Joanes, itxaropenaren semea
Alaitz Olaizola
Joanes, itxaropenaren semea
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia / BBK, 2007
Joanes, itxaropenaren semea
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia / BBK, 2007
[aurkibidea]

 

5. ERABAKIAK

 

(Agertokian, joanesen ama agertuko da, berrogeita hamabost urte inguruko emakume dotorea. Egongelako mahaitxoan eseri, urrunetik telebista piztu, eta eseri egingo da, aurrera begira, telebistari begira jarriz, eskuartean dituen arropa batzuk tolestatzen dituen bitartean.

Telebista entzungo da, umorezko saio bat ikusten ari dela dirudi. Tarteka, gogo handiegirik gabe egindako irribarrea aterako zaio emakumeari).

(aita sartuko da gero, imanol. Jada, ia hirurogei urteko gizon zaharkitua. Laneko txabusina urdina darama soinean, eta eskuak eta aurpegia beltzez zikinduta).

(Sartzean, emazteak ez du agurtuko).

 

IMANOL: Zer Elena, interesgarria? (Telebista seinalatuz).

ELENA: Ez hainbeste. (senarrari begiratu ere egin gabe).

IMANOL: (Mahai gainetik, garbitu berria dagoen zapi zuri bat hartu, eta eskuak eta aurpegian igurtziz). Pufff! A ze eguna gaurkoa...

ELENA: Imanol! Zertan ari zara? Hara... Etxeko zapirik zuriena hartu eta olio arrastotan igurztea ere... (Zapia eskuetatik kenduz). Ea orain nola kentzen dizkiodan arrasto beltz hauek! Jainkoarren...

IMANOL: Nahiko da, Elena, e? Ikusi al duzu nola etorri naizen?

ELENA: Betiko moduan.

IMANOL: Ez! Beltz etorri naiz gaur, eta ondotxo dakizu zuk, ni ez naizela sekula santan gisa honetan azaldu etxera!

ELENA: Hori ez da aitzakia, etxeko zapirik zuriena koipeztatzeko, entzun?

IMANOL: Hara Elena, nekatuta eta umore txarreko nator, e? Ura moztu digute nik ez dakit zergatik, eta justu gaur, justu gaur!, makina izorratu behar! Nori tokatu zaio konpontzea? Niri, entzun? Niri! Beraz, koipez beteta etorri banaiz, hori da gutxiena. Konforme? (Eskuak txabusinan igurtziz).

 

(Isilunea).

 

IMANOL: (Aulkian eseriz). Non dago Joanes?

ELENA: (Telebistari begira). Zu, Joanesengatik galdezka?

IMANOL: Ni, bai. Non da? (Serio).

ELENA: Asmatu ezetz...

IMANOL: Elena, nahikoa da.

ELENA: Noriara joan da.

IMANOL: (Kolpera zutituz). Noriara???

ELENA: Hara gizona, ekarri duzuna baino umore hobea ekarri izan bazenu, kontatzeko asmoa baneukan, baina... (Moztu egingo dio).

IMANOL: Madarikatua!

ELENA: (senarrari begiratuz, harrituta). Nola madarikatua? Berri ona dela esango nuke ba...

IMANOL: (Bi besoak mahaian jarriz). Berri ona? Berri ona? (Oihuka).

ELENA: Lau urte etxetik atera gabe egon den semea kalera joatea, berri ona dela uste dut, bai.

IMANOL: (Berriro eseriz). Ea... (Hasperenka). Lau urte etxetik atera gabe egon den semea. Lau urtean hitzik egin ez duen “nire” semea. “Gure” semea kalera joan da. Nora, eta noriara! Hitz egiten hasiko zen gainera... (Ironiaz).

ELENA: Bai, Imanol. Gelatik atera da. Alai agurtu nau, eta noriari bisitatxo bat egitera doala esan eta gero, joan egin da. Eta hementxe geratu naiz ni, pozik.

IMANOL: Zein da ba, pozik egoteko arrazoia?

ELENA: Zerorrek esandako hori guztia gertatu delako. Pasatu izango zaio zeukan haserrealdia.

IMANOL: Nik ez nioke berak egin duenari haserrealdia deituko. Izarorekin hasi zenean, bide onetik zihoala zirudien... Halako neska jatorra... (Pentsakor). Eta, tapa! Gure Joanesi neska laguna proban jartzea bururatu, idia bailitzan, proban... eta kito! Izorratu hadi!

ELENA: Bueno, bueno... Duela lau urteko kontuez ari bazara...

IMANOL: Ea ba! Lau urte daramatzagu infernu honetan! Infernu gorri-gorrian! Joanesek Izaro ezagutu baino lehen, ezin esan zerurik ezagutu genuenik, baina azken lau urte hauetan pasa behar izan dudan lotsa...

