Zumalakarregi
Luis Haranburu Altuna
Zumalakarregi
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986

 

Jon eta Maddiri.

 

 

ZUMALAKARREGIRI BURUZ

 

            “Zumalakarregi” izeneko antzerki hau burutzean, sarritan ohartu naiz obra literario batek dituen mugaz pertsonai historiko baten nortasuna bere osotasunean adieraztekoan. Fikzio literarioak baditu bere bentajak eta desbentajak. Aldeko gauzen artean libertadea da gehien preziatzen dudana, hots, idazleak pertsonaia manaiatzeko duen albedrioa eta plazera. Zumalakarregi Agustin Chaorekin solasean amestea eta beren hitzak asmatzeak duen poza eta atseginak berez justifikatzen du idazlearen ofizioa. Merezi du pena. Bada idazlerik komunikazioaz edo herrigintzaz mintzatzen denik beren ihardunaren zergatiaz diharduenean, hoiek edo antzeko arrazoinak alboratu gabe ordea, aitortu behar dut, nire kabuz, idazteak erakartzen duen atsegina zaidala eragingarrien.

            Bestalde ordea, Fikzio munduan iharduteak eta batez ere zerbait historikoan ohinarriturik idazteak desoseguren bat sor dezake. Izan ere, historiagintzak baditu bere arauak eta hesiak, eta gertatu ere gertatzen da obra literarioak bere hari eta arerio propioak dituela harkaiz tartean jaioriko ur ixpiak mendian behera kapritxoz eta jostalari bidea aurkitzen duen gisara, zeinak saltoka eta txirristatuz zirriku erosoenak aurkitzen dituen. Alegia, Zumalakarregi eta bere ingurunea historikoki aztertzerakoan disziplina zientifiko batekin ihardun behar da, baina Zumalakarregiren izaera aitzakitzat harturik fikzio literario bat hedatu nahi bada, orduan idazlea aske da zenbait lizentzia hartzeko eta bidebatez historia berikusteko. Egia esan, honoko hau ez datza oso zihur historiagintza eta literatur sorketa zearo kontrajarriak direnik, arego maite dut pentsatzea zirika dezakela literaturak historiagintza, zeina sarritan topikoz eta mitoz trabaturik deseinatzen den.

 

 

— 1 —

 

            Antzerki “Dokumentalaz” hitzegiten dute batzuek (A. Sastre) eta horrela klasifikatu izan ohi dituzte adibidez P. Weis-en zenbait antzerki saio, hala nola bere “Marat-Sade” edo eta Vietnameko gerlaz buruturiko obra. Ordea, apropos eta zuzenago derizkiot teatro mota horri “Historiko” deitzean eta ez “dokumental”. Literatura zerbait bada, fikzioa da. Noski, idatzia denez literatura guztia bilakatzen da agiri baina bere “agiritasun” hori esangura ugarien pean itzalirik agertzen zaigu; ez bada, behintzat, literatura formalista soil bat osatu nahi. Esan nahi da, Marat, Sade edo Vietnameko gerlataz munta daitekeala obra bat nahi hainbat zehaztasun eta zihurtasun historikoaz baliaturik, baina finean datoak eta akontezimenduak korapilatzeko gisan edo eta beren hedadura adieraztekoan esangura subjetibo baten baitan iharduten duela idazleak eta ez daitekeala beraz antzerki “dokumentalaz” mintza. Gehienez ere antzerki “historikoaz” mintza beharko gara subjetibitateak akontezimenduei eransten dion libertadearen baitan.

            Antzerki “historikoa” ez daiteke inoiz “dossier” bat izan, ez bait da orduan antzerki izanen; sakramental hala ez “auto” bat osa daiteke gehienez ere, inkisizioak bere garaiean edo eta justiziak gaur egun norbait epaitu nahi duenean “dossier” bat eraikitzen duen moduan. “Historia” hitza gertakizun edo pertsonai bati atxikitzen diogunean badirudi sekuletarako finkatzen dugula pertsonai edo akontezimendu hoien izaera, baina historia hitza ez da hain sakratua ez eta hain inozoa ere, zeren historiagile bera ere ideologia, edo metodologia, edo axiologia berezi baten baitatik ekiten dio ikerketari eta ez daiteke, beraz, zientifiko deituraz bere ikerketaren ondorioa bataiatu. Historiagileak borondaterik hoberenarekin, eta nola ez bere jakitura guztiarekin, aztertzen du iragana baina beti ere subjetibotasun mailaren batetik dihardu, nahiz eta objetibotasunaren irrikiak bultzaturik jokatzen ahalegindu; zeren azken finean historiagintza ez da zientzia esaktu bat giza-jakituri bat baino.

