Ohe deseginak
Patxi Zubizarreta
Ohe deseginak
Patxi Zubizarreta
Kutxa Fundazioa, 2008

 

9. AGERRALDIA

 

teresa eta migel sauna batean daude, bainujantziarekin, lurrun-lanbro artean, apenas ikusten direla. Ohea, berez sofa tolesgarria ere bada, eta laino artean bi kamainako eser-etzalekua dirudi. Goikoan migel eserita dago, makurtu antzean, eskua eskuaren kontra (Hopper-en Hoteleko logela koadroko eszena dirudi). Urduri, hanka bati eragin eta eragin dabil. teresa behekoan dago eta agerraldia hastearekin batera etzan egiten da.

 

MIGEL: (Apal) Lehenago etorri behar genuen. Txorrotada horiek, eta batez ere lokatzezko masaiak, hildakoak ere pizteko modukoak dira.

 

(Isilunea).

 

            Barkatu...

TERESA: Niri, hemen, berriz, arnasa falta zait.

MIGEL: Haurrak ekartzean, ematen du ama edo aita rola hartzen dugula, esan nahi dut dimititu egiten dugula emakume edo gizon izateaz. Mimo gehiago eman behar diogu geure buruari, Teresa. Eta elkarri denbora gehiago dedikatu. Armoniaren edo orekaren kudeaketa deitzen diot nik horri.

 

(migel teresaren albora jaitsi da).

 

            Susmoa dut gauza asko dugula kontatzeko...

TERESA: Arnasa falta zait.

MIGEL: Lehen ere esan didazu. Baina behar bezala amaitu behar dugu balnearioko ibilbidea. Hartu airea astiro-astiro..., garbitu birikak.

TERESA: Ez, esan nahi dut arnasa falta zaidala, baina ez hemen bakarrik.

 

(Eseri egin da; postura hartu ezinik dabil. Ezin polikiago, isilean, ausartuko ez balitz bezala, karlosi eskutik heldu dio).

 

MIGEL: Ze azkar pasatu den guztia, ezta?

TERESA: Ezin dut gogotik kendu. Ez zegoen ongi, baina horren gaizki ere ez. Baina ez dakit zeinek ematen didan penarik handiena. Ama joan da, baina aita da orain bakarrik geratu dena...

MIGEL: Gurera ekartzea bururatu zaizu? Esan egia.

TERESA: Ez, Migel, zaude lasai. Aita eta senar gabe geratuko nintzateke. Ez naiz hiltzaile bat..., suizida bat.

 

(Negar apur bat).

 

            Ze ongi disimulatzen den hemen negarra... (Barnerantza zintz eginez).

            Arnasa, aitari ere faltako litzaioke hirian.

 

(Isilunea).

 

            “Ui, Pedro, uste dut hil egin behar dudala”, esan zion bat-batean. “Emadazu musu bat, Pedro”. Niri ez zidan esan, aitari baizik. Nahiz eta ni ere han egon. Eta aulkitik altxatzen hasi berritan, hortxe geratu zen. Horixe izan zen guztia... Azkar, bai, oso azkar.

MIGEL: Badakizu nire jaioterria gorroto dudala, simaur usaina, baina zure amaren heriotza, herrian, eramangarriagoa egin zait. Auzuneko lagunak ikusten ari naiz oraindik, arrosario ondoko jan-edanean, kontu-kontari, gero eta animosoago. Tanatorioetan ez dago halako girorik. Gaur egun, goi sukaldaritza ere badute, baina halako txorizo muturrik, halako piperrik... Ummm. Gosea pizten ari zait.

TERESA: Zatoz. Besarkatu nazazu...

MIGEL: Barkatu...?

 

(Harriduraz, besarkaturen ordez, barkatu ulertu baitio).

 

TERESA: Besarkatu, Migel, besarkatu. Uste dut maite zaitudala...

 

(Ez dio migeli begiratzen; burua okertu du harenaren kontra).

 

MIGEL: Uste dut behar zaitudala... Ile bustiarekin oso sexy egoten zara.

TERESA: Batzuk joan, beste batzuk etorri... Eskerrak Jokin bi egun barru etortzekoa den... Gogoan dut bolada batean nola esaten zuen ez zuela hil nahi, gizajoa, zerura igoko zelako eta ez zuelako eguzkiarekin erre nahi...

MIGEL: Olentzero bezalakoa izan nahi zuela, hori ere esaten zuen, hark bezala dena jakin nahi zuelako...

TERESA: Nik ez dakit, ba, dena jakin nahi dudan... Beharbada guk ez dugu horren estupendo jarri behar, ezta, Migel? Sekretu ttikiek ez al dute bizitza eramangarriago egiten, gu geu ere erakargarriago egiten? Ez dakit.

 

(migel isilik geratu da).

 

MIGEL: Nik dakidana da goseak hilik nagoela. Nik uste ibilbide hidroespiritual hau amaitutzat eman dezakegula. Goazemazu hemendik.

 

(Altxatu eta berehala, antzezpen artifizialez).

 

            Ernest Shackleton nauzu. Iritsi da uharte honetatik alde egiteko garaia.