III. HIRUGARREN JOKALDIA
(zaratiegirekin batera sartuaz zumalakarregi mahainean jartzen da).
ZUMALAKARREGI: Iritxi al dira alpargatak?
ZARATIEGI: Ez. Ez da ezer iritxi.
ZUMALAKARREGI: (Asarre)
Nolatan nahi duzute beraz gerla irabaztea? Amezkoatatik Baztanerako joan-etorria ez daiteke ankutsik egin! Alpargata batzuk! Asko eskatzea da hori?
ZARATIEGI: Minaren tropek gogor hartzen dituzte herrietako alpargatagileak.
ZUMALAKARREGI: (Zutik jarriaz)
Mina... liberal traidore hori! Nafarra izanik Nafarroa zapaltzen duen ejertzitoaren buruzagia...
ZARATIEGI: Enteratu zara bere azkenekoaz?
ZUMALAKARREGI: Zer egin du orain?
ZARATIEGI: Badakizu nola miatzen dituzten Nafarroako zoko guztiak gure kanoien bila. Oraingoan Baztan aldean ibilia da kanoien karretoan nortzuk ibiltzen diren jakin nahiean. Ez du ezer garbirik lortu ordea.
ZUMALAKARREGI: Nola lortuko du ba, ezen gurdiak daramazkiten ihitzaiek ere ez badakite non gordetzen ditugun?
ZARATIEGI: Minak badaki begiak estalirik egiten dutela beren lana.
ZUMALAKARREGI: Nekez aurki ditzazke kanoiak.
ZARATIEGI: Kanoiak ez baina idiak bai.
ZUMALAKARREGI: Eta...?
ZARATIEGI: Begira! Auzako herrira sartu zenean han kanoia aurkitzeko asmoz guztia atzekoz-aurre jarri ondoren ez zuen ezer aurkitu. Orduan ihitzaileei galdezka hasi zen, baina hauek ere ez zioten argibiderik eman ahal izan. Asarre jarri zen gizona eta herriko idi guztiak plazara ekartzeko agindu zuen eta han herri guztiaren aurrean idiak fusilatu zituen.
(zumalakarregik algara handi bat egiten du eta berarekin zaratiegik).
ZUMALAKARREGI: (Farrez)
Idiak fusilatu?
(Bat-batean zumalakarregi goibel jartzen da eta eszenatik zehar ibiliaz dio).
ZUMALAKARREGI: (Goibel)
Zerri krudela! Gerlak ere galdu du bere izena. Haziendak sutan... Idiak odol-ustuak... legerik gabeko gorrotoa.
(Isilunea).
ZARATIEGI: Zer berri dituzu Pankrazia eta zure alabataz?
ZUMALAKARREGI: (Ametsetik iratzarririk bezala) Zer?
ZARATIEGI: Zer dakizun zure emazte eta familiaz?
ZUMALAKARREGI: Azkenekoz Iruinean ziren. Beldur naiz Mina, harakin horrek egin diezaieken kalteaz. Idiak fusilatzen dituenaz zer itxaro daiteke?
ZARATIEGI: Hoberena zera izanen da: truke bat proposatzea. Baditugu hainbat liberal preso. Guk presoak eta berak zure familia.
ZUMALAKARREGI: Guk bai preso hartzen ditugu liberal soldaduak. Baina liberalek bertan behera akabatzen dituzte karlistak. Gaixoak eta herituak ere beren eskuaz akabatzen dituzte.
(iturralde dator eszenara).
ITURRALDE: Agur! Zer moduz Zumalakarregi.
(Militarki agurtuaz gero eskua ematen diote elkarri).
ZUMALAKARREGI: Kaixo Iturralde!
ZARATIEGI: Agur!
ITURRALDE: Zer berri daude?
ZUMALAKARREGI: Onak berriak. Baina lehenik zorionak eman nahi dizkizut Alegriako erasoan izan duzun portaeragatik.
ITURRALDE: (Atseginez)
Nire eginbeharra bete dut. Besterik ez.
ZUMALAKARREGI: Hain ondo bete ere.
ITURRALDE: Zu bezalako jeneral batekin erreza da erasoak irabaztea.
ZUMALAKARREGI: Arabako lautadan demostratu dugu ejerzito bat garela eta ez gerrillero koadrila soil bat.
ITURRALDE: Zer dakizu D. Carlosi buruz?
ZUMALAKARREGI: Azken berriak diotenez Frantzian aurkitzen da eta laister izanen da hemen.
ITURRALDE: Berri pozgarria benetan.
ZUMALAKARREGI: Bai baina beldur naiz bere joeraz. Orain arterakoan konpondu gara. Ejerzito bat eraiki dugu. Liberal tropak harresien artean bakarrik aurkitzen dira lasai eta horrela jarraituaz berehala izanen gara herriak hartzeko moduan ere. Ez dakit zergatik baina Juntak kezkatzen nau. Azken bolara honetan presakaegi joan nahi dute. Nik berriz ez dut oraindik egoera heldurik ikusten ekintza handiagoeri ekiteko. Nik alpargatak eta fusilak eskatzen dizkiet eta berak ez dira gauza hitzak baino bidaltzeko. Garaipenak eta garaipenak nahi dituzte juntakoek. (Isilunea). Polbora, fusilak... alpargatak behar ditugu.
ZARATIEGI: Erregerik gabeko gorte bat osatu dute.
ZUMALAKARREGI: Hori ez da okerrena. Dinastiaz eta erregeaz dihardute beti baina inoiz ez foruaz eta Euskal Herrian jasatzen ari den zama aztunaz.
ITURRALDE: Horrelakoak dira politikoak.
(Isilunea).
ZUMALAKARREGI: (Asarre)
Ez dute politiko izenik ere merezi. Sakristau koadrila bat dira!