            Idazleak, historiagilearen alderantziz, ez du izan behar inongo kontzientzia malurusarik gertakizun edo pertsonai historiko batengana hurbiltzerakoan. Idazlearen libertadeak aparato kritiko guztiei muzin egin dezaieke ez bait doa emanikako egiaren atzetik “bere” egia asmatzera baino. Historiarengana hurbiltzean idazleak ez du etekina bilatzen, atsegina baizik.

 

 

— 2 —

 

            Goazen, ordea, gauzak zerbait txukuntzera. Zergatik Zumalakarregi eta ez Muņagorri, Sagastibeltza edo besteren bat? Auskalo! Agian, Xabier Arzallusen artikulo bat irakurtzetik datorkit aukera. Buruzagiak zionez, Zumalakarregi ezezaguna eta etxeratu beharra omen dugu euskaldunok.

            Etxeratze kontua alde batetara utzirik, aitortu behar dut nik nerauk arront ezezaguna nuela duela gutti arte Ormaiztegiko seme ospetsua. Jakin ere banekien bere bigote nabarmenaren berri eta halaber karlista zenarenaren notizia eta ezer gutti gehiago horretatik kanpo. Askotan gertatzen da begien bistan duguna eta gertu egokitzen zaizkigun ebidentziak ez ditugula ikusten eta are guttiago kritikatzen. Gainera euskaldunok badugu gure historiarekiko miopia berezi bat zeinaren bertutez kaskoan ditugun bizpahiru ezagupide nekez ditugun aldatzen. Agian, ezagupide hoietako bat karlismoa dugu.

            Eguzkiak gogor kolpatzen zuen 1936.ko Uztailaren hemezortzi hartan. Iruineako Castillo plazak amapolaz josiriko gari soroa zirudin. Reketen txapel gorriei izardia zerien. Kontent egon ziteken Mola Jenerala, eta egon ere pozik zegoen Francoren lagun konspiratzailea plazan bilduriko reketeeri so. Laister heldu ziren Endarlazako zubira, baina irundarrak zubia lehertu zutenez Lesakatik bame Oyarzungo gainetara abiatu ziren. Berehala hartu zuten Gipuzkoa, gero Bizkaia erori zen. Nafar askorentzat Hirugarren Karlistada hasi zen 1936.ko Uztail sargori hartan... Datu bat da. Gertakizun historiko bat.

            Berrogeitamar urte iragan dira Uztaileko egun hartan Nafarroako karlistak Molaren gidaritzapean euskaldun gehiengoaren aurka altxa zirenetik. Berrogeitamar urte... guttiegi oraino, ahaztutzeko. Eta euskaldunen asarrea zurrunbilatzen joan da urte hoien zehar, denbora berri hauk iratzarri arte. Jakina da: Karlistak? Bai. Reketeak sartu ziren Gernikan, Karlistak hartu zuten Bilbo. Zumalakarregi? Bai. Zumalakarregi karlista zen. Horra ideien elkartzea.

            Historiaren errondak topiko bihurtzen ditu gizonak eta gertakizunak; oker batzuetan, zuzen besteetan. Gizaldi baten zehar hiru bider borrokatu eta hil dute elkar euskaldunak. Him bider... asko da hain denbora laburrerako. Memoria kolektiboak jira-bira asko eman dezake mende baten tenorean. Eta eman du. Horrela heldu zaigu Zumalakarregiren topikoa. Gizon bigotedun eta braboa, Ormaiztegiko semea liberalen kontra borrokatua... baina, karlista. “Baina” horretan datza topikoaren gakoa. Adbersatibo horren bitartez adierazten dugu adbersarioa.

