Ohe deseginak
Patxi Zubizarreta
Ohe deseginak
Patxi Zubizarreta
Kutxa Fundazioa, 2008

 

3. AGERRALDIA

 

Denboran, aurreko agerraldiaren jarraipena. Lehen agerraldiko dekoratua: matrimonioko logela. Eskuin mesanotxean, teresarenean, liburu batzuk, haurrentzako irudi liburu handiak tartean. Ohean, izarapean, bikotekide bat besteari sexua milikatzen ari ziola sumatzen da. Luze gabe, teresa behean zegoela ikusiko dugu, eta arnas bila irten dela.

 

TERESA: Sentitzen dut, Migel, benetan sentitzen dut. Ez dakit... Ez nago oso gogotsu.

MIGEL: Ez nengoen, ez nago, ez naiz egongo... horixe gertatzen zaizu zuri. Horra. Berenjenak ere hor utzi dituzu, ia probatu ere egin gabe...

 

(Maindirepetik irtetean, ileak nahas-mahas, biluzi).

 

            Eta ez da nire ahalegin faltagatik izango... Norbait bilatu beharko dut kanpoan.

 

(Burlaizean, baina serio antzean hala ere).

 

TERESA: Ez dakit zer dudan.

MIGEL: Nahi al duzu nik esatea? Goibel zaude Jokin kanpoan delako; tristetxo, gurasoekin egon berria zarelako eta haiekin egoten zaren bakoitzean tristatu egiten zarelako; gogaitua, lanean ere bakarrik eta itoa sentitzen zarelako eta, gris, nirekiko zaude: gris; hits, sinonimoen bitartez esatea nahi baduzu, aspertzen zaitudalako, Jokinen heziketan zuk nahi bezala inplikatzen ez naizelako eta ikastetxeko gurasoekin zabar samarra naizelako, ez naizelako jendearekikoa, zure hitzak erabiltzearren, gero eta uharteagoa naizelako eta, eskolan irakatsi zigutenez, gizakia uhartea ez delako eta besteekin harremanetan jarri beharra daukalako, ni neu zabartu egin naizelako, ilea urritu egin zaidalako, grabitatearen legeak nire tripa, nire gerria desitxuratu dituelako... Horra, hitz gutxitan, zer gertatzen zaizun. Ez naiz psikologoa, baina apatia, horrela deitzen diot nik zureari. Agian psikologoarenera joan beharko zenuke... Endurance, Teresa, endurance.

TERESA: Ez esan txorakeriarik. Ez da hainbesterako... (Etena).

MIGEL: Edo hori... edo maiteminduta zaude...

TERESA: Mesedez, Migel.

 

(Espantuka).

 

MIGEL: Aizu, ez nintzateke haserretuko. Garai batean, bai, agian haserretuko nintzatekeen, baina orain... “Ipini oasitxo bat zure basamortu afektiboan...”

 

(Iragarki ahotsa jarriz).

 

            Igoal liburutegira joaten zaizun maisu musumerke bat, oraindik ere iraultza kontuekin dabilen buhameren bat akaso, gazte hippy patetikoren bat... gaztetasuna salduko dizuna...

TERESA: Gaztetxo bat ez, haur bat ekarri didazu gogora, nire lehenengo nobioa: Joseba. Ez dakit noizbait kontatu dizudan. Zazpi-zortzi urterekin.

MIGEL: (Burlaizean) Nobio katalogo ederra daukazu. Nik, baina, ez nekien hain gazte hasi zinela...

TERESA: (Astiro ekin dio, nekez). Gaixorik zegoen. Leuzemiak joa. Gaixoa. Beti etxean egoten zen, irakurtzen, pianoa jotzen... minik ez hartzeko. Burbuila batean bizi zen.

MIGEL: Jokin bezala...?

TERESA: (Buruaz ezentzuna eginez, eskuaz ezezko keinua eginez). Mesedez...Edozein zauritxo egin eta hura itxi ezinik ibiltzen zen. Errukarria... Beti hain zuri, hain, hain aingeru... Auzunean ni haren andregaia nintzela esaten zuten. Haren amak, Josebak berak... Eta nik, azkenean, ba sinetsi. Zurbil-zurbila, ahul-ahula... Hamar urterekin hil zen. Ia aingerutan, amak esaten duen bezala.

MIGEL: Beharbada zuk ere zauri horietakoren bat izango duzu, ongi itxi gabea esan nahi dut.

TERESA: Ez esan txorakeriarik.

 

(Etena).

