Txitra, Rabindranath Tagore
Egan, 1/3-1962

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

TXITRA'K: Ez, olakorik ez! Gogo-barru goseberatik setati urten legikeen eskuakaz oratu bearrik naukan begirakune orreri arpegi emon, bularra erdibitu bearrik auzka nabari aren biotza, zarata aierkorra soin guztiai bultzaka dabela ta gero eskekoaren antzean azken-agurra egin..., ez, olakorik ezin daiteke! (MADANA eta BASANTA sartuten dira.) Ene! Maitasuna'ren Jainko, zelako gar izugarrira jaurti nozu! Erretan nago ta erre-azo dagit ikutu dagidan guztia!

MADANA'K: Bart zer jazo zan?

TXITRA'K: Bedatseko loren orriz or-emen txirripistindutako ogean etzan nintzan, illunduten yoianean, eta Arjuna'k nire edertasuna dala-ta egin eban goramen arrigarriatzaz oldozten jarri nintzan egun luzean batutako eztia tangadaka-tangadaka muxtetan. Aantzi egin ekidazan joandako nire bizitzearen edestia ta leenagoko neure izateena. Labankerizko burrundara osoa ta oianen zurru-murruots guztia adituteko ordu igeskor batzu baiño ez dauzan lorearen antzera nabaitan neban neure burua, eta gero jatsi egin bear begiak zerutik, bekokia makurtu, ta autsetan itxi, antziz, deskeillarik bage, joandakorik ez etorkizunik bageko une bete-betearen edesti laburra aulantxe amaituta.

BASANTA'K: Aintzaren amaibageko bizitzea goiz ber-beretan loratu ta igatu daiteke.

MADANA'K: Abesti baten bitartune laburrean amaibako esangurea lez.

TXITRA'K: Ego-aldeko aize bigunak lo-azo nenduan xeraka. Aterpea egiztan malati-zeru loratsutik laztan ixiltsuak jausten zirean nire soiñaren ganera, ta ilteko etzuntokia aurkituten eban lora bakoitzak neure adatsean, neure bularrean, eta neure oiñetan. Lo negian nik. Eta bapatez, begikune luze-sakon batek ikututen ebala nire soin loak artua uste neban, neure loaren sakonetan, suaren atz zorrotzak ikutu egikienez. Zutundu nintzan biotz-ikaraz, eta aurrez-aurre ikusi neban Padarra. Igetargia azkenetan zan eta orri-arteti begira egoan giza-taiu auskorrean landutako jainkotar antzearen arrigarritasuna barrandatuten. Usaiñez zamauta egoan eguratsa; arratsaren ixillak itz egian txirri-txirrien abestiz; zugatzen gerizetak aintziran egozan dingilizka geldi-geldi; ta antxe egoan zutunik, luze, zuzen, tinko oianeko zugatz-antzo makillea eskuan ebala. Bizitzako egiztapen guztientzat il nintzala, ta amesetako jaiotzaz begitasunezko bizitzara igaro nintzala, nabari neban neure begiak edegikeran. Oiñetara jausi ekidan lotsea, jantzi askatua jausten danez: «Maite ori! Neure maite ori!» ziraustala entzun neban. Eta, orduan, aantzitako neure bizitza guztiak bat egin zirean eta erantzun eutsoen: «Ar nagizu, euki nagizu nazan au!» Eta luzatu egin neutsazan besoak. Zugatzen oztera sartu zan igetargia, ta illuntasunezko errezela atek estali eban guztia. Ortzilurrak, aldiak eta bitartuneak, atsegiñak eta miñak, eriotzeak eta bizitzeak bat egin eben eziñaren birloratasunean... Goizaldeko argi-astean, txorien leen-txioekaz batera jesarri ta ezkerreko besoaren ganean burua dodala jarri nintzan. Arjuna'k lo zirauan. Igetargi barriak goizean euki daroan antzeko ardura bageko irribarrea eukan ezpan-inguruan, eta goizabarraren dizdira gorriubelak ikututen eutsan bere aitor-bekokia. Antzika jagi nintzan; alkartu nebazan biurdika orritsuak, daburduko irradaka sartuten zan eguzkia aren arpegitik kentako ta, ingurura begiratuta, egunero ikusten neban lur zaarra ikusi neban. Aurretiaz zer izan nintzan gogoratu neban, eta sherafi-loraz garaztautako oian-zidorrez arin-arinka joan nintzan bere buruaren gerizeaz ikeratuta joan doan oreiñaren antzean. Zokondo bakartsurik aurkitu neban, jesarri nintzan eta, esku biakaz arpegia estalita negar eta oiu egin gura izan neban, baiña etxatan anpulurik begietara etorri.

MADANA'K: Ilkorren alaba orren zoritxarra! Zerutar ardau urrintsua ostu neban altxor urtzikoitik, eta areaz bete, ganez eragin-arte, ludiaren gau bat, eta zeure eskuan ipiñi neban edan zegian; eta oraindik diadar dagizu larritasunez!

TXITRA'K: (Samintasunez.) Nok edan eban? Bizitzako gurarien betetasunik bakanena eskiñia izan ekidan, maitetasunaren lelengo alkartasuna; baiña erausi egin eustien eskuetatik! Au maillegautako edertasun au, argituten naben aizunkeri au, larregi edegitako pitxiaren orriak jausten direanez jausiko da nigandik, alkartze eztiaren edergaillu bakarra eroanez; eta betiko jesarriko da emakumea, oraintxe, bere billoistasun txiroaz lotsatuta, gau ta egun negarrari ekiteko. Maitetasunaren Jainko ori, onek txerrenaren antzean jarraituten daustan etxurapen madarikatu onek, neure maitalearen bezuza guztiak, neure biotzak egarri dauzan laztan guztiak ostuez darraizt!

MADANA'K: Zure gau bakarra bai izan zatekean alperrekoa! Betaurrean zeukan poz-txalupea baia ugiñak ez eutsoen laga zure bazterrari ikututen.

TXITRA'K: Esku-eskuetan neukan zerua, eta aantzi bere egin ekidan lipar batez, jadetsita eneukanik; eta goizean, neure amesetatik iratzarkeran, nire gorputza neure buruaren naikide bitirtu zala ikusi neban. Bai dala egikizun gorrotogarria apaindu, ta neure maitaleari bidali ta berak xerakatuten ikustea! Oi, Urtzi, baztertu egizu nigandik zeure esker ori!

MADANA'K: Esker barik itxi ba-zaidaz itxi, zelan aurkeztu zeintekez zeure maitaleagana? Elitzake ankerkeria bere ezpanetatik edontzia zeuk kendutea atsegiñaren aurrerengo zurruztadea ozta muxtau dagienerako? Orduan bai begiratuko leuskezula amurruzko samintasunaz!

TXITRA'K: Olan izan baiño oba neuke berein bidar! Neure egiazko izatea agertuko dautsat, au marro-jantzi au baiño jatorragoa! Ezezkoa emon ba-dadist, arbuiau eta biotza aldendu ba-dadist, ixillean jasango dot!

BASANTA'K: Entzun neure aolkua. Lora-aroa igaro ta udagoena eldu daitenean, igaliaren garaitza izango da. Berez elduko da soiña beroaz igunduta aren ezetasuna erkindu daiteken aldia; eta, orduan, pozarren onartuko dan Arjuna'k betiko geratu dagikizun egia onurakorra. Biurtu zaitez zeure zorabiltasunaren jaira!

 

Txitra, Rabindranath Tagore
Egan, 1/3-1962