            Ordea, Zumalakarregi ez genezake karlismo topiko baten defendatzaile arketipiko bezala ikus. Maluraz eta kuraiaz beteriko gizon bizi eta suhar bat izan zen Zumalakarregi. Euskaldunok berikusi beharrean gara gure topiko historikoak. Berikusi behar dugu gure historia. Gauza jakina da topikoetan sustraitzen dela ideologia oro, eta gure historiari zuhurrago begiratu nahi badiogu iragandakoa desideolojizatu beharrean aurkituko gara. Nazionalismoaren ideologia karlismoaz eraiki diren zenbait topikoetan ere sustraitzen da.

 

 

— 3 —

 

            “Topiko” hitza, “lekua” adierazten duen hitz grekotik datorrela gauza jakina da. Ideiak ernalduaz eta landuaz aurreratzen da gizona historian. Ideiak egiten dute historia, zeren azken finean gizonak bultzatzen dituenak ideiak dira eta azken azkeneko finean ere materialismo historiko deritzanaren baitan ere Hegelen “ideia” konzeptua aurkituko dugu. Egia da Marxek ankaz gora jarri zuela Hegel, baina badirudi sasoi honetan gauzak (ideiak) bere onera etorri direla.

            Ideien produkzioa da gizonaren zereginik altuena eta halabeharrezkoena. Baina aldiz gertatzen dena zera da: ideiak harrixkugarri ere gerta daitezkela eta orduan gizonak edo, hobe, gizonen aintzindariak “pausatu” egiten dituzte zenbait ideia, hots, “lekutu”. Topiko bihurtzen dira ideiak erasogarri edo kezkagarri gerta ez daitetzen. Topikoak, arront sosegatuak eta komodoak izan ohi dira eta topiko bat besteren gain trabatuaz ideologiak eraikitzen ditugu gizonok. Uste eta ebidentziatan ohinarrituriko sistema bat da ideologia. Uste, topiko eta ebidentzia hoien muntaian sustraituko dira politika, morala eta abar.

            Ideia batek enbarazu egiten badigu “pausa” dezagun edo aurki dezaiogun leku bat gure uste eta sinismenen artean eta instante berean galduko du bere bizitasuna eta kezkagarri izaera.

            Agian, antzeko konportamendu bat ukan dugu euskaldunok karlismoaren fenomenoarekin eta halaber Zumalakarregiren pertsonaiarekin. Aski izan zen egun batez Sabino Aranak leku eta toki egitea karlismoari nazionalismoari kontrajarriaz, batpatean euskal izaeraren aurkako zerbait bezala finkatzeko. Gero, guztia esateko, historiak arrazoina emanen zion Sabino Aranari 1936.ko Uztailaren hemezortzi hartan, baina xaltaka eta txirristari, iturria bezala, Aranak sorturiko ideologian karlismoak bere tokia asendatua zuen eta ez zezaken, beraz, gehiegi kezkatu bere leku jakina aurkitu bide zuenez... eta guztiok edan dugu iturri horretatik.

 

 

— 4 —

 

            Urteen poderioz eta ideologiaren zilegitasunaz Zumalakarregi ez bide dugu gaurko euskaldunok bere izaera jatorrean ezagutzen. Kolpe askotxo hartu duen zagia dugu Zumalakarregi. Ustu dezagun zagia zenbait topiko ezagun eta itxura jakinetatik eta 1832.gn urtean liberal gobernuaren aurka matxinatu zenaren larrua aurkituko dugu. Eta larruak, aldiz, dardarizoa eman ohi du gure azal biluziarekin dastatzen dugunean.

            Zumalakarregiren biluztasunaren ardurak bultzatu nau antzerkitxo hau idazterakoan eta hartara zuzendu ditut nire eginahalak bere ingurune eta biziaren berri jakin guraz. Gero, noski, Zumalakarregi antzezgai bilakatu dudanean berriro jantzi dut neure modu eta modara.

