6. AGERRALDIA
teresa eta migel gelara sartu dira. migelek jaka eserleku bizkarrean utzi du. teresak begi zeharrez begiratu dio. migelek ikusten ez duen keinu zakarra egin du teresak, baina oraingoan isilik geratu da.
TERESA: Noiz arte jarraitu behar duzu isilik? Ez duzu ezer esan behar?
MIGEL: Ba ez... Zure familiari buruz zerbait esaten badut, zalantzarik gabe hanka sartuko dut eta hobe isilik egon. Baina, bestela, edozeri buruz hitz egiteko firest nago. Batez ere...
(teresak eten egin dio, amaitzen utzi gabe).
TERESA: Esan, esan gorroto dituzula gure gurasoen etxean bazkaldu beharra, gure etxearen dekadentzia; esan, esan gorroto dituzula gure aitaren korroskadak, gure amak batzuetan izaten duen txiz usaina...; esan, esan gorroto duzula nire familia, gorroto nauzula ni...
MIGEL: Teresa... Teresa... Eskaidazu zu maitatzea, baina ez zure familia... Esana dizut norbait kontratatu beharko zenuketela. Laguntzaile bat. Erosoagoa litzateke denentzat.
(Teresak begirakune betizua josi dio).
Nik zu, zu maite zaitut...
(Besarkatu nahi du, baina emaztea itzuri egin zaio).
Utziko al didazu beste zerbait esaten? Zerbait... positiboagoa.
(teresak sorbaldak goratu ditu, axolagabe).
Etxe unifamiliarrak ikusten aritu naiz... Pagotxa bat topatu dut.
TERESA: Pagotxa bat. Notefa... Pagotxa bat...
(Axolagabe biluzten jarraitzen du).
MIGEL: Bai, 500 milatan... Lasai ederrean egongo gara han: zu, Jokin, hirurok... “Ongizatearen kudeaketa” deitzen diot nik horri. Ongizatea ez zaigu berez-berez etorriko...
TERESA: Hara bestea! Serio ari al da on Koherentzia hori?
MIGEL: Serio demonio. Bizilagunik ez aurrean. Lur sail ttiki bat. Mendikateak ikusmiran. Imajinatu. Gosariak doble proteina izango luke.
TERESA: Barkatu, Migel, baina zertan ari zara? Zein Migel zara zu? Zu al zara unibertsitatean ezagutu nuen mutil... mutil iraultzailea? Ez esan txorakeriak!
MIGEL: Iraultzailea? Iraultzailea diozu? Ez adarrik jo. Ni ez naiz Migel inozo hura, ze ni behintzat aspaldi konturatua nago gaztetan inozo hutsa izan nintzela, eta orduan ere besteren kontsignak jarraitzen ibili nintzela. Zu ez al zara oraindik jabetu?
(Eskuaz korroskada bat isiltzen saiatu da).
Baina ez, zu ere ez zara Teresa... Teresa erromantiko hura. Onar ezazu. Nor izan zen 4x4 hori, gure Tuareg muturbeltz hori erosi nahi izan zuena? Ez izorratu. Nor izan zen Jokin ikastetxe pribatu ingelesean matrikulatu nahi izan zuena, pribatuan? Pianoan, ingelesean, marrazketan... matrikulatu duena. Ez, ez... ez dakit zu, baina ni dagoeneko idealista pragmatikoa bilakatua naiz, horrela deitzen ahal didazu.
TERESA: Idealista pragmatikoa... Notefa? Orain ulertzen dut. Alua...
MIGEL: Zatoz, horrela, haserre, sumindua zaudenean erakargarriagoa zara...
TERESA: Zoaz pikutara! Ez dut fartsa gehiagorik nahi.
MIGEL: Ez zaitez horren gogorra izan nirekin eta, bide batez, zeure buruarekin... Koherentzia nerabezarorako dago ongi, gaztarorako nahi baduzu, asko jota...; baina gero bizi egin beharra dago, gasolina nork bere autoari bota behar dio... Bizitza gogorra da, gero.
(teresak ez dio erantzun eta, isiltasun trinko batean, nork bere aldetik biluzten jarraitu du).
MIGEL: Berriro ere isiltasuna arma... Nire ama zena bezalakoa zara. Aitarekin haserretzen zenean, hari aurre egin beharrean, isiltasunean babesten zen. Koldar hutsa zen.
TERESA: Ez esan txorakeriarik. Kokoteraino naukazu. Txalet bat, ez ibili zeharka, txalet bat eta ez etxe unifamiliar bat, horixe nahi duzu.
(Burlaizean ahoskatu du azken hitz hori).
Eufemismorik ez niri. Ze familia eta ze familiaondoko osatzen dugu guk? Benetan: ez dakit...
MIGEL: Eufemismoa...? Harritzen nauzu. Uste nuen haur artean ibiltzeagatik, Jokini titipoto hitz egiteagatik ahaztua zenuela helduen hizkera. 40 urterekin, esan egin behar da “Notefa” hori, esan egin behar zaio “txitxia” zazpi urteko mutiko bati... Esan, esan zuk ere: zinez, gainditua al duzu haurtzaroa?
TERESA: Idealista pragmatikoak gorroto ditut. Horixe esan nahi dizut. Hain zaila al da ulertzen. Koherentzia apur bat nahi nuke.
MIGEL: Koherentziaz ari al zait bihotzeko programa gorrotagarri horiek ikusten dituena, 4x4 garestienetakoa erosi eta gero erosi izanagatik lotsatan ibiltzen zena, fraka batzuk erosteko sekulako dirutza ordaindu berri duena? Horra, horra koherentzia! Eta, mesedez, ez hasi orain negarrez! Agindu bat da. Elkarrizketak mozteko modurik erosoena da, gero gainera biktimarena egiteko...
TERESA: Honi deitzen al diozu zuk elkarrizketa? Kokoteraino...
(Biak beren onetik atereak, gelan atzera-aurrera, espantuka. Biak diskurtso inkoherenteari lotuak, in crescendo, elkarri entzun gabe, besoei eraginez. Hitz batzuk nabarmentzen dira, hala ere: koherentzia, kontsentitua, arraroa, kokoteraino, pitokeria, txaleta... Bien bitartean ezker aldeko ordenagailua piztu da, eta haren argitan karlos ikusten da, eskuak igurzten. Altxatu, eta pozarren sartu da bikotearen gelara. Bere keinuekin, teresari arrazoi ematen dio. teresak eta migelek, noski, ez dute ikusten, eta egiten dituzten imintzio eta espantuetan batzuetan karlos jotzeko zorian dabiltza).
KARLOS: Hoa, hoa infernuko zulora! Hitaz futitzen nauk!