ELENA: Lotsa... Hori da zu kezkatzen zaituena, zure izen ona eta ez semearen ongizatea. Joanesek, sekulako disgustua hartu zuen Izarok utzi zuenean. Normala da.

IMANOL: Normala al deritzozu? Normala mutikoak, mendi puntan bere burua amildegian zintzilik jartzea neska laguna proban jartzeko... Disgustua Izarok hartu zuen galanta, sei urtean Joanesi bere onena eskaini eta gero. Hara, gure semea sendatu zela eta dena uste izan nuen garai hartan!

ELENA: Hura iragana da, Imanol. Gure semeak oso gaizki pasatu du, beraz, gaur berriro jaio dela esan genezake, ez?

IMANOL: Eta ni berriro hil! Joanes ez dagoela ba kalean bakarrik ibiltzeko moduan! (Oihuka).

ELENA: Horixe baietz. Gustura asko joan da ba noriara!

IMANOL: Izan ere, hori da kontua. Lau urte mutu eta etxean, eta behin bururatuko irtetea eta nora, eta noriara! Ez dela ba kontu normala...

ELENA: Ezingo ote du ba mutilak bere lantokia bisitatu...

IMANOL: Han ibiliko da orain gora eta behera, ia hogeita hamar urteko gizasemea, umeen moduan.

ELENA: Hogeita zortzi urteko morroskoa, gizon. Zu musean ez al zara ibiltzen?. Hemen, bakoitzak berea.

IMANOL: (Arnasa sakon hartuz). Begira, ez dizut orain arte ezer esan, baina, denbora askoan darabilt kontu berdina buruan bueltaka... Gaurkoa ikusita, ez daukat buelta gehiago eman beharrik.

ELENA: Zeri?

IMANOL: Oroitzen gizarte laguntzaileak esan zigunaz? Bai, duela lau urte, etxera etorri zitzaigun hartan... Ba, nik uste duk, kasu egin beharko geniokeela.

ELENA: (Zutituz). Zer diozu? Joanes ondo dagoela ba!

IMANOL: Nik uste dut, psikiatriko batean askoz hobeto egongo litzatekeela. Botikak emango dizkiote, eta erabat lasai egongo da. Lankide batek komentatu dit, bere osaba zahar bat... (Moztu egingo dio).

ELENA: Botikak? Zertarako, Imanol? Lasai, zertarako? Zer egin du zure semeak, zer? Zure semea dela, demontre! Zure semeaz ari gara, edo ez zara konturatzen? (Bere onetik irteten hasia).

IMANOL: Lasaitu zaitez, Elena, eta eseri.

ELENA: Ez naiz eseriko!

IMANOL: Zaude ba orduan zutik. Gizarte laguntzaileak argi esan zigun, horrelako asko ikusten zituztela etxe horietan, eta batzuetan, hobekuntza nabarmena egiten zutela, tratamenduarekin, noski. Baliteke laster berriro etxera etorri ahal izatea...

ELENA: Ezetz ba! Erotuta zaude! Joanes ez da eroa. Desberdina da, besterik ez. Noiztik izan da txarra desberdina izatea? Zerorrek ez al duzu ikusten Joanes berezia baino ez dela? Horrek ez du ez okerragoa ez eroagoa egiten! Entzun?

IMANOL: (Zutituz). Zergatik defendatzen duzu defenda ezina? Esan iezadazu, ni ere benetan erotu baino lehen. Nire semea da Joanes, eta zuk adina maite dut, baina ondo ez dagoela ikusteko gai banaiz, eta zu, ez!

ELENA: Maite duzula? Maite duzula? Bizitza osoan hori esanda babestu duzu zure burua, eta ez da egia! Zer egin dizu zuri Joanesek, zuk berari hori egiteko?

IMANOL: Zer egin? Ezer ez, horixe, ezer ez. Berak esaten dituen gauza horiekin guztiekin neroni erotu naiz ia-ia. Dena jakingo balu bezala, galdera guztientzako erantzunak izango balitu bezala... Fantasia hutsa! Entzun al diozu bere buruari buruz hitz egiten? Pentsamendu eta sentsazioei segika zoriontsu bizi den gizasemea dela, errepikapenez bizi dela... Dios! Zer esan nahi zuen? Errepikapenez bizi... Zer demontre da hori? Halakorik...

ELENA: Sekula galdetu al diozu zer esan nahi zuen? Sekula galdetu al diozu zeure buruari zer esan nahi ote zuen? Zu, ez zara semea ulertzen ere saiatu!

IMANOL: Nik, besteena bezalako seme bat nahi nuen, egia da. Hala eta guztiz ere, hau tokatu zaigu, eta berdin-berdin maite dut.