            Lehen aipatu dudan bezala idazleak badu zenbait libertate hartzerik bere pertsonaiarekin naiz eta hau “historikoa” izan. Historiagileak ordea bere metodologiaren zordun da eta ez dezake lizentzia handirik har. Ez behar behintzat. Hala ere historiagile oro gizon denez eta beraz ideologia baten baratzeko landare, beti erortzen da aurrejuizio zenbaitetan. Edo eta hobeto esateko aurrejuizio hoietan pausaturik ekiten dio bere lanari, zeren azken finean historiagilearen “zientifikotasuna” bera ere aurrejuizio kategoriko bat besterik ez da.

            Baratzak bezala, ideologia guztiak beren mugak dituzte, eta baratzen antzera ideologiak ere badituzte beren laborariak. Lizardiren “Asaba zaharren baratza”, euskal nazionalismoaren ideologiaren arloa kondensatzen duen esprezio poetikoa da.

            Lehen esan dugu, halaber, ideologia topikoak osatzen dutela bereiziki eta honen aurrez historiagileak bietarik egin dezake edo eta topikoak bere hartan laga, pentsatuaz ebidentziak ez direla aztergai edo eta topikoak beste topikoen kontextoan ezarri ideologiak ematen dien koherentziaz beztituz. Lehen kasuko topikoak tabu bilakatzen dira horrela eta bigarren kasuan berriz domestikatu eta landu egin ohi dira baratzeko landare bat gehiago izatera helduaz.

            Euskal nazionalismoaren historiagintza urria da, agian, nahiago delako topikoak bere hartan uztea tabu direla inplizitoki adieraziaz. Gure nazionalismoak ez du gure herriaren historia auzitan jarri eta are guttiago kritikatu. Ez du ez eta ere osatu “gorputz” historiko bat bere suposamen ideologikoaren baitan eta bertutez. Nahiago da “aintzin benborataz” mintzatu edo eta “betidaniko” arrazoin eta eskubide historikoaz. Alderantziz, aberatsagoa da euskal historiagintza ez-nazionalista (noski kasu honetan ere ideologia ez-nazionalistaz edo espaņolistaz, soilik, ez gindezke ahantzi). Adibidez, gure historia gertukoaz mintzatzen garelarik harrigarritzat erizten diot euskal nazionalismoaz arduratu diren gehienak ez-nazionalistak izateari. Zergatik? Agian hemen ere, eta Axularren esanera, baratzeko pikoak berantegiak direlako.

            Sasoi honetara helduaz gero nik ez dakit oraino nazionalista hala ez-nazionalista naizenik. Euskalduntzat daukat nire burua eta ez dut areagoko hesi baten premiarik nabaritzen. Eta euskalduna izateak ematen didan ikuspegitik ikusi nahi izan dut Zumalakarregi. Agian eta korrontearen kontra jartzearen atseginak eraginik zertxo bat gehiegi pasatu naiz Zumalakarregi euskal askatasunaren gidari bezala aurkezterakoan, baina maite dut ideia hori eta gainera hor datza Agustin Chaoren liburua non eta gure pertsonaia euskal abertzaleen aintzidari bezala agertzen den. Zergatik egin behar diot kasu gehiago Piralari, Chaori baino? Maite dut Chaoren “gehiegi tasuna”.

            Historiagrafia abertzaleak ez du Zumalakarregitaz gauza handirik esaten, agian pertsonai komodoegia ez delako. Bestalde, historiagrafia espainolak “lejitimista” soil bat dakusa Zumalakarregirengan. Egia erdian datzala esan gura dugu hemen ere. Militar izaki, dinastia pleitu batetan parte hartzen du eta euskaldun bezala, artean enunziatu gabe zegoen abertzaletasunaren aintzindari da. Bakoitzari berea zor zaio eta ez daiteke Zumalakarregiri xix.gn. mendearen lehen partean Euskal Herriaren etorkizunaz argi handiagorik eskatu. Ingurune nahasia bizitzera egokitu zitzaion ormaiztegiarrari.

