Joanes, itxaropenaren semea
Alaitz Olaizola
Joanes, itxaropenaren semea
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia / BBK, 2007
Joanes, itxaropenaren semea
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia / BBK, 2007
[aurkibidea]

 

6. TRAIZIOA

 

(izaro bakarrik dago agertokian, ispilu baten aurrean bere burua apaintzen. Erdi biluzik dago; barruko arropa baino ez darama soinean. Jantzi beharreko gainontzeko guztia, bere ondoan dagoen aulki batean dauka. Soineko zuri dotore bat dauka janzteko zain, ezkontzeko erabiliko duen soineko ederra, eta zapatak, txukun jarrita lurrean).

 

IZARO: (Ispiluari begira). Laztana... Laztana! (Oihuka). Ez dakit zertan ari zaren, baina ordu erdi barru elizan egon behar dugu. Ezin edukiko dugu apaiza zain geure ezkontza egunean!!

MIKEL: (Urruneko ahotsa). Banoa! Oraintxe noa. (Pixkana agertokira hurbilduz). Txikiari ilea orrazten ari nintzaion. (Hurbilduz). Hark ere dotore joan nahi duela esan ez dit ba... Han bidali dut garajera, ilea primeran orraztuta. (Azken hitzak, agertokian esango ditu).

 

(mikelek, ilea erabat nahasia dakar. Ezkontzako jantzia berriz, traje dotorea, zimur-zimur eginda. Barruko arropa baino ez darama soinean).

 

IZARO: (Ispiluaren bitartez ikusiko du mikel). Txikiaren ileaz ari al zara? Zeure burua ikusi al duzu? (Besotik tiraka, ispilu aurrera ekarriko du). Ikusi, Mikel! (Irribarrez).

MIKEL: (Bere burua ikustean). Egia! Hauxe piura nirea...

IZARO: Egunerokoa. Edo zer uste duzu ba? Gaur ordea, zure ezkontza egunean, orraztea tokatzen zaizu, txikito. ;

MIKEL: Arrazoia daukazu, bai.

IZARO: (mikelen arropa ikusita). Jo Mikel, zure amak halako ederki lixatutako arropa, begira nola zimurtu duzun...

MIKEL: Ohe gainean neukan txukun-txukun jarrita, txikia etorri eta gainean luze-luze etzan den arte. (Txikia imitatuz).

IZARO: Badakizu ba zuk zer egiten duen beti txikiak, e? Saltoka hasi ez denean...

MIKEL: (izarori gerritik helduz). Bueno, berdin da, maitea. (Musukatuz). Gaur ezin haserretuko gara ba, gure ezkontza egunean, e?

IZARO: (Maitekiro). Ezkontza... Bagenuen garaia...

 

(Berriketan ari diren bitartean, arropa janzten dihardute).

 

MIKEL: Zenbat dagoenekoz? Bai... Sei urte elkarrekin bizi garela, eta zortzi elkarrekin hasi ginela!. Erraz esaten da, e? Ia berrogei urterekin ezkontzen diren bikote asko ez ditut ezagutzen. Ederki pasatuko dugu eguna, Izaro, gure eguna. Behin elizakoa pasa eta gero, parranda ederra egin behar dugu ba, laztana.

IZARO: Txikia zure amak hartuko al du?

MIKEL: Bart gauean komentatu nion, eta ez zidan ezezkorik esan.

IZARO: Kostata, baina azkenean, zure amak lortu du txikiarekin harremana sendotzea.

MIKEL: Esan nizun baietz.

IZARO: Bueno, ba zure gurasoen etxean geratzen bada, nahi duten gonbidatuekin afaltzera joan gintezke...

MIKEL: Eneko eta Jaione, ziur. Julian eta Sebas ere, seguru baietz.

IZARO: Sebas badator, lepoa jokatu, Joana ere baietz! (Irribarrez).

 

(Kolpera, izarori irribarrea desagertuko zaio, eta erabateko isilunea egingo da. Elkarri begira geratuko dira, oso serio).

 

MIKEL: Joanes... (Triste).

IZARO: Esan egin behar zenion...

MIKEL: Edo zuk.

IZARO: (Serio). Mikel, mila aldiz hitz egin dugu honetaz. Zure txikitako, betiko laguna den partetik, zuri tokatzen zitzaizun.

MIKEL: Badakizu ez nagoela ados zurekin. Nire laguna izan da betidanik, egia da. Baina zure mutil laguna izan zen sei urtez. Zuk, nik baino ere askoz gehiago konpartitu zenuen berarekin.

IZARO: Hori ez da egia.

MIKEL: Ezetz? Bere barru-barruko kontu asko dakizkizu zuk...

IZARO: Mikel, zuk ere bai. Joanesek beti esan du egia, tamalez. Bere barrua ezagutzeko aukera, guztioi eman digu.

MIKEL: Badakizu zertaz ari naizen.

IZARO: Bai, betikoaz. Baina hori ez da arrazoi nahikoa. Esan egin behar genion, zuk edo nik, baina esan egin behar genion.

MIKEL: Nola baina?

IZARO: Joan eta esanda.

MIKEL: Oso ausart diozu hori, baina orain arte gutako inor ez da ausartu, beraz, orain alferrik da.

IZARO: (Ispilutik aldenduta). Elkarrekin hasi ginenean esan behar genion, duela zortzi urte.

MIKEL: Eta saiatu ginen, ez? Etxetik atera gabe egon zeneko hartan hasi ginen elkarrekin, akordatzen? Biok joan gintzaizkion bisitan, gure artekoaren berri emateko asmoz, eta zer egin genuen? Ezer ez. Joan, ezer ez esan eta alde egin.

