Txitra, Rabindranath Tagore
Egan, 1/3-1962

 

AZKEN AGERRALDIA

 

TXITRA'K: (Estarita.) Neure jaun, ondarreraiño ustuta dago txola dagoneko? Oro amaitu da daburduko, benetan be? Ez, guztia amaitu dan-arren zeozer geratuten da oindiño! Eta zeure aiñetan ezarten dodan neure azken-oparia baita... Politasunez bardiñik bageko pitxiak (lorak) ekarri nebazan nik lilitegi ortzikoitik zu gurtuteko, neure Jainko laztan ori! Gurketak amaitu dira, pitxiak zimelduta dagoz, eta jauretxetik erraztuten itxi egidazu. (Estalgetu, ta bere lelengo gizon-jazkiaz agertan da.) Eta orain, begiratu begi samurrekaz jauresten zauzanari! Enaz gurtuteko erabilli nebazan loreak baizen ederkiro egin-egiñekoa; akats eta zetakaz betea naz ba-ta. Lurbira-bide aundiko bideztia nozu, jazkiak zikin daukadaz eta oiñak arantzaz odolduta. Nun jadetsi aal ete negike nik neuk loren zoragarritasuna, une bateko bizitzearen sorginkeri orbangea? Au arrokeriz dakartsudan emoi au, emakume-biotza dozu. Biotz onetantxe batuta damotsudaz auts-alabearen samin guztiak eta pozkida guztiak, itxarokizunak, bildur eta lotsariak; biotz onetatik jagiten da maitetasuna, bizitza illezkorrerantz burruka. Lorrinkeri bat ba-dauko, baia mazala ta aundia da; ta lorearen gurketea amaitu baldin bada, nazan lakoa onartu nagizu, ene Jaun orrek, zeure gomenkaritza, betiko! Txitra natxatzu; Bakaldunaren alabea. Gogoratuko yatzu, aurki, Shiba'ren jauretxera apaingarri ta soiñeko aberatsez, gizon-antzean, lotsagarriro maitasuna egiten, egun batez eldu ekizun emakumeaz. Ezetza emon zeutsan zuk. Ondo egin zenduan, neure Bakaldun orrek, emakume a neure samoa zan ba-ta. Ilkorrek iñoz izan ez datekean taiu dizdirakoia jadetsi neban gero jainkoekandik, urte beterako, ta azpikeri-zamaz adorekatu neban neure gizurenaren biotza. Zigur izan baia, orain enazela ni orduan nintzan emakume ber-bera! Txitra nozu ni. Enaiatzu jauretsi oi direan urtzimeetarikoa, ez-eta ardura bage erail oi direan sitsaren antzeko gurkaitasunik gabeko ganorabakoa bere. Galtzori ta azartasuneko bidean zeure ondoan jagon ba-naizu, zeure bizitzako egin-bear andietan lagun izaten laketu ba-dadistazu, ezagutuko dozu nire egiazko izatea. Eta au neure erraietan alikatuten dodan zeure seme au gizaseme jaio ba-daite jaio, Arjuna lakoa izaten irakatsiko dautsat neuk, eta bidali egingo dautsut aldia daitekenean. Orduantxe jakingo dozu, azkenez, nor nazan. Errege-alaba Txitra baiño ezin eskiñi negikezu, nik, egun.

ARJUNA'K: Beterik dago nire bizitzea, neure maite ori.

 

AMAIA

 

Txitra, Rabindranath Tagore
Egan, 1/3-1962