Ohe deseginak
Patxi Zubizarreta
Ohe deseginak
Patxi Zubizarreta
Kutxa Fundazioa, 2008

 

8. AGERRALDIA

 

MIGEL: Ahhh! (Plazerezko auhena).

 

migel ohean etzanda dago, alkandora hutsean —galtzerdiak erantzi gabe, hala ere— eta, lehentxeago masturbatzen ibilia baita, galtzontziloak altxatzen ari da. Ordenagailu eramangarriari begira dago oraindik, arnasotsak entzuten dira bertatik, interneteko bideo porno bat dela ematen du. Ahotsik gabe egon arren, telebista pizturik egongo da agerraldi osoan.

Ezker aldeko bazterrean, bera ere ordenagailuko pantailari begirik kendu gabe, karlos ageri da. migel altxatu eta badoa gelatik. Txizaren txorrotada bortitza entzuten da. Kanturen bat darabil hortz artean. Bitartean karlosek ohea zutik ipintzen du eta ohearen azpialde zuria, pantaila baten gisara, migelen ordenagailuarena bilakatzen da. Agertokiaren ezkerraldean, karlos berriro ere eseri da bere ordenagailuaren aurrean, eskuak igurzten ditu, irrikaz dago, gelditu ezinik. migel komunetik itzuli da, ordenagailu eramangarria altzoan duela kokoriko eseri da lurrean, eta idazten hasten denean hasten gara gu ere haren ohepantailan mezua ikusten —arnasotsak amaitu eta tekla hotsa entzuten da orain—. Idatzi bitartean hankari eragin eta eragin dabil.

 

MIGEL: (Mezua) Gertatu zaidak, Gerardo, gertatu zaidak!!! Ez nagok hilda. Hire teoria: txortaldia + bost urtez behin. Urte gehiago izan dituk, baina tira, gutxi-asko bete duk. Kristoren neska katxarroa. Nik ezer egin gabe. Harrapazak. Bost aldiz, motel. Etxafuegoak eta bolanderak. Teresarena ez beste gorputz bat. Halako zerbait behar nian. Lizunkeria pixka bat. Gorputz benetako bat, ezezaguna, ederra, hirearen bila antsiaka dabilena. Eta ez gorputz birtual bat (portzierto, ezagutzen al duk sexfunny.com helbidea?). Ez, bazakiat zer pentsatzen ari haizen, Teresarena ere ez dagoela gaizki. Eta arrazoi duk, ez zagok gaizki. Kabroia. Baina gogoan al duk Bukowskiren poema hura: Eman al diok inoiz musua panterari? Ikusi duk inoiz pantera amodioaz gozatzen? Ez dakik amodioa zer den, amigo, heure errubia tindatuekin, heure urtxintxa eta ardiekin... Horra: ez kattagorri ez ardi, pantera baizik, pantera emea. Izenak ere badik zerbait ezohikoa: Ursula... Ez zakiat zergatik, baina ez nioan ezkutatu ezkondua nintzela; horrekin batera, baina emagalduekin ibilia nintzela esan nioan, eta nik uste horrek ere morboa areagotu egin ziola. Igoal formula horrekin bihurtzen duk kattagorria pantera... Egizak froga. Nik beste bost bat urte itxaron beharko diat. Tamalez ez duk hirian gelditzekoa, biltzar batean zagoan, antza. Telefonoak trukatu ditiagu. Besterik ezean bost urte barru haren hirira joango nauk. Behar nian.

 

karlos, orain ohe-pantailaren aurrean astiro dabilena, telefonoa hartzekotan da. Zalantza une baten ondotik, hartu egin du.

 

KARLOS: Deitu egingo zioat! Ez nauk zain egongo. Kontatu egingo zioat. Azken batean, gauza hauek goizago edo geroago jakin egiten dituk...

 

(Markatzen hasi da. Sabaira begiratu du. Bitartean pantailan migelen testua aurrera doala ikusten da. Nolabait ere bi gelen arteko muga gaindituz, karlos migeli inguratzen zaio. Gorrotoz begiratzen dio).

 

            Ez diat barrenik! Hoa infernuko zulora! Teresa, nire deabru goardakoa... Ze luze egiten ari zaidan itxaronaldi hau. Zazpi egun hitzordutik hitzordura! Dena kontatuko diot? Berak ere badu zer kontatua. Dena jakitean pikutara joango da zuena. Hasi egingo da gurea. Beso zabalik izango nauzu ni...

 

(Bien bitartean, kafeteraren hotsa entzuten da. migel altxatu eta laster kikara batekin dator. Hurrupa laburrak hartuko ditu aurrerantzean. Kafearen usaina).

 

MIGEL: (Mezuaren jarraipena pantailan; tekla hotsa) Gogoan al duk gaztetan nola irabazi hidan gaileten apustua? Nik baietz 100 gaileta colacaotan jan; hik ezetz. Kristoren mariskada jokoan. Gogoan izango duk, noski, nola hasi nintzen, animoso, nola makaltzen hasi nintzen, baina gerrikoa askaturik nola jarraitu nuen temati, goilarakadaz goilarakada, harik eta gaileta ore hura nazkagarria egin zitzaidan arte; gainera, erdi pasatxoan edo egongo ninduan, baina gailetak ikaragarri gazi iruditzen hasi zitzaizkidaan, gazi oso, eta gerrikoa ez ezik brageta ere askatu, eta pasilloan barrena hasi ninduan, astiro, hormei eutsita; itzuli, itzuli ninduan, baina beste goilarakada bat hartu, eta zuzenean joan ninduan komunera. Bertan egonaldi ederra egin behar izan nian. Ezinean. Goitik. Behetik. Ba halakoxe egoera nahaspilatsuan nengoan Ursula agertu zaidanean. Gailetekin bezala, Teresarekin gogaitua. Edo bera nirekin. Ez zakiat, motel. Opari bat. Oasitxo bat basamortuan... Horra. Bai, bazakiat zer oroitzen ari haizen. Mariskada oraindik ez diadala ordaindu... Benetan, San Frantziskotik etortzen bahaiz, nire kontu. Hitz ematen diat. Eta hi, zer moduz? Bete al zaik hiri teoria? Kontatukoidak. Segi fuerte,

Migel

            (P.D.: niri ez ekarri gailetarik opari, baina Teresari Kaliforniako sagarrik ere ez; beste batean kontatuko diat zergatik. Gehienez ere, intxaurrak...).

TERESA: Migel?!!!

 

(Ate aldetik entzun da, teresa da, bueltan. karlos bera ere ikaratu egiten da eta, dardarizoa itxuratuz, bere bazterrera inguratu da, ordenagailura. Harakoan, baina, ohea bere onera ekarri du).

 

TERESA: (Hurbilago, ozenago). Migel?!!! Hemen al zaude?

MIGEL: Deabruaren buztana!

 

(Bere baitarako. Kolpe batez, ordenagailuko tapa zakar itxiz. Dagoeneko gelan agertu den teresa ohe deseginaz, senarra galtzontzilotan ikusteaz eta ohe gainean nola-hala dagoen jaka abandonatuaz ohartzen denean, begiak arranpalo geratzen da).

 

            Biharko bilerako akta gainbegiratzen ari nintzen...

 

(teresari ez zaio argibide nahikoa eta, migeli begirakune suntsitzailea josiz, zakar doa gelatik. Kaleko atearen danbatekoa entzuten da).

 

            Oraintxe nintzen dena jasotzekoa...

 

(karlosek popatik keinua egin dio, pozarren, migeli).