Jaunaren bidean, Augustin Zubikarai
Egan, 5/6-1959

 

V. JUDAS

 

Egilleak: IRAGARLE, ELEAZAR, NOEMI, ABEL, JONATHAS, ISAAK, JUDAS, ZEKEN, JEREMIAS

 

Irudia: Urkarnendian. Arbola banakak egaletan. JUDAS arbola batetik zintzilik dago, urkatuta

 

IRAGARLE: (Kantuz Doñua: «Iruñako ferietan».)

 

                Judas'entzat okerrena Jesus'en maitetasuna;

                beretzako mintsuena bere adiskidetasuna.

                Origaitik bere lotsan arbolatik urkatu zan.

 

                Ibilli zan bide onetan Jesus'ekin batean;

                urre garrez ase eziñik jausi zan diru-erpetan.

                Dana galdu azkenian bere zoritxarrean.

 

MUTILTXOAK: (Oyala zabaltzean, bidez bide datozela, JUDAS ikusten dabe ta ikaraz beterik.)

BATEK: (Kantuz.) Ene! Ene! Zein da emen arbolatik zintzilik?

                Ete da ba gaizkilia edo buruz galdua?

                bata dala nai bestia errukarri gaixua.

BATEK: Ezagutzen? Konturatzen? Judas diru zalea!

                Gure begiak ezin sinistu ikusten daben kaltea!

                Zeiñek ete dautsa argitu zoritxarren atea?

GUZTIAK: Oi arlote, Ixkariote, diru zale zekena.

                Diru txanponen egarriaz ase eziñez bizitzan.

                Zetarako zure diruak? Zetarako dan danak?

ELEAZAR: (Ikaraz.) Judas! judas...!

ABEL: Lapurren batek ez ete dau il berau?

NOEMI: Jesus'eri deituko dautsagu?

ELEAZAR: Jesus'ek artuko daben penia!

JONATHAS: Len be aspaldion negarrez ibilten ba daki arek.

ABEL: Dardaraka nago.

JONATHAS: Orain be bildurretan memelo ori?

NOEMI: Zeren bildur?

ABEL: (JONATHAS'eri) Barriro be? Neu ez ipiñi gero...!

ELEAZAR: Ni neu be ba...

NOEMI: Jesus'ek osatu egin lei. Ildakoak biztuten ez daki ba ?

JONATHAS: Orrek miñen bat ez ete dau euki?

ABEL: Bai, zereko miña.

ELEAZAR: Zegaitik ez?

NOEMI: Lapurren batek il egingo eban, dirua ostutearren edo.

ISAAK: Berori be beti diru billa ebillan-ta... Zekenago zan zekenago...

NOEMI: Billatu egin biar genduke Jesus.

JONATHAS: Nun billatu?

ISAAK: Eskuak lotuta eruan eben atzo. Neuk ikusi neban.

ELEAZAR: Nora? Zeñek?

ABEL: Ez egizu guzurrik asmau.

ISAAK: Noiz atrapa nazu guzurretan ori esateko?

ABEL: Noiz ? Kontaten asiko ba nitz...

ISAAK: Tira ixilik, sakatzak ataratia nai ez ba dozu. Guzurtia ni? Ni?

ABEL: Gu danok be biribillak botaten asi ezkero...

JONATHAS: Danok? Niregaitik etzara jardungo kontixu, ezta?

ABEL: Sekula guzurrik eztozu esan, ala?

JONATHAS: (Asarre, ABEL'eri zapartadaka asteko eran.) Errepatxi! Niri be bai?

NOEMI: (ABEL'eri sakadaka.) Ala, ospa emendik Jesus'en billa. Bixkor gero. Bakarrik gañera.

ABEL: Ni? Ni?

NOEMI: Arin be arin jun be, gure laguna izaten jarraitu gura ba dozu.

ABEL: (Urten aurretik.) Ikusiko dozue gure txabola onduan bakarrik atrapaten zaituedanian. Amak be etzaitue salbako ba! (Juaten da.)

ELEAZAR: Nun ikusi zendun ba Jesus?

