Zumalakarregi
Luis Haranburu Altuna
Zumalakarregi
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986

 

VII. ZAZPIGARREN JOKALDIA

 

(pankrazia sartzen da eszenara kandela argi bat eskuetan duelarik. Argia ohearen alboan dagoen mahin txikian jartzen du. Eszenan oso argi gutti dago. zumalakarregik ulergaitzak diren hitzak esaten ditu aldiz. Halako batetan klarki ulertzen zaio).

 

ZUMALAKARREGI: Hitzak! Hitzak!

 

(Kalenturaren ametsetan dihardu zumalakarregik. Lo dirau. Senarraren hitzak entzutean pankraziak belarrian jartzen dio ahoa).

 

PANKRAZIA: (Samur)

            Zer duzu Tomas? Zerk herstutzen zaitu? Egizu lo.

 

(pankraziak “Haurtxo txikiaren” doinua murmuriatzen dio).

 

ZUMALAKARREGI: Egia zion Xaok!

 

(Eta hitz hauek esaten dituelarik iratzarri egiten da zumalakarregi).

 

PANKRAZIA: Zer duzu Tomas? Amets txarrak izan dituzu!

 

(Argiak gehitzen doaz eszenan).

 

ZUMALAKARREGI: Zer da hau?

PANKRAZIA: Lasai Tomas. Zegaman aurkitzen zara. Ni zurekin nago.

ZUMALAKARREGI: Anka kristalez beterik bezala dut. Miņa daukat.

PANKRAZIA: Medikua hor kanpoan dago. Oraintxe esango diot etortzeko.

ZUMALAKARREGI: Medikua?

PANKRAZIA: Mediku bi. Bizkaitik etorri dira zurekin.

ZUMALAKARREGI: Beaje luzea izan da. Luzeegia (Isilunea) D. Carlosek hamabi ordu tardatu zuen niregana etortzeko. Hamabi orduz egon nintzen Durangon.

PANKRAZIA: Esan dit... Esan dit Zaratiegik. Bera oso asarre zegoen.

ZUMALAKARREGI: Eta Petrikiloa etorri da?

PANKRAZIA: Bai. Zu esnatu zai dago.

ZUMALAKARREGI: Datorrela.

 

(Irtetzen da pankrazia eta berehala dator petrikiloa eta medikuarekin. Bistan da medikuak ez duela gogoko).

 

MEDIKUA: Zer moduz zaude?

ZUMALAKARREGI: Ohinazea daukat.

PETRIKILOA: Jeneral jauna, berorren hanka nahi nuke aztertu.

ZUMALAKARREGI: Ondo da.

MEDIKUA: (Asarre)

            Zumalakarregi Jauna! D. Carlosek ni kargutu nau zure osasunaz eta nik ez dut erantzukizunik nahi gizon honek egin dezaken kaltean.

ZUMALAKARREGI: Hanka hau ez da D. Carlosena nirea baino. Nik hotsegin diot gizon honi eta berak ere nire hanka azter dezan eskatzen diot.

 

(petrikiloak zumalakarregiren anka aztertzeari ekiten dio. Han eta hemen ikuitzen du jeneralaren anka eta berau zakarki kexatzen da).

 

PETRIKILOA: Lasai... Bukatu dut.

 

(petrikiloak eskuak garbitzen ditu. pankrazia eta zaratiegi bere hitzen zai inguratzen zaizkio. medikua eszenaren albo batetan dago, mexpresuz begira).

 

PETRIKILOA: Bilbotik honerako beajea kalterako izan da. Guttienez hamar zentimetroko beherakada egin du balak haragian. Oso arriskugarri iruditzen zait oraingoz bala hori ateratzea. Sarraski handiegia litzateke.

 

(medikua txaloz hasten da burlaka, petrikiloak entzungor eginaz jarraitzen du).

 

PETRIKILOA: Ezer baino lehenago zauria sendatu behar da.

 

(Medika petrikiloarengana hurbiltzen da).

 

MEDIKUA: (Ironiaz)

            Eta jakin otte daiteke nola Hipokrates jauna?

PETRIKILOA: Belarrekin.

MEDIKUA: Belarrekin?

