Ohe deseginak
Patxi Zubizarreta
Ohe deseginak
Patxi Zubizarreta
Kutxa Fundazioa, 2008

 

2. AGERRALDIA

 

Errepide bazterreko moteleko gela bilakatu da matrimonioko gela. Aurreko agerraldiko logelako egitura baliatuz, ohea erdi-erdian dago, baina ohazala aldatuta (Telebista ere, noski, aurrez aurre dago). Hoteletan egon ohi diren koadro kurtsi pareak ordezkatzen ditu lehengoak eta gizon-emakume bikote baten arropa lurrean barreiatua ageri da. teresa eta karlos ohean, larrualdia espantu handiegirik gabe amaitzen, bata bestearen gainera abailtzen. Kanpoaldetik, urrunxko, autoen hotsa, kamioi tutu urrunen batena.

 

TERESA: Bihotza ikaragarri azkar dabilkizu.

KARLOS: Inoiz pentsatu duzu larrutan zabiltzala, nirekin edo beste amoranteren batekin, elas!, bihotzak zapart egiten dizula? Imajinatu: epailea, forentsea aurrena eta gero senarra, semea, familia, lagunak...

TERESA: Ez esan txorakeriarik.

KARLOS: Gerta liteke. Baina nik galtzeko gutxiago izango nuke.

TERESA: Baikorragoa ere izan zintezke. Jende baikorrez inguratu beharra daukat, jende alaiaz. Hala agindu dit psikologoak. Eta lagunak aukeratzean sibarita izateko...

 

(“Sibarita” esatean, hatz luzeaz bularraldea zanpatu dio karlosi. Segidan, biak bereizi eta ahoz gora geratu dira).

 

            Zigarro bat erreko nuke.

KARLOS: Aspaldian utzi zenion, ezta?

TERESA: Bai, baina oraindik ere larrualdia kearekin lotuta dago nire inkontzientean. Nekatua nabil, artega... Ez dakit: lana, Jokin kanpoan, gurasoak zaindu beharra... Lehenengo aldia da Jokin kanpora hainbeste denborarako doana. Bakarrik...

KARLOS: Eta, Migelekin zer moduz?

TERESA: Ongi. Beno.

 

(Isilunea).

 

            Ongi edo.

KARLOS: Edo?

TERESA: Ongi. Baina badakizu ez zaidala gustatzen zurekin berari buruz hitz egitea. Elizpeetan egoten dira ba, “Prohibido jugar a pelota bajo multa de 1 peseta”, ba horrela jarraitzen baduzu, gela honetan antzeko kartel bat ipini beharko dut. “Prohibido hablar de... de cónyuges”. Isuna 1000 eurokoa izango da, baina...

 

(Atzamar luzeaz mehatxu imintzioa eginez).

 

KARLOS: Nahiago nuke Hopper-en koadroa ipiniko bazenu, zure etxean bezala.

TERESA: Nola dakizu hori?

KARLOS: Zuk zeuk kontatu zenidan...! Ez al zara oroitzen?

 

(Harridura itxuratuz).

 

            Eta argitu zenidan originaleko itsas zatia aldatu egiten duzula zure aldartearen arabera. Gelatik ikusten den itsas paisaiaren zati hori aldatu egiten duzula. Zer ikusten da orain gelako atetik itsasoaren ordez?

TERESA: Edinburgoko kaleak, hirigunea... Jokinengatik egin nuen. Gelara etortzen zenean, esaten nion udalekuan ez dela bakarrik sentituko. Askotan sartuko naizela koadroko ate horretatik Edinburgora, eta beraren alboan egongo naizela, aingeru guardakoa bezala.

KARLOS: Zatoz, deabru guardakoa... Banuen zurekin egoteko gogoa.

TERESA: Nik ere bai.

KARLOS: Nahi baduzu, restopeko tabernara hurbilduko naiz tabako bila. Tres volontiers. Zu ongi egotea nahi dut.

TERESA: Ez, mesedez!!!

 

(Ohean apur bat agonduta, karlosen aldera).

 

            Hemen nahi zaitut. Eta zu, zer moduz azken aste honetan?

KARLOS: Ongi. Beno.

 

(Isilunea).

 

            Ongi edo.

 

(teresaren hizketa moduaren antzera ari da).

 

TERESA: Alua.

 

(Haserre itocurak eginez).

 

KARLOS: Ez, benetan. Hara eta hona ibili behar izan dut: Bartzelona, Paris, Berlin... Exekutiboen patua, badakizu.

TERESA: Ez pentsa inbidia ematen didazunik.

 

(Isilunea).

 

            Eta, noski, portu bakoitzean..., zera, aireportu bakoitzean...

KARLOS: Ez exajeratu. Baina, bai, tira, zerbait: azafataren bat, film pornoetako aktore bat, super bateko kutxazaina...

 

(Exajeratzen hasi da, espantuka).

 

TERESA: Alua!

 

(Musu ematera hurbildu zaio).

 

KARLOS: Eta zuk, ezagutu al duzu beste norbait?

TERESA: Ez. Badakizu aspaldian oso gizon interesgarri gutxi ikusten dudala. Askoz ere emakume interesgarri gehiago dabil nire inguruan. Zorigaitzez...