 

 

— 5 —

 

            Euskal nazionalismoaren baratzea eta karlismoarena berbera ditugu. Sabino Aranak zimaurtu eta landu zuen gure betiko baratza, landare eta lore berriak jaio zitezen. Azken finean, Arana Goiri karlismoak berarengan zeraman mezu eta premia historikoa berikusi eta areagotu besterik ez zuen eginen. (Eta ez da gutti. Ikaragarria da, mendeen zehar bere buruaz oharkabean eta bere historiaren lozorrotik iratzarri gabe iragan den gure Herri honentzat). Karlistak balizko errege bat itxaro zuten, zeinak Euskal Herriari bere eskubide historikoak, hots, foruak igorriko zizkion eta Sabino Aranak berriz, erregeaz ahazturik euskaldunak autodeterminatzearen aldeko agertuko zaigu. Hortan datza karlismoa eta nazionalismoaren arteko hetendura. Bestalde, karlismoaren zama ideologiko gehiena onartuko du Aranak. Izan ere, herri konzienzia kolpeka eta kondensazio ideolojiko ugarien lepotik heldu zaigu euskaldunoi.

            Euskal konzienziaren iratzarmena hemeki-hemeki suertatu da gure herrian eta Sabino Aranaren eraiginik gabe gaur egungo abertzaletasuna ulert ez daitekean antzera Aranaren nazionalismoa bera ere ez daiteke konpreni karlismoak euskal kontzienziarentzat suposatu zuen bultzadarik gabe.

            Bestalde, euskaldunok, kanpotik jasan izan ohi ditugun eraso eta barnean sofritu izan ohi ditugun sozial krisialdietan esnatu izan ohi dugu nortasun nazionala. Horrela gertatu berria da 1960.ko urte inguruetan, zeinetan frankismoaren zapalkuntzak eta Euskal Herriko erlazio ekonomikoetan gertaturiko mugidak Sabino Aranaren ideiak zahar-berrikituak gertatu ziren. Horrela jaio zen ETA. Sabino Aranak, bigarren karlistadaren ondorioz Euskal Herriaren askatasunak lur jo zutenean eta gure herriaren industriatzeak suposatu zituen aldaketa sozialen bizkarretik ikasi eta ikusi zuen euskal nazioaz definizio baten beharra. Karlismoa bera ere Euskal Herriak jasan duen krisialdi handienetako baten ondorioz sortu zen. Aintzin Errejimenaren ilunabarrean suertatu zen.

            XIX.gn. gizaldiko lehen partean gaude eta, Europan jaso berri diren haizeak —Espainian nekez ireintsiak— desoreka latz bat sortzen dute Euskal Herrian. Iraultza frantzesaren haize berriak bortxaz eta bortizki ekarri zituen Napoleonen harmadak, Cadizen pausatu ziren zerbait baina ez Euskal Herriko ohitura politikoak eta ideolojikoak biziki aztoratu gabe.

            Foruak suposatzen zuten askatasun maila barreiatu nahi dute liberalek. Cadizen aldarrikatzen duten berdintasuna, euskal berezitasunaren aurka dator. Bestalde, Euskal Herriko demografiak gora egin du eta langabezia eta pobreziak hedatzen ari dira baserritar eta nekazarien artean. Euskal Herriko industri artesanala ere krisialdian dago, adibidez, Bizkaian 1796.ko urtean 142 burnihola ba ziren eta 1854.gn. urtean berriz hogei besterik ez daude. Guzti honen ondorioz lapurretak eta bortxakeriak ugaritu dira arront. Ezin bizia dator askorentzat. “Kontrabandoaren” industria inoiz baino azkarrago dabil... Hetendura bat sumatzen da Euskal Herria osoaren zehar. Eleiza beldur da ideia berrietaz eta bere haziendaz.

            XIX.gn. gizaldiaren hastapenetan bi mundu eta bi modu borrokatzen dira hemen; “Ilustrazioaren” mundu berria eta euskal handiki gehienak maite duten mundu tradizional eta betikoa. Produkzio ekonomikoaren modu berriak eta betidaniko euskal produkzio artesaua aurrez aurre aurkitzen dira kupidarik gabe. Peņafloridaren semeak txunditurik idazten dio bere aitari, Suezian lehen Labe Altua ikusten duenean, baina euskal handiki gehienak ez dira azkoitiarrak bezain berrizaleak.