 

            Uste dut Hopper-en koadroari Edinburgoko fondoa aldatu behar diodala, baina Jokin ekartzen dit gogora, gure joanpreskoa. Ez dakit. Udan egon arren, akaso udazkeneko paisaia ipiniko dut: oihana, okreak... Nire barne-giroaren adierazgarri.

MIGEL: Makal bazaude, ipini beste zerbait. Badakit: ipini etxe unifamiliar bat toki zoragarri batean... Ez, serio: ipini udaberriko paisaiaren bat, adibidez. Edo irakurtzen dituzun haur liburuetako irudi barregarriren bat. Ez dakit nola ez zaren aspertzen haurkeria horiekin.

TERESA: Beharbada arrazoi duzu. Batzuetan goxo egoten da triste zaudenean... Baina ez deitu haurkeria nire liburu gogokoei, bestela zure enpresako txosten astun horiei heldukeria deituko diet...

MIGEL: Joseba naiz, zure lehen nobioa... Nahi al duzu medikutara jostatu?

 

(Berriro ere inguruka hasi zaio, baina haur baten ahotsa eta mugimenduak itxuratuz).

 

            Helduen jostetak nahiago baldin badituzu, armairuan daukagu urtebetetzerako oparitu nizun bibradorea, herdoilak joa...

 

(Mesanotxetik telebista aldagailua hartu du).

 

            Bestela, film pornoren bat ikus dezakegu.

 

(Ustekabean, agertokiaren ezkerretatik karlosen ahots sumindua entzuten da. Haren mahaiko ordenagailuko pantaila argitu da eta hara begira topatu dugu karlos).

 

KARLOS: Esan ezetz!!!

 

(Aulkitik tximista baten pare altxatu da. Ordenagailuan, koadroan eta panpinan dauden kamara ezkutuen bitartez, karlos dena ikusten ari da).

 

TERESA: Lehen ere esan dizut gogogabetua nagoela, baina nahi baduzu, egidazu.

 

(karlos, ustekabean, teresa eta migelen gelara igaro da, astiro, eskuak burura eramanda. Ahoa bete hortz dago. teresak eta migelek, noski, ez dute ikusten).

 

KARLOS: Ez...

 

(Lehengo oihua xuxurla bilakatu da. Jakingosez beterik inguratzen da ohe aldera, ez du xehetasunik ttikiena galdu nahi).

 

MIGEL: Besterik ezean...

 

(Marmarka, telebistako aldagailua utzi, eta mesanotxeko tiradera batetik kondoi bat atera du. Ohepean, ipini egiten duela sumatzen da).

 

TERESA: Nahi baduzu, belauniko jarriko naiz.

 

(migelen erantzunik jaso ez badu ere, postura horretan egokitu da. Hala bada, migel atzetik hasi zaio, zakilkadaka, arnaska. karlos aho zabalik ari da dena ikusten, eskuin eskua ahoan, ohera astiro inguratuz).

 

MIGEL: Ezin dut. Animo honekin...

 

(migel teresaren alboan etzan da, etsita).

 

            Putza...

 

(Isilunea).

 

            Asko eskatzea ez bada, egingo al didazu eskuaz?

Ohepean teresa sumatzen da migel masturbatzen. Bitartean karlos, burumakur, ordenagailuko mahaira hurbiltzen da. Eta handik jarraitzen du agerraldia. migelek isuri duen une bertsuan, karlosek lata bat garagardo zabaldu du: prissss... karlosek hurrupa bat jo du. Ohetik migelek eskua atera du, eta kondoi busti bat utzi du tapizaren gainean.

KARLOS: Madarikatua!

 

(Pantaila aurrean betiere, espantuka).

 

            Hoa infernuko zulora! Ez haiz nitaz futituko!

 

(Pantaila itzali egin da; ilunpetan geratu da).

 

MIGEL: Lo egingo dugu?

TERESA: Niregatik bai. Leher kaka egina nago.

MIGEL: Komunera noa. Oraintxe nator.

 

(Txorrotada baten hotsa entzuten da. Gelara itzulitakoan, argia itzalirik, etzan egin da).

 

            Ongi lo egin.

TERESA: Bai, gabon.

 

(Gero, isilune baten ondotik).

 

TERESA: Zer moduz egongo ote da Jokin?

MIGEL: Ongi, emakumea. Ez izan zalantzarik... Deituko zuten bestela.

TERESA: Haurtzaindegi batzuetan bezala, kamara bat egon beharko litzateke, hura noiznahi ikusi ahal izateko.

MIGEL: Ez esan pitokeriarik... Tira, deskantsatu, Teresa.