KARLOS: Eskerrik asko.

TERESA: Horrekin ez nuen esan nahi interesgarritzat zaitudanik. Oraindik ez dut zure definizioa egina, gigolo hori... Ez, benetan. Eta bakarren bat ezagututa ere, ezin izango nuke. Zu bota arte behintzat. Nire bihotzeko gelak dagoeneko beterik daude, beteegi...

KARLOS: Alua.

 

(teresak esan ohi duen bezala ahoskatuz).

 

            Seguru zuk nik baino gehiagotan egiten duzula... Larrutan, esan nahi dut.

TERESA: Badakizu ni letretakoa naizela. Ez zaizkit zenbakiak gustatzen. Kalitatea nahiago nik.

KARLOS: Ez, esan nahi dut zuk hartza etxean duzula, berak hor zaituela, nahi duenerako; zuk hor duzula, nahi duzunerako... Nik, ostera, bizitzaren oihanean edo zoologikoan bila ibili beharra daukat.

TERESA: Zure hautua da. Hala ere, jakingo duzu, noski, ezkonduen bizitza sexuala asteburuetara mugatzen dela... Lehen, akaso, bazkalondoetako kuluxketan ere bai, baina orain... Jokinekin eta... Ez da oso menage à trois erakargarria.

KARLOS: Ezin dizut ukatu. Entre nous, batzuetan inbidia ematen didazu. Batzuetan bakarrik, baina... Niretzat asteburuak monotono samarrak izaten dira. Nahiago normaltasuna, aste barrua, bilerak, erakusketak, mugimendua... Hor gozatzen dut gehien.

TERESA: Inbidia, nik? Notefa? Zuk niri bai, ordea, inbidia eman. Hara bestea! Orain hemen, orain han. Abenturak han, hitzorduak hemen... Burn out sindromerik gabe, psikologoak esaten duen bezala. Korrika ibili beharrik gabe.

 

(Mesanotxera hurbildu da erlojuari begiratzeko).

 

            Ene! Zortziak dira! Joan beharra daukat!

KARLOS: Hartza izango duzu zain, ezta? Batzuetan imajinatzen dut elurte batek harrapatzen gaituela, sekulakoa, eta, en plus, errepideak itxi beharrean daudela eta ezin zarela etxera itzuli.

 

(teresarengana jiratu eta haren gerri gainean eseri da. Begiak begietan).

 

            Egunerokotasunean ezagutu nahi zintuzket, ikusi nola esnatzen zaren, nola gosaltzen duzun, nolako lo-jantzia erabiltzen duzun, nolako txapinak... Zure logelako panpina ere ezagutu nahi nuke, zer esan zenuen jotzen zuela? Biolina?

TERESA: Hori ere kontatu dizut?

 

(karlosengandik askatuz, ohetik jaiki da).

 

            Uste nuen gure topaketa azkar hauetan ia ez genuela hitz egiten ...

 

(Janzten jarraitzen du; aurreko agerraldian bezala, ipurdi bistan geratu da, tanga hutsean, karlosen aldera. Honek ez dio begirik kentzen eta luze gabe gerritik heldu dio. Musuka hasi dira, gero eta sutsuago, harik eta teresaren telefonoa joka hasten den arte...).

 

KARLOS: Baietz asmatu nor den... Migel. Ça va de soi. Gertatu ohi da. Senarra beti emazteen bizimodua zapuzten...

 

(teresak, telefonoko pantaila ikusitakoan, begiak arranpalo, baiezko keinua egin du; segidan, karlosi zuzenduz, isiltzeko keinua egin dio haserre antzean).

 

TERESA: Bai...

 

(Begiak altxatu, besoa... egoera amorragarria zaiola erakusteko, “sentitzen dut”-eko imintzioa karlosi begira).

 

            Apur bat berandutu zait. Badakizu amak azken aldian tentsioa nik hartzea nahi izaten du eta oraindik ez dut guztiz asmatzen. Laster. Bai... Hamabi, sei. Ongi. Betiko moduan. Berenjena beteak?

 

(karlosi begira, sorbaldak goratu ditu).

 

            Primeran... Laster naiz.

 

(Sakelako telefonoa itzali du. Poltsan sartu).

 

            Sentitzen dut. Sukaldaritza eta enologia bilakatu dira haren erlijio berria.

 

(karlosi musu ematearekin batera).

 

KARLOS: On egin poxpolin... Edo nola deitzen dizu, ba, hartzak? Kattagorria, pantera...?

 

(Erantzun gabe, teresak di-da janzten amaitu, eta azken musua eskuan emanez eta karlosi airez bidaliz, azkar alde egin du).

 

TERESA: Egongo gara.

KARLOS: Haserre nago, jeloskor nago. Je suis desole. Tuntuna zara. (Azken esaldia, murriak dituen haurrarena eginez).

TERESA: Tori pa, bobolio.

 

(Erregistro berean agurtuz).

 

KARLOS: Agur boba... ry.

 

(Serioago, bere baitarako bezala, bakarrean geratzean).

 

            Agur Bobary...