ELENA: Ikusten? Entzuten al diozu zeure buruari? Tokatuta... Ez zen tokatze kontua izan. Guk sortu genuen, biok; eta nik munduratu.

IMANOL: Gurea izango da orduan errua. Gutako biotako batek, agian, zerbait izango zuen barruan gaizki, eta ez genekien.

ELENA: Zera izango genuen guk...! Gaztetasuna eta ilusioa galanta, horixe baino ez!

IMANOL: Erditu aurretik ez al zizun medikuak zerbait esan? Zera esan nahi dut... Zerbait gaizki ote zeneukanik edo...

ELENA: Zu ez zaude burutik sano!

IMANOL: Beharbada, txikia zela, jaki txarren bat edo emango zenion...

ELENA: Baina... (Entzuten ari dena ezin sinetsita). Beraz, konbentzitu zaude, errua nirea izan dela!

 

(Isilunea).

 

IMANOL: Hara, ezin dut gehiago! Ba bai! Zuk munduratu zenuen, zuk eman diozu jaten, eta zuk hezi duzu! Horra hor arrazoia!

ELENA: Eta nik baino ez dut maitatu, ulertu eta entzun! Horra hor arrazoia! (Oihuka).

IMANOL: Gezurrak esaten erakutsi zenion! Hori ez da oso normala, ezta? Eta gainera, ahaztu al duzu ez zeniola hitz egiten erakutsi nahi, ahaztu al duzu? Zein heziketa klase eman diozu gure semeari?

ELENA: Nire semeari!! (Oihuka). Bai, gezurra esaten erakutsi nion, eta ez nion hitz egiten erakutsi, irakasten hasterako bazekielako. Gezurra esaten erakutsi nion, jendeari min ematen ziolako bere egiekin, eta hitz egiten erakusteari dagokionez, berriro diotsut, ez niola erakutsi, garaia baino lehen ikasi zuelako. Horra hor nire kulpa!

IMANOL: Eta galanta... Beste amek bezala egin izan bazenu...

ELENA: Zer Imanol? Egin zer? Elkar maite genuen garai hartan, Joanes, esperotako semea izan zen biontzat, baina denborarekin, hori, ahaztu egin duzu, eta orain, semeaz uko egin nahi duzu.

IMANOL: Eztabaida honek ez dauka zentzurik. (Eskua galtzetako poltsikoan sartu, eta paper bat atereaz). Hona hemen gizarte laguntzailearen papera. Ez kezkatu, beteta dago. Joanes, psikiatrikoan sartuko dugu.

ELENA: (Papera eskuan hartua). Nola ausartu zara... Hori ikusiko dugu! Hau eskakizun ustel bat baino ez da! Medikuek erabaki beharko dute! (Bere onetik irtenda).

IMANOL: Bai, arrazoi duzu. Hau eskakizun bat baino ez da. Baina badakizu, medikuek zer esango duten, ezta?

ELENA: Ez zaitut ezagutzen... Semeari hori egitea ere...

IMANOL: Bere onagatik egin dut.

ELENA: Ez! Zuregatik egin duzu!

IMANOL: Baita. Eta zer?

ELENA: Ez zaitut ezagutzen...

IMANOL: Nik ere ez zu! Joanes jaio zenetik, senarraz batere gogoratu al zara?

ELENA: Horri, zeloak esaten zaio.

IMANOL: Esan nahi duzuna. Ahaztu al dituzu Joanesen erruz izan zenituen depresio ikaragarri haiek?

ELENA: Ez, ez ditut ahaztu. Baina nik, denborarekin semea ulertu egin dut. Gehiago esango dizut: arrazoia dauka.

IMANOL: Arrazoia, zertan? Denak erotu al gara hemen, edo zer? Gezurra dirudi...

 

(biak bero-bero eginda daude).

 

ELENA: Egia bat badago, eztabaidaren puntu honetan jada jakin beharko zenukeena: Joanesengatik izan ez balitz, etxe honetan, ustel-ustel eginda egongo nintzela. Aspaldi joana izango nintzela!!! (Erabat haserre).

IMANOL: A bai? (Erasokor). Ba orain, Joanes badoanez, joan zintezke nahi baduzu!

ELENA: Zaude lasai, ez dut zure baimenik behar eta horretarako! Akabo! (Zapi zuri koipeztatua senarrari jaurtikiz).

 

(elena desagertu egingo da korrika batean, eta imanol han geratuko da, zapia eskuetan duela).

 

IMANOL: (Gorantz begira). Ikusten, Joanes? Hau, hire errua duk! Madarikatua... (Aulkian esertzearekin batera, argiak itzaliko dira).