Jaunaren bidean, Augustin Zubikarai
Egan, 5/6-1959

 

III. AZKEN APARIA

 

JESUS, PEDRO, JUAN, ANDRES, SANTIAGO, FELIPE, BARTOLOME, TOMAS, MATEO, ZEBEDEO, TADEO, SIMON eta JUDAS

 

Azken apari tokia. Mai luzea. Apostoluak mai inguruan. Eztitsu ta samur egin bedi irudi au. Abestiak gozo ta bigun.

 

IRAGARLE: (Oyala zabaldu aurretik. Kantuz. Doñua: «Uso, luma gris gaxua»: Salaberri.)

                Apostoluak batuta Maixu onan inguruan,

                Pazku eguna ospatzen Jesus'ek nai moduan.

                Nok uste euren artian zanik Jaunaren saltzallerik?

                Ase ezin, ezin asetu Judas'en biotz zitalik.

 

                Agindu bigun biguna Jaunak zabal emon dauna.

                Agindu miraritsua, Jaunak orain emonikua.

                Bere inguruan egonagaitik salduko eban laguna,

                Jesus'ek berba gozoetan guztiontzat maitasuna.

 

(Oyala zabaltzean JESUS Apostoluei oñak garbitzea amaitzen diardu. PEDRO'ren ondora, urreratuaz:)

 

PEDRO: Niri ez, Maixua, niri ez!

JESUS: (Maitetsu.) Pedro...!

PEDRO: Zegaitik, baña, zuk niri oñak garbitu?

JESUS: Nik egiten dodanaz etzara konturatzen. Urrengo baten igarri ta jakingo dozu.

PEDRO: Sekula bez zuk niri oñik garbitu, Maixua. Sekula bez. Ez! Ez! Ezta... ezta... Sekula bez!

JESUS: Garbitzen ez ba zaitut eztozu nirekin parterik eukiko.

PEDRO: Ola ba da, ori benetan ba diñozu, ez bakarrik oñak, bai eskuak eta burua be.

JESUS: Garbi dagonak garbitzea naiko dau, danez garbi dalako. Zuek garbi zagoze... baña ez danok. (PEDRO'ri oñak garbitzen dautsoz. Mai burura urreratuaz.) Ba dakizue zuekin zer egin dodan. Maixua deitzen daustazue. Ondo deitu be. Nik, Maixu ta Jauna izanik garbitu ba zaituet, ikasi alkarri bardin egiten. Irakatsi asko emon nai izan dautsuet. Laster dator nire ordua. Laster. Azkenengo kontsejuak emoten nabil, azkenengo aginduak. Laster... Zuetariko batek saldu egingo nau.

 

(Apostoluak kezkaz lotuten dira.)

 

MATEO: Neuk ez beintzat.

PEDRO: Saldu diñozu? Zegaitik ori?

SANTIAGO: Saldu? Zelan saldu?

PEDRO: Zegaitik eztozu argiago itz egiten?

MATEO: Erakutsi egin biar zenduke zein dan ori. Zeñek saldu zeinke, ba, emen?

PEDRO: (JUAN'eri.) Zeñegaitik diño?

JUAN: (JESUS'eri.) Zein da ori, Maixua, zein?

JESUS: Bustiko dodan ogia emoten dautsadana, axe izango da.

 

(Astirotsu ogi sati bat busti ta JUDAS'eri emoten juaten da, Apostoluak kezkaz...)

 

JUDAS: Ni ete naz ba, Maixua, ni?

JESUS: Zeuk esan dozu. (Samur.) Egin biar dozuna arin egizu. (JUDAS JESUS'eri begira geratzen da, lotsaz. Gerotxuago lotsa orrek gainduta, makurtuta, iges egiten dau. Beste Apostoluak zurbilduta lez gelditzen dira, zer egin eztakiela, itzik esateko adore barik, Barriro bere tokira urreratuaz.) Orain Jaungoikuaren Semia goratua da ta Jaungoiko berbera beragaz. Semetxouk: Pixkabaten zuekin nago. Laster juan biarko naz, laster.

PEDRO: Nora jun? Geu lagata ez beintzat.

JESUS: Nuan lekura ezin zeinkie etorri.

PEDRO: Neu etorri ez?

JESUS: (Sarnur.) Pedro! Pedro! (Abestia leun-leun. Maitasun abestia. Haller'en «Cenantibus illis».) Agindu barri bat emoten dautsuet. Alkar maite egizuela. Neuk maite izan zaituedan lez, zuen artian be maite izan zaiteze. Orretantxe ezagutuko zaitue nire bialduak zariela. Alkarrentzako maitasunean. Bene-benetan nai izan dot gaur Pazko au zuekin igaro.

PEDRO: Kezkatuta lagaten gaituzu gaur dabizuzan esanekin.

JESUS: Geyago ezin izango dot Jaungoikuaren erreinuan sartu arte.

PEDRO: Zegaitik diarduzu baña gaur ain itzal ta illun berbetan?

JESUS: (PEDRO'ren esanei jaramonik egin barik ogia bedeinkatu, zatitu ta danei emoten dautse, astirotsu ta maitasunez.) Auxe da nire gorputza, zuekaitik eskiñia. Nire oroiz artu egizue beti. (Kaliza baten ardaua Jaungoikuari eskiñi, ogiaren antzera, bedeinkatu ba bertatik emonaz:) Kaliza au nire Testamentu barria da. Zuekaitik ixuriko dan nire odolarena... Au egiten dozuenetan, nigaz gogoratu zaiteze beti... beti... (Danei emon ondoren, otoitzean lez lotuten da une baten. Jaiki ta eskuak goruntz jasoaz.) Eldu da nire ordua. Guazen danok Jaunari eskerrak emonaz.

 

(Apostoluak be JESUS'en antzera eskuak goruntz jasoaz lotuten dira. Abeslariak andikiro ta utsu «Aintza Jaungoikuari» abestuten ekingo dautse: P. Bilbao'ren abestia.)

 

OYALA

 

Jaunaren bidean, Augustin Zubikarai
Egan, 5/6-1959