PETRIKILOA: Bai jauna pasmo-belar eta tipularekin. Pasmo-belarrak zornea xukatuko dio eta tipulak berriz zauri hertsi.

MEDIKUA: Erotu zara!

 

(Eszenan harat-hunat hasten da medikua).

 

ZUMALAKARREGI: Pankrazia!

PANKRAZIA: Bai?

ZUMALAKARREGI: Esaiezu jaun hauei ados jartzeko beren artean. Zaratiegi!

ZARATIEGI: Zer nahi duzu Zumalakarregi?

ZUMALAKARREGI: Karta bat idatzi behar diot Eraso Jeneralari. Orain bera da Bilboko setiaketaren arduradun.

ZARATIEGI: Zer moduz aurkitzen zara?

ZUMALAKARREGI: Anka elbarri badut ere ezin dut burutik kendu Bilboko astakeria.

ZARATIEGI: Zerorrek esan duzu arestian orain ez dela zure ardura. Zu heri zaude. Ahalik eta laisterren sendatzean besterik ez duzu pentsatu behar.

ZUMALAKARREGI: Entzun Zaratiegi. Gerla hau nire gatazka da eta heriotzak bakarrik aldendu nezake bertatik. Bilboko gertakizuna nire errua da D. Carlosi amor eman niolako. Inoiz ez gendun Bilbo setiatu behar...

ZARATIEGI: Argi esan zenion D. Carlosi, baina obeditu beharra zenuen.

ZUMALAKARREGI: Horrek agian balio du besterentzako baina ez niretzako. (Isilunea) Idatzi gutuna eta esan Eraso Jeneralari Bilbotik aldentzeko. Bilbotik ez bagara berehala erretiratzen, akabo! Idatzi hori eta izenpetuko dut.

 

(pankrazia dator eszenara).

 

PANKRAZIA: Medikuak bakarka hitzegin nahi du zurekin.

ZUMALAKARREGI: Sar dadila.

 

(pankrazia eta zaratiegi irtetzen dira. medikua dator).

 

MEDIKUA: Beste mediku bat heldu da Durangotik eta konsulta egin dugu elkarrekin. Aztertu dugu zure egoera eta elkarrekin gatoz bala ateratzearren alde.

 

(Isilunea. zumalakarregik bi eskuen artean estaltzen du burua).

 

ZUMALAKARREGI: Petrikiloarengan badut federik.

MEDIKUA: Barkatu jauna, baina neri astokilo bat iruditzen zait.

ZUMALAKARREGI: (Asarre)

            Ez dizut iritzirik eskatu!

MEDIKUA: Barkatu jauna.

ZUMALAKARREGI: Utz nazazu bakarrik... jakin araziko dizut nire erabakia.

 

(Irtetzen da medikua. Isilunea. zumalakarregik esku artean dauka burua. Halako batetan hotsegiten du).

 

ZUMALAKARREGI: Pankrazia!

 

(Korrika sartzen de pankrazia).

 

PANKRAZIA: Bai, Tomas, zer nahi duzu?

ZUMALAKARREGI: Operatzea erabaki dut.

 

(Presaka irtetzen da eta medikuarekin dator instantean).

 

MEDIKUA: (Pozik)

            Onik erabaki duzu.

 

(medikua gela guztia aztertzen hasten da guztia miatuz).

 

MEDIKUA: Gela honek argi gutti dauka. Hobe izango da sukaldean operatzen badugu.

ZUMALAKARREGI: Pankrazia...

PANKRAZIA: Bai, Tomas?

ZUMALAKARREGI: Eleizakoak hartu beharko nituzke...

 

(pankrazia negarrez hasten da).

 

MEDIKUA: Barkatu jauna... baina liberalak enteratzen badira Zumalakarregik Eleizakoak hartu dituela Karlisten indarra mermatzeko erabiliko dute.

ZUMALAKARREGI: Egia diozu...

 

(medikua kanpora doa eta lau soldaduak atzetik dituela sartzen da segituan).

 

MEDIKUA: Orain bertan eramango zaitugu sukaldera.

 

(zumalakarregi lau soldaduen artean daramate. pankraziak negarrez jarraitzen die. Argiak itzaldu bide dira).