Joanes, itxaropenaren semea
Alaitz Olaizola
Joanes, itxaropenaren semea
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia / BBK, 2007
Joanes, itxaropenaren semea
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia / BBK, 2007
[aurkibidea]

 

8. BADOA JOANES

 

(Agertokian, izaro dago lasai eserita liburu bat irakurtzen. Jada, Berrogeita lau urteko emakumea dugu izaro, mikel bezalaxe. Bat-batean, mikel sartuko da poliki-poliki eta burumakur. Jostailuzko noria txiki bat dakar esku artean. izaro, ez da jabetuko mikel etorri denik. mikelek, atzetik heldu eta musu bat emango dio buruan.

Agerraldi honetan, tristea izanik ere, musika alaia entzun beharko litzateke barrenetik, tonu tristeez osatutako melodia biziren bat).

 

IZARO: Mikel... Ene, ez zaitut sumatu ere egin...

MIKEL: Ez, laztana...

IZARO: (mikel horrela ikustean, izututa). Zer duzu, Mikel?

MIKEL: Izaro, Joanes...

IZARO: Ene! Zer moduz dago? Berarekin egon al zara?

MIKEL: (Bere ondoko aulkian eserita). Bai, eta ez.

IZARO: Um?

MIKEL: Izaro, Joanes... hil egin da.

IZARO: (Kolpera altxatuz). Ez! Zer diozu, baina nola? Non? (Urduri).

MIKEL: (Moztuz). E, Izaro! Lasai, bale?

IZARO: Lasai... (Isilunea). Bai, egia da, Izaro. (Bere buruari). Lasai.

MIKEL: Zer zioen berak? Lasai egoteko, beti. Ba'orain da unea. Noriak istripu larri bat izan du, eta, kito.

 

(Isilunea. biak, erabat penatuta, baina goiari eusteko ahaleginetan).

 

IZARO: Noria erori egin da, ez da hala?

MIKEL: Goitik behera, Izaro.

IZARO: Esan. Non zegoen Joanes, goian edo behean?

MIKEL: Goi-goian Izaro, tamalez. Behean egon izan balitz, akaso...

IZARO: (Irribarretxo triste batekin). Azkenean beraz, hegan egin du gure Joanesek... Ez Mikel, goian egotea nahi zuen berak, beraz, goian zegoela gertatu behar zuen. (Malkoei ezin eutsita).

MIKEL: Gizajoa...

IZARO: Gogoan al duzu bere amaren heriotza eta gero esan zigun hura? Tanatorioko pasarte hura, akordatzen?

MIKEL: Nola ez ba! Joanesi bakarrik gerta zekiokeen horrelakoren bat halako egoera tristean.

IZARO: Ba hori, poztu gaitezen ba gu ere, bere moduan, laztana!

MIKEL: Ezin dut Izaro... Joanes, nire adiskidea...

IZARO: Nik ere ez, Mikel, baina ahaleginak merezi du, ez al duzu uste? Joanesek, bizitzari etekina atera zion bizi poza zuelako, betirako itxaropena bazuelako. Ospa dezagun. Ea, jaiki, eta egin dantza nirekin!! Ea! (Besotik tiraka).

MIKEL: (Lur jota). Ezin dut baina...

IZARO: Nola ezetz? Jakina baietz! (Gerritik heldu eta musika doinuei jarraituz, mugitzen hasiko dira. Gero, berriketan jarraituko dute).

IZARO: Esan Mikel, zenbat urtez egon da psikiatrikotik kanpo bizitzen?

MIKEL: Sei urtez, ezta? Bere ama hil zela sei urte badirenez...

IZARO: Gure adin berbera zuenez, berrogeita lau urterekin joan zaigu... Aupa Joanes! (Emozioei ezin eutsita).

MIKEL: Bai, aupa Joanes. (Buru makur).

IZARO: Mikel, mesedez. Joanes lotsatuko litzateke zu horrela ikusita. Bere bizitza, amaigabeko festa bezala bizi izan duen baten heriotzaren unean, ezin dugu negarrik egin. Egin dezagun festa! (Malkoei ezin eutsita).

MIKEL: Kabroia! Azkenean, norian amaitu behar...

IZARO: Amaitu? Joanes betirako da, motel.

