Joanes, itxaropenaren semea
Alaitz Olaizola
Joanes, itxaropenaren semea
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia / BBK, 2007
Joanes, itxaropenaren semea
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia / BBK, 2007
[aurkibidea]

 

9. BADATOR JOANES II

 

(Agertokia hutsik dagoen arren, urrunean norbait berriketan sumatuko du ikusleak. Ahotsak, pixkanaka gerturatzen joango dira. Agerraldi labur honetan, alde batetik sartu eta bestetik irtengo dira. Hitz egiten duten bitartean, agertokia zeharkatzen ikusiko ditugu).

(Ezkutuko ahotsak).

 

AMA: Bai, halaxe izan da. Hasierako hilabeteak nahiko gogorrak izan ziren.

ERIZAINA: Goragalea izango zenuen...

AMA: Bai ba; goizero-goizero.

ERIZAINA: Bueno, badakizu zuk ondoez horiek guztiak normalak izan ohi direla haurdunaldiaren hasieran.

 

(Agertokian sartuko dira. Erizain bat dator gurpildun ohe bati bultzaka, eta ohean erdi etzanda, haurdun dagoen emakume bat egongo da).

 

ERIZAINA: Behin hori pasatuta, kito! Eta orain begira! Ordu gutxi batzuk, eta umetxoa zurekin izango duzu besoetan.

AMA: Ai, bai... Ikaragarrizko ilusioarekin gaude senarra eta biok. (Sabela laztanduz).

ERIZAINA: Gauza ederra dira ba umeak... Neu ere, bat izateko desiratzen nago.

AMA: Etxeko alaitasuna izango da gure semetxoa. Azken aldian, senarra eta biok bolada txarra pasatzen ari ginen, eta seme honek, ekarriko du bakea gurera. (Irribarrez, zoriontsu).

ERIZAINA: Semea espero duzue orduan...

AMA: Bai, mutiko zoragarri bat...

ERIZAINA: Bai ederki... Izena pentsatuko zenuten dagoenekoz...

AMA: Noski. Dagoenetan politena jarriko diogu: Joanes.

ERIZAINA: Um. berezia...

AMA: Munduko umerik bereziena izango da Joanes, gure Joanes.

ERIZAINA: Ongi etorria izan dadila ba, zuen Joanes!

 

(Irribarrez, desagertu egingo dira).