2. GEZURRAK?
(Agertokian, parke bateko banku bat ageri da. Bankuan, joanesen aita imanol, eta mikelen aita gorka. Udako egun argitsu eta bero batean, lasai daude biak tertulian).
IMANOL: Orduan, semeak, aitaren lanbide berbera izan nahi dik...
IMANOL: Hori esaten dik orain, baino ez zekiat, motel, hamabi urteko haur mukitsu batek ez zeukak etorkizunean zer egingo duen jakiterik.
IMANOL: Neuk ere hala uste badiat ere, gure Joanesek argi daukala ematen dik.
GORKA: (Irribarre maltzur batez). Bai, e? Zer dio ba?
IMANOL: Noria frogatzailea izan nahi duela esaten dik. Ez zekiat ba nik...
GORKA: (Barrez lehertu beharrean). Ja! Ja! Ja! Benetan ari al haiz? Noria frogatzailea? Halako ofiziorik bazegoanik ere...
IMANOL: Pentsatzen jarrita, hori ere norbaitek egin beharko dik...
GORKA: Bai, hi. Hori ere halaxe duk, baino hire semeak halako burutazioa izatea ere...
IMANOL: Bai motel, ez zekiat zer esan.
(Isilunea).
GORKA: Aizak Imanol, galdera bat egin al zezakeat?
IMANOL: Hara Gorka, zergatik egiten didak galdera hori? Aspalditik ezagutzen gaituk, ez?
GORKA: Bai, semea izan genianetik. Gure emazteak hementxe ezagutu zituan, umeak zirela eta ez zirela, duela hamabi urte... Harrez geroztik, lagunak gaituk. Ez duk hala?
IMANOL: Orduan, zertara zetorrek galdera bat egiteko baimena eskatu behar hori?
GORKA: Hara, Imanol. Emaztearekin behin baino gehiagotan hitz egin diat honetaz, eta hiri ezer ez komentatzeko agindua emana zioat. Baina, ezin diat barruan gorde.
IMANOL: Hara Gorka, hitz egin ezak, lehertu baino lehen! (Iseka eginez, masailak puztuz, gorri-gorri eginda, barrez).
GORKA: Hik, ez al diok Joanesi ezer berezirik bilatu? (Serio).
IMANOL: Ezer berezia? (Pentsakor). Txikia dela esan nahi al duk? Ama ere ez duk luzea eta, zer nahi duk ba! Ja! (gorka bizkarrean kolpatuz).
GORKA: Ez, ez duk hori. Txikitxoa izango dela bazirudik, baino bueno, hori ez duk horren aldrebesa. (Isilunea).
IMANOL: Zer esan nahi duk?
GORKA: Txiki-txikitatik ezagutzen diat hire semea, eta estimatu egiten diat; hire semea esan nahi diat. Nire semearekin urteetako adiskidetasuna zeukak eta badakik, askotan etorri izan duk gure etxera semearekin jolas egitera.
IMANOL: Ez haiz ezer berririk esaten ari.
GORKA: Hire semea, beste mundu batean bizi dela zirudik. (imanoli begietara begira).
IMANOL: (Deseroso). Zer esaten ari haiz? Umeak dituk, fantasiaz beteak zeudek.
GORKA: Bai, baina hire semearena desberdina duk, adiskide.
IMANOL: Ez diat ulertzen.
GORKA: Nola esango nikek... Hara, gogoan diat, nire semeak sei urte bete zituen egunean, Joanes, gurera etorri zela opari batekin...
IMANOL: Suhiltzaileen kamioia eraman zian, bai, gogoan diat.
GORKA: Ba, egongelan jarri hituen biak jolasean, eta emaztea eta biok, bertan jarri gintuan telebista ikusten.
(imanol eta gorka ilunpean utzi, eta sei urte inguruko joanes eta mikel agertzen direnean, agertokiaren aurrealdea argiztatuko dugu.
mikelek, suhiltzaileen kamioi bat dakar eskuetan).
JOANES: Polita da kamioia...
MIKEL: Handia!
JOANES: Utziko al didazu?
MIKEL: Nilea da. (R-ak beharrean, l-ak erabiliz).
JOANES: Nik badakit ordea erabiltzen.
MIKEL: Nik ele bai, Joanes. Begila! (Lurrean jarri eta bultzaka).
