Ohe deseginak
Patxi Zubizarreta
Ohe deseginak
Patxi Zubizarreta
Kutxa Fundazioa, 2008

 

4. AGERRALDIA

 

Moteleko gela berean migel ursularekin ageri da, ohean, arropak lurrean sakabanatuta. Mesanotxean botila bat wisky erdi hutsik... migel eta ursularen arteko larrualdiaren amaiera da. Arnasotsak entzuten dira.

 

MIGEL: Barkatu. Ez nuen uste hain azkar... Edan dudan guztiarekin uste nuen nekez...

URSULA: Ez kezkatu. Oso gustura egon naiz.

 

(Atzamar luzeaz migelen ahoa estaliz. Zigarroa piztu du eta atxiki bat eman dio).

 

MIGEL: Emadazu musu bat, arren.

URSULA: Nahi baduzu...

 

(Musu eman, eta zigarroa eskaini dio).

 

MIGEL: Ez, eskerrik asko. Ez dut erretzen. Baina erretzen dutenen musuak zinez atsegin ditut. Mendazko musuak baino egiazkoagoak zaizkit.

URSULA: Horrelako abentura asko izaten duzu?

MIGEL: Nire lagun baten hitzak erabiltzearren, halakoak bost urtez behin gertatzen dira. Baina baikorregia dela uste dut...

URSULA: Orduan?

MIGEL: Aukeran, nahiago bai. Esan nahi dut halako gehiago izatea ez legokeela gaizki. Gutxienez bost urtez behin apur bat arnasberritu, gogoberritu, gorputzberritu. Baina tamalez... Egia esan, aspaldiko partez, orain dela bi bat urte seko txoratu nintzen. Enpresako bilera batean ezagutu nuen... Ziur nengoen maitemintzeko organoa, organorik bada, herdoildua nuela, txatarrerako. Baina, ez, oso baldarra naiz... amodio kontuetan esan nahi dut. Mutilzahartu egin naiz, horra zer gertatu zaidan.

URSULA: Kontrako itxura duzu ba. Ahots horrekin...

MIGEL: Ahotsa gauza bat da, etorria bestea. Eta gorputza, ikusi duzu...

URSULA: (Maitekor). Ez exajeratu...

MIGEL: Ez, ez nuen asmatu, ez esaten, ez egiten. Hala ere, polita izan zen berriro ere nerabe baten antzera sentitzea, esna ametsak egitea, kantu batzuekin berriro halako kilimak sentitzea.

 

(Sabelean atzamarrez kilimak egiten ditu).

 

            Bestela, badakizu, amodioari etxeko zapatilak janzten dizkiozun momentutik... Eta zu?

URSULA: Ni bakarrik nago. Baina moldatzen naiz...

MIGEL: Barkatu atrebentzia, baina, lehen, zure begirada sarkor hori, lehenago, tabernan... Zergatik ni? Jende mordoxka zegoen...

 

(Aurpegia eskuz ukitu dio, kopetatik behera).

 

            Edozein modutan, ohore bat izan da.

URSULA: Barre egingo duzu, baina uste dut Beautiful girls-eko protagonista oroitarazi didazula. Erakargarria zara...

MIGEL: Ez dut uste ikusia dudanik. Zazpi urte honetan apenas joan naizen zinemara. Baina ikusiko dut. Ez izan zalantzarik. Bideo dendan alokatuko dut. Ikusi behar dut. Dena dela, poztasun handia eman didazu.

URSULA: Ni ere poztu naiz. Esan dizudanean edanegi zeundela eta zure autoa nik hartu beharko nuela, eta nik nahi nuen tokira eramango zintudala, pentsatu dut atzera egingo zenuela. Gizona, autoa... emakume baten esku uztea, ezagutzen ez duen emakume baten esku uztea...

 

(Beste musu bat).

 

            Ah, oraindik ez duzu amaitu lehen kontatzen hasi zaren esploratzaile horren historia ...

MIGEL: Gauza garrantzitsuagoak zeuden eta...

 

(Keinu lizun bat egin dio, atzamarra ezpainetatik pasatuz).

 

            Ernest Shackleton zuen izena. Antartikarako espedizio batean izotzak harrapatu zuen haren itsasontzia, “Endurance” itsasontzia. Egia esan, haren argazkia etxean daukat: oraindik hondoa jo gabe, izotz artean harrapatua, buruzut oraindik. Shackleton eta haren eskifaia ez atzera ez aurrera geratu ziren, baina esploratzaileak ez zuen etsi, eta izotz horretan urtebete baino denbora gehiago igaro, eta bertan iraunbizi ostean, txalupetan alde egin behar izan zuten. Izotzak orduan kraskatu zuen itsasontzia... Oso itsaso gaiztoarekin lehorrera heldu ziren, Elefante uhartera, baina handik ere gizon gutxi batzuekin irten behar izan zuen, harik eta beste uharte batera iristea lortu zuten arte...