 

(Pixkanaka, irribarrea berreskuratuz joango dira).

 

MIKEL: Jo, gogoan dut, suhiltzaileen kamioi hura oparitu zidanean.. Hantxe bertan akabatuko nuen...

IZARO: Ba, egia. (Barrez). Eta bere aitak psikiatrikoan sartu zuenean esan zigun hura? Joanesek bakarrik esan zezakeen, bere aita heroia zela egin zuena egin eta gero.

MIKEL: Egia! Potroak zituela esaten zuen... (Barrez, malkoak lehortuz). Zu ezagutu zintuenean, bera bezalako batek ea zu bezalako emakume bat maita al zezakeen galdetu zidaneko hartan, berriz, guk egin genituen barreak... Nik baietz, eta berak ere, baietz! Orduan, zertarako galdetzen zidan galdetu nionean, halaxe esan zidan: “Egia esan, ez zait batere axola zure iritzia” (joanesen ahotsa imitatuz). Guk egin genituen barreak...

IZARO: (joanes imitatuz). “Zer uste duk ba, Mikel, pentsamenduak horixe baino ez direla? Pentsamenduak bizitza dituk, beroiek definitzen ditek bizitza. Buruak pentsatzen badik, gorputzak funtzionatzen dik, bestela, kito!”

MIKEL: Eta nik, ezer ulertu ezin! Ja! Ja! Ja!

IZARO: Eta beste hau: “Aizan, hik zer egingo huke, sagar bati hozka egin, eta zizare bat ahoan sumatuko bahu?” Eta nik: “Zera egingo nikek! Azkar asko bota, eta ahoa garbitu!” Eta berak orduan: “Nik, jan egingo niken. Bizitza badun, memoria izanen din. Hartara, niretzako pixka bat gehiago.” (Irribarrez).

MIKEL: Joanes, gure Joanes...

IZARO: (Triste). Pena bakarra geratu zait, Mikel. Jokinena esan egin behar genion...

MIKEL: (Dantza egiteari utzi, eta aulkian utzitako noria txikia eskuan hartuta). A! begira hau.

IZARO: Ene!

MIKEL: Joanesen lantegira joateko deitu didatenean, bere armairuko gauzak jasotzera joan naiz berria jakin eta gero, eta hau topatu dut barruan.

IZARO: Berak egina dela dirudi. Bere noriaren berdin-berdina da, ezta? (Noriari begira).

MIKEL: Ia berdina. Begiratu ondo.

 

(Isilunea).

 

IZARO: Ene! Aulki bakoitzean izen bat jartzen du... Denetan berdina!... Jokin!

MIKEL: Beraz? (Irribarrez).

IZARO: Beraz, Joanesek bazekien Jokin bere semea zela!

MIKEL: Ero kabroia!! (Barrez).

IZARO: Bazekien bezalaxe, gu biok bikotea ginela, ezta?

MIKEL: Gu ez ginen ezer esaten ausartu, baina gogoan al duzu duela pare bat hilabete elkarrekin afaltzera joan ginenean esan zigun hura?

IZARO: Patatarena?

MIKEL: Patatarena, bai. Patata berdinari bi begi atera ziezazkiokeela. Patatak, bi begiak maita zitzakeela, bi begiek patata maita zezaketen moduan.

IZARO: Eta bi begiek, elkar maita zezaketen moduan...

MIKEL: Hori dena, patata frijituak eskatu genituelako jateko...

IZARO: Beraz, bera patata gora eta behera, eta guk, ulertu ez!

MIKEL: Eta berak dena jakin...

IZARO: Dena jakin, eta onartu! Jainko maitea!

MIKEL: Ero guztiak halakoak badira...

 

(Elkar besarkatuz).

 

IZARO: Neronentzako nahi nuke Joanesen erotasuna...

 

(Isilunea. Gero, elkarri begira geratuko dira).

 

BIAK: Eroa? (Barrez).

 

(Buruarekin ezezkoa egingo dute).

 

MIKEL: Joanes... Betirako geratu nahi eta...

IZARO: ...azkenean, inora joan ez!!

 

(Eskutik heldu, eta noria aulki gainean utzita, kantuan desagertuko dira. “Agur, agur, agur, ilargira noa” abestuz joango dira).