ISAAK: Getsemaniko ortuan. Lotuta eruan eben.

ELEAZAR: Apostoluak nun ziran ba?

ISAAK: Nik eztakit. Igeska ikusi nituzan.

NOEMI: Judas be bai?

ISAAK: Judas bertan geratu zan.

ELEAZAR: Zetan? Bakarrik?

ISAAK: Nik eztakit. Jesus neuk ikusi neban miñez beterik eta entzun be bai berari, orreri esaten: Judas! Musu (laztan) bategaz salduko nazu?

NOEMi: Ia gero orrek Jesus'en Aitaren zigorra artu daben.

ELEAZAR: Zegaitik zigorra?

JONATHAS: (Kanpora begira.) Or dator Abel, arin be arin.

NOEMI: Arnasa be galdu egingo dau orrek, beti itsumustuan, dabilien bildurraz.

ABEL: (Kezkati sartzen da.) Diabrua ikusi dot, diabrua, diabrua!

ELEAZAR: Nungo diabrua? Orixe da ikara ta bildurra.

ABEL: Diabrua bai! Dantzan ikusi dot, zaratatsu bere bosteko jardunean ta barre algaraka.

ISAAK: Zeure keixiagaz bildurtuta?

JONATHAS: Zorotasunak darabizuz zuk, zoro aiziak.

ABEL: Bere bostian didarrez ebillan: Judas! judas! Atso txin txin, gaur zintzil.

ISAAK: Diabruak urkatu dau orrela ba da.

NOEMI: Zer dauka ze ikusi diabruak?

ELEAZAR: Euki ez?

ABEL: (Kanpora begira.) Ara! Ara! Begiratu! Ikusi...! (Bizi bizi igeska.) Neu enau atrapauko beintzat!

GUZTIAK: (lgeska.) Neu bez...! Neu bez...!

 

(Mutiltxo guztiak iges egin ondoren, egaletan ikusmin ezagutuko dira. ZEKEN-DEMONIÑUA sartzen da dantzari. Judas'en inguruan burlaz eta isekaz dantzaldi bat egingo dau, bere poza erakutsiaz. Dantzaldia amaitueran JEREMIAS agertuko da. Zuri zuri jantzita dator, iragarle zar-zar antzera. Bera ikustean, bere didarra entzutean, ZEKEN makur makur eginda ezkutauko da.)

 

JEREMIAS: (Zaratatsu ta andikiro.) Kanpora! Kanporaaa...!! (Erdi aldera begira.)

        Ni naz Jaungoikuaren abotsa.

        Mundua mundu danetik egia erakusten nabillen Jaungoiko altsuaren didarra.

        Eguzkiaren azpian egiten danaren barri zigur zigur dakit.

        Moises'en ondoren nabil Jaungoiko altsuaren maitasuna erakutsi ta gizonen okerrak zuzendu guraz.

        Gorrotoz beterik dira erriak. Ikusi eziñez garrazturik begiak. Asarre zitalez ustelduta biotzak.

        Entzun gizonak eta andrak. Entzun batez be oraindik garbi garbi bizi zarien umetxoak!

        Ez alargunik mindu! Ez umezurtzik baztertu! Ez erbestekorik esetsi. Ez beartsu ta ezeukirik erruki barik itxi. Iñok ez begi bere biotzean anaien aurkako gorrotorik biztu,

        Ez aberastasunik geyegi maitatu. Eta batez be, aberastasunen garrez itsututa, ez jaungoikorik aztu ta saldu.

        Gizonak eta andrak! Jaungoikuaren Semia saldua izan da, baña bere odola irakiten agertuko da munduz mundu.

        Bere saltzallea, urkatuta, ustelduta ezagutuko da, ikasi dagizuen urrearen argitasun eta beroaz barik, Jaungoikuaren argitasunpean ibilli, indartu eta biziten!

 

(Azkenengo zati oneik esaten diarduan artian, MUTILTXOAK bere ondora urreratzen igarriko dira ikusmin eta jakinmiñez.)

 

OYALA

 

Jaunaren bidean, Augustin Zubikarai
Egan, 5/6-1959