URSULA: Haren ausardia miresten duzu...

MIGEL: Bai eta ez... Distantziak distantzia, pertsona bakoitza kapitain horren antzekoa iruditzen zait. Saiatzen da bere itsasontzia gidatzen, baina ez da konturatzen izotzetan harrapatua dagoela, bere itsasontzia ongi gidaturik ere, ez daukala zereginik. Eta, funtsean, izotzak daramala, edo patuak... edonora eraman ere. Gure ahalegin guztiak, funtsean, hutsalak dira, guztiz hutsalak. Ez al zaizu iruditzen? Hala ere, bai, Shackleton-ek marinel guztiak onik ekarri zituen. Egoskorra iruditzen zait, tematia, eredugarria hitza ez zait gustatzen, baina... Badakizu “Endurance” hitzak zer esan nahi duen, ezta? Gutxi dira, bera bezala, izotzetatik kosta ahala kosta irten eta berriro ere nabigatzen hasten direnak. Gutxi, oso gutxi.

URSULA: Filosofoa zara?

MIGEL: Filosofoa...?

            (Barre algara bat; baina bat-batean aldartea aldatu du, tristetu egin da). Noizbait, pleistozenoan, idealista izan nintzen, idealista patetikoa... Orain, neure burua, familia salbatzea aski dut. Idealista pragmatikoa, horra neure buruari nola deitzen diodan.

 

(Etena).

 

            Barkatu, isuri eta gero txizagale izaten naiz.

 

(Gelatik irtendakoan, komunetik sekulako txorrotada entzuten da). Badakizu txiza eserita egitea gustatzen zaidala, emakumeen antzera?

 

(Komun aldetik).

 

            Nire semea beti harritu egiten da.

 

(Berriro gelara itzuliz).

 

URSULA: Semea ere baduzu, beraz?

MIGEL: Jokin... Beharbada harritu egingo zara: emaztea hainbeste maite izanda, semea hainbeste maite izanda... zer egiten dudan zurekin.

URSULA: Ez eta bai.

 

(Sorbaldak goratuz).

 

MIGEL: Funtsean oso ahula naiz, oso hauskorra. Patetiko pragmatikoa...

 

(ursularengana abaildu da, haur ttiki baten antzera, haren titien bila).

 

URSULA: Dena dela, beti pertsona berarekin... maitagarriena izanda ere.

MIGEL: Lehen, lagunaren teoria azaldu dizut, bost urtean behineko opariarena... Baina ez dizut dena kontatu. Beharbada harritu egingo zara, baina birritan egon naiz putetan. Ez da, ezkondu askoren antzera, horren beharra sentitu dudalako, esperientzia hori izan nahi nuelako baizik. Hala ere, horrek ere ez nau asebete...

 

(ursulak, oso irribarre gaiztoz, errietan bezala hasi zaio, eskuaz nahaspilatu dio ilea azkenik: zer egingo zaio esanez bezala).

 

            Desioa hor dago.

 

(Zakila seinalatuz).

 

            Oldarkor, gainera. Baina orain internet-ek eskaintzen dit askabidea: merke, azkar, eskola polita da gainera... Edo komikiak. Joann Sfar-eta. Desioaren kudeaketa deitzen diot horri. Beharrak asetzen jakitea. Eta arrisku handiegirik ez hartzea.

URSULA: Ulertzen dut: familia bat eraiki duzu eta ez duzu galdu nahi... zure itsasontzia da, zure eskifaia...

MIGEL: Baliteke... Bera orain gurasoenean dago, oso zahar daude eta gaua haienean pasatzen ari da. Eta ni hemen. Askatu beharra neukan. Opari bat. “Ipini oasitxo bat zure basamortuan...”.

 

(Iragarkietako ahotsa antzeratuz eta atzamar luzea ursularen sexua seinalatuz. Gero, isilunea).

 

            Zerbait esan nahi nizuke, baina haserretzen ez bazara...

URSULA: Ut, ut, ut. Ez dut haserretzeko batere gogorik. Bota.

MIGEL: Hurrengo larrualdian, hurrengo larrualdian... zuokin biokin nagoela imajinatzea gustatuko litzaidake.

URSULA: Desioaren kudeaketa...