            Eta Euskal Herria krisialdi horretan murgildurik zegoenean Espainiako tronuaren inguru ixkanbila dinastiko bat egokitu zen. Carlos printzeak bere eskubideak balia arazi nahi izandu zituen. Lehen karlistadak eztanda egin zuen, eta euskaldunak, hiriburuetako zenbait handiki ez ezik, D. Carlosen alde jarri ziren.

            Ez dut uste nik inongo patu edo deseinurik dagoenik zeinaren bertutez euskaldunok Espainiako monarkiaren barne-sesioetan halabeharrez parte hartzera obligatuak gaudenik. Espainian izan dira beste arazo eta auziak erregetzaren inguru korapilatu direnak eta Euskal Herriak berean jarraitu izan ohi du eta arrotz gertatu zaizkio eztabaida hoiek; pentsa adibidez, XVI.gn. gizaldian “Comuneroak” zirela eta izandako gudua edo eta pentsa, gertuago, frantzes tropak Espainia hartu zutenean... Euskal Herriak bere jokabide berezia autatu zuen besteren borroketan nahastu gabe. Azpimarratu beharrean gara hau zeren luzaro eta aztun zapaldu gaituen susmoa bait da euskaldunok errege-zale eta are gehiago errege-tradizionalaren zale garenaren uste arrotza.

            Hain zen larria Euskal Herriaren egoera ekonomikoa (hor datza, nola ez, aduana eta komerzioaren arazoa) eta hain murriztuak zeuden euskal foruak non eta lehen okasioa eta parada hartu zuten Madrideko gobernuaren aurka matxinatzeko. D. Carlos ez bazen, inbentatu beharrean aurkituko ziren euskaldunak, hots, D. Carlosen auzia aukera historiko bat zuertatu zen euskaldunen egon-ezina eta bizitza malurusa agertzeko eta ondorioz gudura joateko.

            Zoritxarrez, garai hartako Euskal Herriko gidari ideolojikoak apezak ziren oroar, zeren “Azkoitiko Zalduntxoak” eta antzeko talde ttipiak urri baino guttiago ziren. Eta “zoritxarrez” diot zeren beste arloetan adibidez euskaldunen hizkuntza mantentzen emaro eta aztiago ibili baziren, politika arloan aide berriak esnaurtu ordez beldurrak eraginik beren egoerari eutsi eta kontserbatzeari ekin zioten. Gramsci “intelektual organikoeri” buruz mintzatu zenean ez zituen, noski, gogoan Euskal Herriko apezak, baina Lehen karlistadan euskal apezgoak jokatu zuen fontzioa nekez daiteke deitura hobeagoz adierazi; apezak izan bait ziren batipat euskaldunen aztoramendua D. Carlosen inguru bildu eta kondentsatu zutenak. Agian, handik datorkio, kasik gaurdaino, euskal politikagintzari halako usain eta gusto klerikal eta elizkoi bat. “Liberalismoa pekatu da”, ahoztatuz, apezgoak lehio eta ateak hertsi zizkion Euskal Herriari. Balizko progresoari, agian.

 

 

— 6 —

 

            Zer gerta ote ziteken Euskal Herriko liberalak foruen bandera bereganaturik Euskal Herriaren aintzindari bilakatu baziren? “Balizko holan burnirik ez”, dio errefrauak eta zorigaiztoz jakina da historiaren errekak benetako errota-harriak bakarrik mugitzen dituela... Baina agian, nazionalismoaren egunak mende bat lehenago ikusiko zuen argia, eta bere seinua besterik izanen zen. Amets bat. Eta aitortu behar dut baduela ametsetik zerbait ondoren hitzegiten hasiko den nire Zumalakarregi horrek.

            Ofizioz hartara behartuak daudenez, barkatuko didate, agian, Euskal Herriko apez jaun agurgarriak beren senide den Etxeberriari antzerki honetan jartzen diodan jarrera. Arketipo guztiak zerbait esperpentiko dira eta itxuraz gehiegituak orobat. Etxeberria, zeinaren nortasunari buruz ezer gutti jakitera heldu naizen, garaiko apezgoaren adierazgarritzat hartu dut.