JOANES: Ni, suhiltzaile izandakoa naiz, e?
MIKEL: Baita ni ele!
JOANES: Egia dela ba!
(gorka argiztatu).
MIKEL: (Haserre). Aita, esan egia. Joanes ez dela sekula suhiltzailea izan!
JOANES: Baietz etabaietz! (Zutituz, oihuka).
GORKA: (Zer esan ez dakiela). Berak hala badio, izango zen, Mikel.
(gorkari argia kendu).
JOANES: Ikusten! Ikusten! (Berriro lurrean eseriz).
MIKEL: Ba nik, kamioi honekin, sutan dauden etxeetatik zakulak aterako ditut. Eskailera gora-gora igo, eta besoetan haltuko ditut! (Kamioiaren eskailera luzatuta).
JOANES: Nik, gizonak, emakumeak eta umeak salbatzen nituen. Zakurrek bizitza bakarra baino ez daukate. Zertarako salbatu?
(gorka argiztatu).
MIKEL: (Zutituz, haserre). Aita, zakulek bizitza bakala al daukate?
GORKA: Ja! A ze burutazioa! Gizakiok bezalaxe.
MIKEL: Ikusten, Joanes?
JOANES: Hori ez da egia. Zakurrek bakarra dute, eta guk, gehiago.
MIKEL: Aita!!
GORKA: Joanes, nola izango ditugu ba guk bizitza bat baino gehiago? (Zeharo harrituta).
JOANES: Ikusi egin dut.
(gorka ilunpean utzi).
MIKEL: Ez dizut inoiz nile kamioia utziko.
JOANES: Nire etxean, hori baino askoz ere handiagoa badaukat nik.
MIKEL: Zu ez zala nile laguna! (Negar egiteko zorian).
JOANES: Zu ere ez nirea.
MIKEL: Bihal ez duzu lagunik izango ikastolan!
JOANES: Bihar? Zein bihar? Oraingoa, ala hurrengo batekoa?
MIKEL: aitaaa!!! (Negarrez).
(aitei argia).
GORKA: Nahikoa da! Ea Joanes, zure aita badator eta zoaz etxera, bihar ikastola eguna da eta. Eta zuk Mikel, ekar ezazu kamioi hori, eta zoaz eskuak garbitzera. Ea!
(joanes eta mikel desagertu egingo dira. mikel, negar zotinka).
GORKA: Zeharo harrituta geratu ninduan.
IMANOL: Ume bat baino ez zuan.
GORKA: Gezurra baino ez zian esaten ordea! Pasarte bat baino ez diat kontatu. Milaka zeudek horrelakoak Joanesekin. Horietako batean, emazteak, galdetu egin zioan, zergatik hitz egiten zian horrela, zergatik egiten zioan min, Mikel, gure semeari.
IMANOL: Zer esaten ari haiz? Umeen kontuetan sartzen... Ez diat zilegi ikusten.
GORKA: Gure Mikel, beti zegoan negarrez Joanesen kontuak zirela eta!
IMANOL: Zer esan zion Joanesek?
GORKA: Ez zaik batere gustatuko.
IMANOL: Orain artekoak ere ez zaizkidak batere gustatu.
GORKA: Amak esan omen zioan, egia esateak min ematen zuela; eta berak, bere adiskide kuttunari minik eman nahi ez zionez, gezurra esatea erabaki zuela.
IMANOL: Diosss!
GORKA: Hori ez duk guztia. Bere esanetan, gezur itxurako kontu asko, egiazkoak zituan, benetakoak zituan, Mikelek sinetsi ez arren. Hara, emaztea aho bete hortz geratu zuan.
IMANOL: Hara, emazteak esan zioan bai, egiak min ematen zuela, eta neurtuz hitz egin behar zuela. Hori egia duk. Esan nioan nik emazteari, Joanesi ez esateko horrelakorik, benetakoa eta asmatutakoa bereizteko gaitasunik ez zuela eta. Eta berak esan zidaan, nik ez bezala, ordu asko ematen zituela Joanesekin eta nik ez nuela ulertzen.
Joanesek, ahora etorritako guztia esateko joera zuela, berari zein beste edozeini. Horregatik, egiaren kontu guzti hori.
GORKA: Eta, zer diok bere gezurrak berak sinisteari buruz? Berak ziok, esandako asko egia direla.
