Jaunaren bidean, Augustin Zubikarai
Egan, 5/6-1959

 

VI. PILATOS'EN ETXIAN

 

PILATOS, P. EMAZTIA, JESUS, ERRIZAIÑAK, TOBIAS, ELIAS, ERRITARRAK

 

Pilatos'en etxia. Aurrez aurre kale zati bat

 

IRAGARLE: (Oyala zabaldu aurretik, kantuz. Doñua: «Txori kantatzallea»: Bordes.)

                Etxerik etxe darabille Jesus maitea lotuta,

                judearrak bere burua eskatuten itsututa,

                ez errurik, ez okerrik beragan billatuarren

                ilteko garrez eskatzen.

 

                Pilatos'en etxe buruan judearrak orruka,

                beretzako gaizkillien kurutze bat oyuka;

                Pilatos'ek ikusiarren erruge dala Jesus,

                errian didarra entzun.

 

(Oyala zabaltzean PILATOS'en EMAZTIA kantari da, PILATOS bigundu nairik. Doñua: «Ermitatxo bat eidazu».)

 

P. EMAZTIA: Neure Pilatos kutun on ona,

                nire maitetxu lerdena,

                zetan olako buruaustetan,

                zetan ainbeste kezketan?

                Biotz gaiztoak olakoetan

                agertzen dira garretan.

                Didar ankerrei ez jaramonik,

                zorakeririk ez egin.

                Zure andrian kontseju ona

                biotzez garbi diñona:

                arren entzuixu, entzun gogo onez,

                damuz etzaiten naigabez.

                Jesus orretan ez da okerrik

                ez iñolako errurik.

                Baketan laga bere bidean

                guzti-guztion onean.

 

PILATOS: Itxi eidazu baketan zeuk, baketan laga.

P. EMAZTIA: Gau guztian amesetan ibilli naz, Pilatos.

PILATOS: Gaur? Ta noiz ez? Ames baño besterik egiten ete dozu?

P. EMAZTIA: Betiko zorakeriekin zabiz. Zartu ta igartu nazenian olako destañez beteten nazu aspaldi. Len etziñan nigaz olako, len.

PILATOS: Len, orain eta beti.

P. EMAZTIA: Dana dala, Jesus orregaz kontuz ibilli. Beragan gizon utsa ez dan zerbait dagola agirian dago. Zer egin dau gizon orrek erritar zoruok orrela jarduteko?

PILATOS: Ni-neuk ha dakit zelan jokatu. Zeure zeregiñetara juan zaite.

P. EMAZTIA: Zegaitik ames egin ete dot nik gizon ori errugabia dala?

PILATOS: Beste ames askoren barri ba ete dakizu?

P. EMAZTIA: Bein ba da be entzun egidazu. Zoro asko dabiz munduduan, zoro asko. Nastau nai zaitube. Orrek eztauka olako itxurarik.

PILATOS: Amaika ba gabiz gu burua nun dogun eztakigula.

P. EMAZTIA: Nigaitik diñozu ori?

PILATOS: Ba gabiz, esan dot.

P. EMAZTIA: Gaur asarre eguna dozu, ezta? Zeure musturrok erakutsi nai dozunari. Baña gizon orrek burukomiñik ez daitzula emon. Entzun zer diñotzun zeure emazte... txotxiñak. (Juaten da.)

PILATOS: Zuk baño obeto dakit nik emen gauza garbirik ez danik. Eta txarrena, zer egin jakin ez. (Txaloka dei egiñaz.) Ekarri egizue Jesus ori. (Errizaiñak JESUS ekarten dabe. Kale aldetik TOBIAS, ELIAS eta ERRITARRAK agertuko dira. JESUS'eri:) Judearren errege zara orduan?

JESUS: Zeure bostian diñozu ori ala beste batzuk esan dautzue?

PILATOS: Judearra ete naz ba ni? Zure erritarrak eta eleiz gizonak ekarri zaitue ona. Zer egin dozu?

JESUS: Nire erreinua ez da mundu onetakua. Emengua ba litz nire ordezkariak alegiñak alegin egingo zituen judearren aurrera ni ez ekarteko. Baña nire erreinua ez da emengua.

PILATOS: Errege zara benetan?

JESUS: Zeuk diñozu errege nazela.

ELIAS: Entzuten zer diñon?

PILATOS: Ixi!

JESUS: Ni egia erakustera etorri naz mundura. Orretantxe bakarrik Egiagaz dabillenak nire esana entzuten dau.

TOBIAS: Etzenduke entzun be egin biar olako guzurrik.

PILATOS: Ixilik, mesedez. Egia zer da?

ELIAS: Zetarako autuetan berari lagundu?

PILATOS: Nik ez dot errurik billatzen beragan.

TOBIAS: Zek itsututen zaitu ainbestetan?

ELIAS: Guzurtia da.

TOBIAS: Gaizkillea da. Lapurra.

ELIAS: Errege dala diño, errege. Nungo errege?