            Zaratiegi da, behar bada, Zumalakarregiren biografoen artean gehien maite dudana. Ormaiztegiarraren nortasunaz miretsirik idazten du bere liburua eta bere lehialtasunaren lekukotzat utzi zuen Zumalakarregiren biografia. Ez da hargatik ez makur ez eta dintasun gabea; zehatz-mehatz adierazten ditu hemezortzi hilabeteren zehar Zumalakarregiri gertaturiko guztiak eta halaber bere baitan zeramana. Zumalakarregiren laguntzaile eta konfidente izan zen eta bere fabore osokoa. Antzerkian jokatzen duen papera historikoki jokatu zuena da. Henningsen-en biografiarekin batera Zaratiegirena beharrezkotzat jotzen dut Zumalakarregiren nortasuna ezagutzeko. Biak izan ziren Jeneralaren borrokakideak.

            Amestua hala ez Agustin Chaok bere liburuan Zumalakarregirekin mantentzen duen solasaldia ahalik eta fidelkien transkribatzen saiatu naiz, elez ele ez bada ere. Benetan pertsonai berezia dugu Xuberotarra; hogeitabost urte zituela ezagutu zuen Zumalakarregi eta Chaoren adimen eta irudimen azkarrak ormaiztegiarrarengan gorpuzturik ikusi nahi izan zituen bere zenbait burutapen eta desira. Chaorena ez da agian biografiarik zuhurrena baina bai, ala fede!, ausartena. Chaoren nortasunak, gizaldi bat geroago jaioko zen Mirande, idazle xuberotarra, dakarkit gogora. Bere sua du, bere ausardia, bere heterodoxia.

            Gaurko Euskal Herria Bitan zatiturik dagoenez, hegoaldeko euskaldunak badugu halako “hego-zentrismo” bat bai kultur arloan eta politikaren eremuan ere. Uste

            dugu, Hegoaldeko euskaldunak garela Euskal Herriaren gurdia daramagunak. Bariduri, bai, hemeretzigarren mendeaz gero gure historiak Bidasoako hibaia iragan duela eta hemengo partean jokatzen direla Euskal Herriaren etorkizunaren auziak; baina hori ez da beti horrela izan eta aski dugu horretarako gure literatura begirada nimiņo bat botatzea bertan ikusiko bait dugu nola euskaraz jaurtiki diren pentsamendu nehurtuenak Bestaldean aurkitu dutela nehurria eta hedadura. Nazionalismoari gagozkiolarik ere pentsa arazi nahi digu zenbaitek Bizkaiko herrian haragi harturiko zerbait dela eta urrutienik joanez ere, Gipuzkoan aintzinatzen da zenbait Larramendirengan hasten dela proto-nazionalismoaren kondaira, esanaz. Baina hori ez da hain gauza zuhurra ez eta zihurra. XVI.gn. mendean eta Oihenartengan aurki genezake zenbait pentsamendu geroagoko nazionalismoaren aurre-mezua denik. Halaber, Xuberoan jaio zen Jacques Bela ere, Euskal Herriaren independentziaz XVIII.gn. mendean ihardun zuena eta zeinaren eskuskribuak Pariseko Bibliotheque Nationale delakoan oraino hamaika giltzaz gordeak dauden. Eta bestaldean jaio zen halaber Garat, Napoleoni Euskal Herriaren eskubideaz idatzi zioena eta finean Chao bera nor da? Nazionalismoaren aldarrikatzailerik aintzindariena baino?

            Eta bukatu behar dut aintzin-solas luze eta nahasi hau. Gainera, nola arraio! justifika daiteke antzerki-libreto bati tamaina honetako prologo bat eranstea? Jakina da, antzerkia manifestapen eszeniko bat dela eta ez besterik. Prologo batek nekez jantzi dezake libreto biluz den Zumalakarregiri buruzko obratxo hau. Ordea, ez dut gainditzerik ahal izan Zumalakarregiren aitzakiaz, agian oso kontura ez datozen zenbait burutapen aspertuak eskribatzeko tentaldia. Barka bekit irakurle despistatuak, trantze honetatik salbu izanen bait da balizko ikuslea.

Donostian, 1986.ko Urtarrilak 13