genduke ikusi olako bat ointxe. MADALENA: Zelan izan daike gizon batek ain biotz zital ta gogor Gizonak etzarie zuek, demoniñuak baño. MARIA: Parkatu egiezue, Jesus! JESUS: (Larri, larri.) Dana... amaitu... da. MARIA: Zer, Seme, zer? Zer diñozu? Zer nai dozu? JUAN: Jesus, ez gure kezkarik. Jesus...! Jesus...! JESUS: Aita! Zure eskuetan lagaten dot nire gogua! (Garraxi luze bat egin ondoren, burua makurtuz ilten da.) MARIA: Ene bada! Jesus! Seme! Laztana! Il! Il! (KLEOFAS eta MADALENA'ren eskuetan jausten da. Emekumeak negarrez geratzen dira, zotinka.) (Abeslariak bigun bigun Dubois'en «Adoramus Te Christe» abetuko dabe:) ABESLARIAK: Kurutze ortan Jesus gure esker ona artu. Zure eriotzaren bidez gaituzu askatu... Eskerrak Zuri, Kristo. OYALA Jaunaren bidean, Augustin Zubikarai |