(Eszenaren eskubi aldean soldaduak agertzen dira eta beren atzetik dator etxeberria apeza. zumalakarregi dagoen tokirantz abiatzen da baina soldaduek bidea hersten diote).
ETXEBERRIA: (Atetik)
Agur jaunak!
ZUMALAKARREGI: (Jestoarekin adieraziaz)
Agur. Aurrera!
ETXEBERERIA: (Maltzur eta zuri)
Zu ere hemen Iturralde? Hara zer poza!
ZUMALAKARREGI: Iturralde nire komandantea da. Eta izendatu ere ordu onean izendatu nuen. Gizon baliotsa zait!
ITURRALDE: (Serios eta zuhur)
Agur Etxeberria jauna! Nondik zabiltzate juntakoak?
ETXEBERRIA: Elizondon gehienetan, baina sarritan ihes egin beharrean aurkitzen gara liberalak atzetik ditugula.
ZUMALAKARREGI: Ihes egiteko ere, Frantzia ez duzute urruti.
ETXEBERRIA: (Gurutzearen seinalea eginaz)
Jainkoak goarda! Frantzia masoi eta fede-gabe horretan ez genduke atsedenik.
ZARATIEGI: Nolaz etorri zara Amezkoetara? Normalean urrun izaten zara eraso tokietatik.
ETXEBERRIA: Enkargu garrantzitsu bat dakart zuretzako Jeneral Jauna. (zaratiegi eta iturralde adieraziaz) Mesedez jaunok utz nazazute Zumalakarregirekin bakarka.
(zaratiegi eta iturraldek aldentzeko keinua egiten dute, baina zumalakarregik gelditzeko adierazpena egiten die).
ZUMALAKARREGI: Zaratiegi eta Iturralderentzat ez dut sekreturik. Esaidazu zure enkargu hori.
(Isilunea. etxeberriak bularrean sartzen du eskua eta handik ateratzen du sobre bat. zumalakarregiri luzatzen dio).
ZUMALAKARREGI: (Papera irakurriaz)
D. Carlosen gutun bat da. (Isilunea) D. Carlos Nafarroan aurkitzen da.
(zumalakarregik isilik irakurtzen jarraitzen du eta beste hirurak korro bat osatzen dute bere inguruan. Isilunea).
ITURRALDE: Zer dio D. Carlosek?
(zumalakarregik ez du erantzuten. Irakurtzen jarraitzen du. Bat-batean etxeberria txaloka hasten da eta soldaduak dauden tokira doa).
ETXEBERRIA: D. Carlos Nafarroan dugu! D. Carlos gurekin dugu!
(soldaduak begira gelditzen zaizkio txunditurik).
ETXEBERRIA: (Ohiukatuz)
Gora Erregea!
SOLDADUAK: (Motel)
Gora Erregea!
(soldaduak zumalakarregi dagoen tokirantz hurbiltzen dira eta etxeberria jeneralaren alboan dago berriro).
ETXEBERRIA: Zer dio? Zer dio D. Carlosek?
(zumalakarregi uzkur ageri da eta etxeberriari luzatzen dio gutuna).
ZUMALAKARREGI: Tori! Irakurri zerorrek.
ETXEBERRIA: (Gutuna irakurriz. Doinu enfatikoa)
“Mi real ánimo y corazón se hallan dulcemente afectados ha ya muchos días al contemplar los heroicos esfuerzos que hacen en favor de la religión y de la legitimidad de mis derechos, las provincias de Álava, Guipuzcoa, Navarra y Vizcaya a quienes nombro sin preferencias siguiendo solo el 6rden alfabético. Mis reales sentimientos manifestados en la alocución adjunta, quiero que se publiquen a la faz del mundo entero: tratad hijos míos de reimprimirla con este grande objeto, pues vuestros hechos oscurecen ya el heroísmo de todos los pueblos. Mas de una vez os he dirigido mis oficios o cartas, pero estoy con el sentimiento de que quizás no han llegado a vuestras manos.
Digno gefe Zumalacarregui, os encargo que hagáis presente mi real gratitud a todos los que mandan las divisiones y también a la junta de esas cuatro provincias. Confirmo cuantos grados militares haya dispensado, 6 los que vos y demás hayáis concedido, y la autorizo para esto y cuanto sea necesario y oportuno al grande fin que os habéis propuesto, para lo que deposito esta parte de mi autoridad soberana. Trabajad con unión y alejad de vosotros todo espíritu de discordia y aun los mas imperceptibles elementos de división. Fijad solo los ojos y el corazón en Dios, en mi y en la nación española”.
(etxeberriak gutuna irakurtzen duen bitartean, alde batetik bestera ibiliaz urduri agertzen da zumalakarregi. Gero publikorantz so gelditzen da eta aparte batetan dio).
ZUMALAKARREGI: Hitzak! Hitzak!
(etxeberriak irakurtzen jarraitzen du eta “Nación española” hitzetara heltzen denean zumalakarregik gutuna kentzen dio eskutik).
ZUMALAKARREGI: Aski da.
(Guztiek harriturik begiratzen diote eta jestoaz oharturik doi-doi dio zumalakarregik).
ZUMALAKARREGI: Ea! Gaua gainean dugu eta harmaz kargaturiko konboi bat Lizarrara datorrela jakin arazi didate gure espioiek. Goazen konboia atxematera. Harma horiek beharrezkoak ditugu. Harmetara soldaduak!
(Eszenatik ateratzen dira guztiak zumalakarregi bakarrik gelditzen delarik. Laister jarraitzen die besteei ondorengo hitzak ahozkatzen dituen bitartean).
ZUMALAKARREGI: Hitzak! Hitzak!