Jaunaren bidean, Augustin Zubikarai IV. GETSEMANI JESUS, PEDRO, SANTIAGO, JUAN, AINGERUA, JUDAS, MALKO, ERRIZAÑAK, GIZONAK, ELIAS, TOBIAS eta ISAAK Getsemani'ko baratzean. Gaua. IRAGARLE: (Oyala zabaldu aurretik, kantuz. Doñua: «Aitak eta Amak»: P. Donosti, C. s66.) Getsemaniko ortuan Maixua otoitzean, gure pekatu danen astunez izerditan. Goiko Jaunaren laguntza nai garraztasuna kendu al ba zan. Gauaren illunean Judas amesetan, bere Maixua saltzeko tratuetan. Zapukeri okerragorik beste batek asmau ezin. (Oyala zabaltzean abeslariak Victoria'ren «Una hora» abestuten diardue. PEDRO, SANTIAGO eta JUAN, egal baten, lo. Beste aldean JESUS otoitzean. Otoi mintsu, itzal, naigabetsuan.) JESUS: Aita! Aita ona! Dan dana al dozu... dan dana... Urrundu, kendu nigandik eginbiar latz au; baztertu nigandik kaliza garratz au... Baña ez nik nai dodan lez... ez. Ez nik gura neuken lez, zeuk nai dozun lez baño. (Astirotsu Apostoluak dagozan aldera dua. Maitekor, PEDRO lepoan joaz:) Simon...! Simon...! Lo? Lo? PEDRO: (Ezin itxarturik.) Zer Jauna, zer? Gaba be astuna da ta! JESUS: Ordu bete ezin egon zarie esna, itxartuta? PEDRO: Jauna! Gaur ibilli be asko egin gara ta! JESUS: Zur egon eta erregutu, tentaziñoietan sartu etzaitezen. Gogua, arimia, prest dago, Simon, baña aragia, gorputza, gaixo. (Len otoitzean egon dan tokira dua ta barriro otoi dagi, gero ta kezkatiago. Eskuak goruntz jasoaz:) Aita...! Aita...! AINGERUA: (Bordes'en «Triste naiz biotzetik» ren doñuaz, abeslari agertzen da.) Triste naiz biotzetik, itzal barrenetik... Zure Aitaren miña barriz geyago oraindik. Maite zaitu iñor maite izanik, ala dalarik itzalago zure errukiz. JESUS: (Kantuz. Doñua: «O Jesus gurutzera»: P. Donosti.) Aitaren bialdua, nigana zetan zatoz orain? Nire gogua ez ete da Maitasunari ernai? Garratz eta itzalez arkitzen naiz, Aingerua. Dar-dar-dar nire gorputza, lerturik nire biotza. AINGERUA: Adorez zaite Jesus Aitaren aginduz; gizonaren errukiz ekin, ez gaindu penekin. Gizona salbatzekotan dalarik, zure odolaz izango da bakar bakarrik. JESUS: Naizen guztia eskintzeko gertu naz beti. Aitaren borondatea nigan osotu bedi. Dakartzun kaliz ortan odol gorriz ikusten naz. Nire gurariz barik, dana bedi Aitarenaz. (Aingerua juaten da.) Jauna! Aita! Zure borondatea beti, beti... ta ez nirea. (Apostoluekana urreratuaz.) Ai Simon! Simon! Lo egizue onezkero. Lo egin ta atseden. Ordua eldu da. Gizonaron Semia pekatarien eskuetan saldua dala ikusi egizue. PEDRO: Zer diñozu, Jauna, zer? JUAN: Ze pasaten da, Maixua? JESUS: Altza... yagi. Ara nun datorren ni salduko nabena. Ara bertan. (Apostoluak altzaten dira bildurrez. JUDAS, MALKO, ELIAS, TOBIAS, ERRIZAÑAK eta GIZONAK sartzen dira.) JUDAS: (Belarrira, MALKO'ri.) Nik besarkatuten dodana, axe izango da. MALKO: Or dagon ori da? JUDAS: Ixo! Nik besarkatuten dodana. PEDRO: Ene ba da! JUAN: Zein dira oneik? SANTIAGO: Zetan datoz? JUAN: Judas ez da ba ori, judas? JUDAS: (Belarrira.) Laster gero, laster. (JESUS'eri.) Maixua! JESUS: (Bigun.) Ai adiskide! Zetan zatoz? Judas! Musu bategaz salduko dozu gizonaren semia? (Gizonei.) Zeñen billa, zatoze? GUZTIAK: Nazaret'eko Jesus. JESUS: (Adoretsu.) Neu naz. (Ori entzutean danak bildurrez atzeratzen dira.) Zein nai dozue, zein? GUZTIAK: Nazaret'ko Jesus. JESUS: Esan dautsuet neu nazala. Nire billa ba zabize laga onei euren bidian. PEDRO: Jauna, nora gu? JUAN: Gu zeu lagata? PEDRO: Ez nire ezpatiak indarrik ba dau. (Asarre MALKO joten dau ezpatiagaz. Onek belarririk odola ikustean berotzen agertu bedi.) JESUS: (Zoli.) Pedro! Gorde egizu ezpata ori bere tokian. Uste dozu, nai izan ezkero, nire Aitak aingeru talderik eleukela bialduko danok birrinduteko? MALKO: (PEDRO'ri.) Ezpatiagaz niri lotsagalduko orrek? (Jarki ondoren Apostoluak iges egiten dabe. ISAAK sartzen da ikus miñez.) Auxe be euretarra da. Kolpe berari. Eutsi. (Errizain bat tengadaka asten jako, baña iges egiten dautso ISAAK'ek esanaz.) ISAAK: Ni? Nik zer egin dot ba? (Igeska dua.) (ELIAS eta TOBIAS'ek Errizaiñei JESUS lotzeko agintzen dautse. ELIAS'ek JUDAS'eri diru boltsia emoten dautsa. Abeslariak Victoria'ren «Judas mercator» abestuten asiko dira.) JESUS: Lapurra ba nitz lez etorri zarie nire billa ezpata ta guzti. Egunero egon izan zan eleizan zueri irakasten. Baketan lagaten zeusten orduan. Baña auxe da zuen ordua. Zuena eta... (JUDAS'eri begiratuz) gaiztakeriarena. (JUDAS'ek lotsatuta, JESUS berari begira ikustean, diru boltsia jaurti egiten dau... ta igeska asi.) OYALA Jaunaren bidean, Augustin Zubikarai |