IZARO: Bi urte zeramatzan ordurako etxean, bi urte ikusten ez nuela. Eta bat-batean, hainbeste maite izan nuen Joanes han ikustea, mutu, begietara begira-begira, ez dakit erruki eske edo maitekiro agurtuz... Nola esango genion ba? Hilko genuen.

MIKEL: Bai. Mendian gertatu zitzaizuen hura eta gero, etxera bila etorri, eta negar zotinka, galdu zintuela esan zidanean, ez nuen sekula pentsatuko horrela erreakzionatuko zuenik. Eta kito, nirekin egon eta etxera joan zenetik, ez zuen gehiago ahorik ireki.

IZARO: Ezta etxeko aterik ere!

MIKEL: Joanes gizajoa... Ordura arte ez nuen inoiz negarrez ikusi, ikaragarria izan zen. Izaro, oso maite zintuen.

IZARO: Badakit, badakit. Nik ere bai bera. (Garrantzia kendu nahita).

MIKEL: Koldar hutsak izan ginen.

IZARO: Elkarri eman genion lehenengo musu hura ematerako, bagenekien zer gertatuko zitzaigun honek funtzionatzen bazuen. Patua izango zen, Mikel.

MIKEL: A, hori bai. Baina bion tartean Joanes egon beharra ere... Beste edozein izan balitz, baina Joanes...

IZARO: Psikiatrikoan sartu zutenean esan izan bagenio sikiera...

MIKEL: Izaro, orduan ere ez ginen ausartuko, eta badakizu.

IZARO: Ene... Bisitara hain gutxi joan gatzaizkio...

MIKEL: Ez gara beharbada ondoegi portatu... (Pentsakor). Pentsa... Txikiarena ere ez diogu esan...

IZARO: Mikel, ez diogu ezer esan, eta hainbeste zor genion. Ez diogu esan bikote egin ginenik, gaur ezkontzera goazenik... Eta txikiarena... (Oso triste).

MIKEL: (izaro animatu nahian). Ondo pentsatuta hartu genuen erabaki hori, laztana.

IZARO: Zuk uste? Mundu guztiari esan genion gezurra.

MIKEL: Joanesengatik.

IZARO: Ez ote zeukan Joanesek eskubiderik, seme baten aita zela jakiteko?

MIKEL: Ez zegoen egoera onean. Hara, haurdun geratu zinenean, gogoan al duzu nola etorri zinen nigana laguntza eske? Orduan, haurra izatea erabaki zenuen, Joanesi zor zenion maitasunagatik egiten zenuela esan zenidan malko artean. Umearen aita nor zen ez esateko erabakia hartu zenuen, eta kasualitatez edo patuak hala eskatuta, elkarrekin ateratzen hasi ginenean, nirea zela esan zenuen. Gau ero baten ondorioa izanik ere, ni izan nintzela zure gau hartako bikotekidea. Dena gezurra, eta zer? Horrela egitea erabaki genuen, eta ondo joan zaigu dena. Nik seme bat daukat, eta Jokinek, aita bat ...

IZARO: Jokini begietara begiratzen diodan bakoitzean, Joanes ikusten dut. Ikaragarria da.

MIKEL: Zuk eta nik baino ez dugu Joanes ikusten Jokini begiratzean. Horregatik, zaude lasai.

IZARO: Ez nago nitaz kezkatua, Joanesengatik baizik.

MIKEL: Joanes ondo dago. Han, ondo zaintzen dute.

IZARO: Ez nintzen horretaz ari. Ez gara zintzoak izan berarekin, eta gure partetik, merezi zuen hainbeste.

 

(Isilunea).

 

MIKEL: (izarori ispilu aurrera lagunduz). Ea, jarri zu guapa-guapa eta orain ez kezkatu horretaz... Joanes ondo dago, eta maite dugu, biok.

IZARO: Ene! Ezkontza egunean nostalgiko jarri ez naiz ba... Egia da. Joanes maite dugu. Bere aitak baino gehiago bai behintzat! Horrexek lasaitzen nau pixka bat, maite dugula pentsatzeak. Seguru nago, hori berak badakiela. Horixe gure salbazioa, Mikel. Berari diogun maitasun eta begiruneak baino ez gaitu salbatuko traiziotik.

MIKEL: Joanes ezagututa, seguru bere bedeinkapena badaukagula, ez dezazula dudarik izan.

IZARO: Datorren astean bisita bat egin beharko genioke...

MIKEL: Seguru?

IZARO: Bai, lasai. Ez diogu ezer esango; dagoenekoz, ez du merezi.

MIKEL: Ondo da. Bueno zer, listo? Honezkero Jokin lokartu zaigu auto barruan!

IZARO: Ene, egia! (Presaka). Ui, oso guapo zaude, Mikel!

MIKEL: Zu bai zaudela ederra, laztana. Ezin dut sinetsi ezkontzera goazenik... Maite zaitut.

IZARO: Nik ere bai, Mikel. (Goxo). Ea! Joan zaitez Jokinengana! (Irribarrez).

MIKEL: Bai. (Korrika abiatuko da. Ezkutatzeko puntuan dagoenean...). Izaro... Beste semetxo bat egin dezakegu gaur gauean... (Irribarrez, zirikatzen).

IZARO: Tontolapiko halakoa! Segi ezak!!

 

(mikel, barrez ezkutatuko da).

 

IZARO: (Lore sorta eskuan hartu, eta ispiluari begira). Zuregatik, Joanes. (Eta irribarrez, desagertu egingo da).