Ohe deseginak
Patxi Zubizarreta
Ohe deseginak
Patxi Zubizarreta
Kutxa Fundazioa, 2008

 

5. AGERRALDIA

 

teresa kaletik dator. Ohe gainean bi poltsa utzi ditu. Biluzten hasi da. Bere burua armairuko ispiluan ikusten du, tanga eta titi-zorro hutsekin. Musika jartzera joan da. Gelako atetik sartu baino lehen Björk entzuten da. Koadroko fondoan udaberriko paisaia alairen bat ikusten da. Alaiago dirudi orain. Erdi dantzan, arropa probatzen hasi da. Ezustean, telefonoa joka hasi zaio. Sakelakoa.

 

TERESA: Miren! Jaso dun nire mezua, hortaz! Bai... pozten naun.

 

(Gelan atzera-aurrera dabil, ispiluan, bere buruari begirik kendu gabe).

 

            Larria ez... Ez, ez din Jokinekin zerikusirik. Eskozian zagon, Edinburgon, udalekuetan. Arrazoi dun, guk ez geninan halako aukerarik izan... Bai, Migelekin, Migelekin edo...

 

(Atera inguratu da, burua atera du, ezker-eskuin, inor ez dagoela ziurtatzeko).

 

            Sorgin hori... Abentura edo... Ez zaidan gustatzen kontu hauetaz telefonoz hitz egitea. Aspaldian zelatatua banintz bezala sentitzen naun. Migeli ez zionat ezertxo ere esan, baina psikologoak esan zidan sentsazio hori normala izan daitekeela. Zuloan gaudenean...

 

(Ez dago guztiz ziur, armairua ere zabaltzen du, atera berriro inguratu. Atetik irten eta musika itzali du).

 

            Karlos... Nola? Orain dela hiru bat hilabete. Gurasoenera joan nindunan, herrira, gasolina gutxirekin, antza. Itzuleran, Abilene aldera iristean, autoa por-por-por hasi ez zaidan ba! Eta por-por-por beste ehun metro egin ditinat; por... por... por... aldapan behera beste berrehun eta han utzi nitinan, geldi arraio! Euria goian-behean, kamioiak bozinazoka ez nuelako autoa gehiegi baztertu... Migeli deitu? Ezta pentsatu ere. Haren adar jotzeak urtebetean entzun beharko nitinan. Gogoratzen al haiz, erregimena egiten ari nintzen batean, amorratzen nola jan nuen kilo eta erdi sagar, eta gero, nola lehortu nintzen gero, eta sagarra nola hasi zitzaidan sabelean usteltzen, kristoren ataskoarekin, eta nola hatsak sagardo usaina zuen... Ospitalean urdaila garbitu behar izan zidatenan (Eskuaz sabela ukitu du). Baina hori baino okerragoa dun gero Migelen ziztadak etengabe jasotzea... Alua... Bai, Karlos horrena... Iluntzean, iluntzean, neska! Irten nindunan kanpora eta, tirriki-tarraka, errepide bazterretik herriraino iristea lortu dinat. Ze bakartasuna, Miren. Hura jaustasuna. Desanparoa erabatekoa.

 

(Telefonoz hitz egin bitartean, gelan dabil atzera-aurrera, eta panpinaren apalategira ere hurbildu da. Hura harturik, laztandu egin du).

 

            Tabernan botila bat ur eskatu behar izan ninan, hustua, eta horretan gasolina bete. Sekula ikusi gabea nindunan: gasolina berdea dun, berdozta... Berdekeriak...! Hago isilik. Alua. Hortxe zagonan. Kasualitatea. Autoraino eramango ote ninduen. Eta haren autoan sartzea eta, zera, dena bat...

            Hain babesgabe nengonan! Guapoa baino gehiago... erakargarria. Hirutan. Biagra? Alua... Pizgarria esango niken, baina niretzat. Baina ez, ez nagon ongi. Kontzientzia edo... Ibiltzen ditun ba kaleko makina garbitzaile horiek, zalapartatsu horiek, euliak baino temosoago horiek, harrapatu behar hautela diruditen horiek... Halakoxeko kontzientzia... kontzientzia ausikiak.

 

(Beste belarrira pasatu du telefonoa, eta panpina bere tokian utzirik, bizkarrean hatz egiten saiatzen da.).

 

            Um, um... Bai, geratzeko, noski. Horretarako hots egin dinat ba. Hitz aspertu bat, bai. Datorren astean? Hain berandu? Ez, ez, ezin bada, ezin dun. Bai, behar izanez gero deituko dinat. Horixe falta zunan. Mila esker, printzesa. Estimatzen dinat. Musu bat... Alua.

 

Eskegi ostean ere arropa arina —udakoa— probatzen jarraitu du. Irrati ttiki bat dakar: dialari eragitean, gai txepelak, musika klasikoa, kirola, gerra kontuak... Itzali egin du. Ohe gainean etzan da, atzera titi-zorro eta tanga hutsean. Ohetik berriro ere panpina ikustean, azkar jaiki eta hura hartu du, berriro ohean etzateko. Eragin egin dio. Amaitu arte entzun du biolin musika.

 

TERESA: Non zaude, Teresa? Zer duzu? Zer gertatzen zaizu?

 

(Etena).

 

            Bainu bat hartuko dut. On egingo dit. Erosketak egiteak ere on egin dit. Jokinen xaboia erabiliko dut, eta haren almendra olioz igurtziko dut, gero, gorputza. Garbitasun sentsazioa... Inozentzia... Xalotasuna. Uste dut mimo faltan nagoela, baina ez Migelek ez Karlosek ezin didatela eman. Ez dakit.

 

(Bentrilokuoarena eginez, aurrez aurre ipini duen panpina zuzendu izan balitzaio bezala. Panpina bere tokian utzi du atzera. Panpinari zuzentzen zaio).