IMANOL: Nola izango duk ba egia? Hara, heldu bat bezala pentsatu beharko huke, eta ez beraiek bezala. (Serio, minduta).
GORKA: Nire semea ikusi nian behin, balkoiko koskara igota, Joanes bezala hegan egin nahi zuela, eta salto egiteko pronto. (Begirada urrunduz).
IMANOL: (Zutituz). Baina... Zer demontre esaten ari haiz? Hegan?
GORKA: Hire semearen kontuak...
IMANOL: Joanes hau... Zer egin ote diagu ba gaizki? Emaztea izango duk... Ez diat batere zentratua ikusten...
GORKA: Esan zidak, bai, nire emazteak, depresioak jota dabilela... Dena dela, ez diat uste, erruduna bilatzeko kontua denik.
IMANOL: Depresioak, bai. Hori esaten diat nik. Etxea eta semea gobematzea baino beste lanik ez, eta depresioak jota!
GORKA: Joanes, ez duk edonor.
IMANOL: Nire emaztea ematen duk. Hark ere berdina esaten dik, medikuarengana eraman beharko dugula...
GORKA: Psikologoa esan nahiko dik...
IMANOL: (Oihuka). Medikua eta kito! Nire semea ez zagok erotuta!
GORKA: Nik ez diat horrelakorik esan, Imanol. Laguntza behar dik ordea.
IMANOL: Nahikoa diagu!
(joanes eta mikel sartuko dira korrika batean. Orain, hamabi urteko mutikoak dira. joanesek, gerriaren bueltan kolore biziko uztai bat dakar).
MIKEL: Aita! Begiratu Joanesen uztaiari! Neska dirudi!
GORKA: Mikel! (Isiltzeko aginduz).
IMANOL: (Hasperenka, semeari uztaia kendu nahita). Joanes, Joanes... Zer egiten duzu uztai batekin parkean barrena korrika?
JOANES: Munduari biraka nabil, aita.
MIKEL: Mari neska! Mari neska! (Iseka eginez, neskato bat bezala gerria mugituz).
JOANES: Ez duzu ba pentsatuko, munduari biraka mutilak bakarrik ibiltzen direnik, ezta?
GORKA: (imanoli, ahopean). Orain ulertzen diat noria frogatzaile izan nahi izatearena.
IMANOL: Ze mundu buelta eta buelta erdi! Joanes, ez dizut gezur bat gehiago entzun nahi! Jada, ez zara umea.
JOANES: Aspaldi utzi nion gezurrak esateari, aita! Badakit orain gizon bat naizela, lasai.
MIKEL: (Barrez lehertu beharrean). Ja! Ja ! Ja! Gizona? Hik nahi bai!
GORKA: Nahiko da, bikote!
IMANOL: (Erabat haserre, eta lotsatuta). Joanes, itzuli iezaiozu uztai hori jabeari, eta zoaz etxera udako lanak egitera, hasi ere ez zara egin eta!
JOANES: Zein udako lan, aita? Aurtengoak edo hurrengo batekoak?
(gorkak, ezin dio barreari eutsi).
GORKA: Zoaz zu ere etxera, Mikel. Berehala noa ni.
MIKEL: Aita! (Kexuka).
GORKA: (Begirada zorrotzez). Mikel...
IMANOL: Segi, Joanes! (Haserre).
(bi mutikoak, desagertu egingo dira; joanes, uztaia gerrian biraka duela).
(Isilunea. Bata besteari aurpegira begiratu gabe. imanol, urduri eta kezkatuta, agertokiaren alde batetik bestera mugitzen hasiko da. gorka, hitz egin nahian sumatuko dugu).
GORKA: (Koldar). Hi, Imanol... Beharbada arrazoia huen. Umekeriak baino ez dituk izango Joanesen... (Moztu).
IMANOL: Umekeriak? Ez al duk ba ikusi? Txikitako pasartea nahiko argia ez al zuan, ba? Zer esango huke hik, hire semea, burutik behera uztai koloretsu bat sartuta antzemango bahu, munduari biraka dabilela esanez?
(Isilunea).
GORKA: Ez zekiat ba zer esan. Izan ezak pazientzia... (Moztu).
IMANOL: Nik bazekiat, Gorka. Nik, bazekiat. Ez zegok burutik sano! (Haserre bizian).