 

(PILATOS'ek eurei jaramonik egin barik leyora urteten dan ta erritarrei didarrez:)

 

PILATOS: Zer nai dozue egin daidala?

ERRITARRAK: (Kantuz, Dubois'en «Reus est mortis»-en eresiaz.)

 

                Kurutzean il! Kurutzean il!

                Josi! Josi! Kurutzean josi!

 

PILATOS: Zegaitik kurutzetu? Zer dala ta?

ERRITARRAK: (Kantuz.) Kurutzean il! Kurutzean il!

                Erun! Erun! Kurutzera erun!

 

PILATOS: Pazkotarako, oitura danez, gaizkille bat libre laga neiketzue. Or dozue Barrabas, danok bildurrez ibilli zaituena. Jesus ala Barrabas nai dozue libre lagatia?

ERRITARRAK: (Kantuz.) Barrabas'ei laga! Barrabas'ei laga!

                Jesus! Jesus! Kurutzetu Jesus!

PILATOS: (Bere artean, minduta.) Barraba!! (Erritarrei.) Pentsau ondo. Jesus ala Barrabas?

ERRITARRAK: (Kantuz.) Barrabas'ei laga! Barrabas'ei laga!

                Jesus josi! Kurutzean josi!

PILATOS: (Errizañei, asarre.) Eruan barrura ta zigorrez bete egizue ta arantzazko koroia buruan ipiñi... Judearren errege oneri. (Bere artean.) Ia erri au orrela biguntzen ete dan.

 

(Errizaiñak Jesus barrura eruaten dabe. PILATOS batetik bestera buruastetan dabil, egon eziñez.)

 

ELIAS: Ezin zeinke gizon oneri baketan laga.

TOBIAS: Entzun dozu erri osuak ze eskatzen daben.

ELIAS: Erriaren agintari zariala konturatu.

TOBIAS: Guzurti lez agertu da, Jaungoikuaren aurkako guzurrez.

ELIAS: Jaungoikuaren aurka dabil beti, kalian, eleizan eta zeure aurrian be bai.

TOBIAS: Errege dala diño. Nundik norako errege?

ELIAS: Zesar nun lagaten dau orrek, gure Zesar?

TOBIAS: Orrek Zesar'entzako menpetasunik ez dau agertu nai.

ELIAS: Zitalkeria ta sorginkeria baño ez dau erabilli gaixo ta goseti batzuk bere alde jarteko.

TOBIAS: Bere alde ta danon aurka.

PILATOS: Ixilik egon zaiteze, mesedez. Enagizue berotu.

ELIAS: Entzun dozu zer esan daben.

TOBIAS: Ezin zeinke esan zeuk, zeuk entzun ez dozunik.

ELIAS: Zegaitik erabagi bat artu nai ez?

TOBIAS: Jaungoikuaren Seme dala diño, Jaungoikuaren Seme.

ELIAS: Eztakizu pekatu ori legeak ze eratan zigortzen daben?

 

(JESUS agertzen da errizaiñen artian. Arantzazko koroia dakar buruan. Tunika gorria lepoan.)

 

PILATOS: (Leyotik erritarrei.) Zeuon aurrera ekarriko dautsuet ikusi dagizuen errurik ez daukala. Ara emen gizona!

ERRITARRAK: Guk legia dogu ta lege ori beteaz il egin bear da. Il! Il!

PILATOS: Nungua zara? (JESUS ixilik.) Zegaitik ez daustazu berbarik egiten? Eztakizu kurutzetu zeinkezana?

JESUS: Goitik artu ezik etzenduke aginpiderik. Zugana ekarri nabenak pekatu andiago egiten dau.

ELIAS: Ointxe bertan geure aurka diardu.

TOBIAS: Ez ete da naiko orixe berori bein beragaz amaitzeko?

PILATOS: (Erritarrei.) Gizonak! Pentsau egizue...

ERRITARRAK: Ez dogu nai berba gozorik! Kurutzetu!

 

        (Kantuz.) Kurutzean il! Kurutzean il!

                Josi! Josi! Kurutzean josi!

 

PILATOS: Zegaitik baña? Zer dala ta?

ERRITARRAK: Jaungoikozko pekatu egin dau. Il! Il!

 

        (Kantuz.) Kurutzean il! Kurutzean il!

                Erun! Erun! Kurutzera erun!

 

PILATOS: Zuen erregea kurutzetu?

ERRITARRAK: (Kantuz.) Kurutzean josi! Kurutzean josi!

                Josi! Josi! Josi!

 

PILATOS: Zer da beragan orretarako? Zer billatzen dautsazue?

ERRITARRAK: (Kantuz.)

                Bere odola jausi bedi

                gure ta semien gain.

                Kurutzean il! Kurutzean il!

                Josi! Josi! Josi!

 

(PILATOS'ek burua makurtzen dau zer egin eztakiala.)

 

OYALA

 

Jaunaren bidean, Augustin Zubikarai
Egan, 5/6-1959