(Jaiki eta berengana hurbilduko da. Adiskidea lasaitu nahian, sorbaldan eskua jarriko dio).
GORKA: Ez ezak esan horrelakorik... Hire semea duk, hire seme bakarra...
IMANOL: Bai motel! Oraintxe esan duk egia. Seme bakarra... Beste bat izango banu gutxienez...
GORKA: Guk ere bakarra diagu, gaur egunean nahikoa lan ematen dik bakarrak ere.
IMANOL: Bai, eta Joanes bezalako baduk, bikoitza gainera! Nik esan nioan emazteari, gazteagoak ginela, beste bat ekarri behar genuela. Orain, jada, adina pasatu zaiguk, eta lehen, emazteak ezetz eta ezetz, nahikoa genuela batekin! Dios!
GORKA: Eta arrazoia zian, Imanol. Dena dela, hamabi urtean bizi izan baldin bahaiz Joanesekin, heuk ere ikusiko huen besteengandik desberdina dela. Ez diat uste, horrela, bat-batean asaldatzeko kontua denik. Berarekin bizi haiz.
IMANOL: Gorka, esan diat lehenago ere, baietz, baino ezetz! Nik ikustea gauza bat duk, eta bestea, kanpotik norbaitek gogoraraztea. Aita batentzako, gogorra duk, oso gogorra. (Berriro eserita, burumakur).
GORKA: (Pentsakor). Hire emazteak arrazoia zian.
IMANOL: Arrazoia?
GORKA: Bere semeari, egiak min ematen zuela azaldu zionean. Ez ninduan gaur arte pentsatzen jarri, baina hala duk.
IMANOL: Zertara zetorrek orain hori?
GORKA: Begiratu iezaiok hire buruari. Ez nian ezer esan behar. Emakumeak argiagoak dituk kontu hauetan. Nire emazteari kasu egin, eta ez nian ezer komentatu behar. Hire semeak, asko pentsatu gabe, lezio ederra eman ziguk, Imanol.
IMANOL: Ze lezio eman behar ziguk, munduari bueltaka dabilela uste duen mukitsu batek? Noria frogatzaile izatea amesten duen inozo batek? Beste garai batean biziko dela egunen batean, bizitza hau ez bazaio ondo ateratzen, beste batean beste modu batera saiatuko dela, ez daukala ezertarako presarik, denbora etengabea dela, amaierarik gabea... (Burumakur).
(gorka bere ondora joango da).
GORKA: Lepoa jokatu, denborarekin berba hori bukatuko zaiola! (Animatu nahian). Apustu bat proposatzen diat: Hogei urte bete aurretik, xelebrekeriak joaten bazaizkiok, hire semea besteak bezalakoa baduk, afaria ordaindu beharko didak Getariko jatetxerik garestienean. Zer diok?
IMANOL: Ja! Prestatu ezak diru zorro galanta, hik ordaindu beharko baituk afari hori.
GORKA: Emazte eta guzti...
IMANOL: Semerik gabe.
GORKA: Laurok.
IMANOL: (Zutituz, irribarretxo bat eginez). Hara, bazekiat apustua galdu duala, baina hire ahalegina estimatzen diat.
GORKA: Behin bizi behar eta... Izan ezak itxaropena, gizona! Mutil ona duk behintzat Joanes!
IMANOL: Itxaropena... Nik ez zeukaat zipitzik, baina ez diat mundu honetan, Joanes adinako itxaropenik duen inor ezagutu. Itxaropena etorkizunerako, itxaropena bizitzeko...
GORKA: Bizi poza duk hori, motel.
IMANOL: Hala izango ote duk...
GORKA: (Zutituz, erlojuari begira). Imanol, kontutxo bat...
IMANOL: (Moztuz). Esadak gezurra, mesedez! (Eskuak gora jasota).
GORKA: (Barrez, imanoli bizkarretik helduta). Ja! Ja! Ja! Ez ba! Gaurko azken egia esango diat: (imanolek belarriak estaliko ditu bere bi eskuez). (gorka, oihuka). Emazteak zain izango ditugula afaritarako! Zortzietarako egon behar nian, eta bederatziak baditut jada! Goazemak!
IMANOL: Gaur entzundako konturik zentzuzkoena esan duk oraintxe. Goazemak, bai.
(Berriketan desagertuko dira).