Zumalakarregi
Luis Haranburu Altuna
Zumalakarregi
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986

 

II BIGARREN JOKALDIA

 

(Eszenan oilo bat agertzen da zaratatsu, eta hiru soldadu bere atzetik oiloa arrapatu nahirik).

 

SOLDADU I: Heldu! Heldu!

SOLDADU II: Patatekin jango dugu!

SOLDADU III: Eutsi! Eutsi!

 

(Hortan dihardutela zaratiegi dator eszenara. Harriturik gelditzen da eta soldaduak ez dakite orain zein jarrera hartu).

 

ZARATIEGI: Ze demontre pasatzen da hemen!

SOLDADU I: Bah, hori! Oiloa...

ZARATIEGI: Oiloa eta zer Karajo!

SOLDADU II: Jauna, nik esango diot zer gertatzen den. (Beste soldaduek nekez eusten diote farrari) Kaiola batetan bi oilo genituen Zumalakarregi eta beste jefeeri salda egiteko eta lapurren batek ohostu egin du oilo bat. Gu bestea kaiolaratzen ari ginen.

SOLDADU I: Hori da! Oiloa arrapatu nahi genduen berriro kaiolan sartzeko.

SOLDADU III: Hortan ari ginen bai!

 

(zaratiegik ez daki sinetsi edo ez).

 

ZARATIEGI: Nor da orduan lapurra?

 

(Isilunea. Elkar begiratzen dute soldaduek).

 

SOLDADU I: Ez dakigu!

 

(Honetan, zumalakarregi dator eszenara. Militarki agurtzen dute guztiak).

 

ZUMALAKARREGI: Zer gertatzen da hemen?

ZARATIEGI: Norbaitek oilo bat ostu du.

ZUMALAKARREGI: Nork?

ZARATIEGI: (soldaduak adieraziaz)

            Edo ez dakite edo eta ez dute esan nahi.

 

(zumalakarregik banan-bana begiratzen ditu soldaduak).

 

ZUMALAKARREGI: Erruduna nahi dut hemen. Ekarri ezazute prest!

 

(soldaduak eszenaren eskubi aldera irtetzen dira eta berriketan iharduten dute denbora labur batetan, gero eszenatik desagertuaz).

 

ZUMALAKARREGI: Juntari idatzi behar diot, gure egoera adieraziaz.

 

(zumalakarregi mahainean jartzen da eta zaratiegik papera eta luma eskuratzen dizkio, ondoren kandela bat pizten du).

 

ZARATIEGI: Gure egoera ezin larriagoa da. Ez harmarik, ez dirudik, ez janaririk... Bestalde, gure harmadak hiru mila soldadu baino ez ditu hogeitamar milako ejerzito liberalari aurre emateko.

ZUMALAKARREGI: Oraingoz ez dugu soldadu gehiagoren beharrik. Ez genduke gehiagorentzako fusilarik ez eta jantzirik. Lehenik organizatu egin behar dugu gure harmada. Instrukzioa erakutsi behar diegu soldaduei. Borondate ona eta kuraia sobera dute Nafarroako boluntarioek, ez dute ordea militar heziketarik.

ZARATIEGI: Aurrez, Juntari egin dizkiogun eskari guztiek ez dute ukan benetako erantzunik. Hitzak eta asmo onak igorri dizkigute. (Isilunea) Gure erresuma eta harmada balizkoak dira oraino.

ZUMALAKARREGI: Ez, Zaratiegi! Ez! Herri bat badugu benetakoa eta harmada ere hortxe dugu: herritar bakoitza soldadu bilakatuko dut. Euskal askatasunaren soldadu.

ZARATIEGI: Baina dirurik gabe ez dago fusilarik.

ZUMALAKARREGI: Zertarako dirua, harmak non erosirik ez badugu? Frantzia, gure aurka dugu eta kontrabandoren bitartez bakarrik eros genezazke fusilak. Ez Frantziak eta ez Inglaterrak ez digute fusil bakar bat saltzen. (Boza altuaz) Fusilak liberalek dituzte, beraiei kendu behar dizkiegu. Gure soldaduek ez dute ez oinetakorik ez jantzirik... liberalei kenduko dizkiegu.

ZARATIEGI: Nekeza da gure saioa.

ZUMALAKARREGI: Gauza baliotsuak beti dira nekezak. Euskaldunontzat den gauzarik baliotsuena libertadea da. Gure foruak, gure aintzinako legeak babesten zuten askatasuna galdu bide dugu eta nekerik ez da xede horrek balio ez duenik.

 

(Idazten hasten da zumalakarregi. Isilunea. zaratiegi atean jarri da kanpora begira).

 

ZUMALAKARREGI: Aizu, Zaratiegi!

ZARATIEGI: Bai esan!

ZUMALAKARREGI: Jakin dudanez, Bizkaiko partean bada kanoi handi bat lurpean gordea.

ZARATIEGI: Nola?

ZUMALAKARREGI: Bai! Kanoi bat! Artileria behar dugu gerla hau onik eraman nahi badugu. Zure esku uzten dut arazo hori. Bizkaiko kanoi hori hemen Nafarroan behar dugu. Diotenez oso handia omen da eta idi pare dezente beharko dira honuntza garraiatzeko... Gainera ezkutuan eta gauez ekarri beharko da.

ZARATIEGI: Ondo da. Prestatuko dut guztia.

ZUMALAKARREGI: Gainera, brontzezko ontzi eta lanabes guztiak rekisatu behar dira, guztiak funditu ondoren kanoiak egin ditzagun. Garcia izeneko kapitain bat badugu artillero eta berak asmatu beharko du nola egin.

ZARATIEGI: Denbora eramango du horrek guztiak.

ZUMALAKARREGI: (Pentsakor)

            Luze joango da gerla hau... baina Nafarroako kanpai guztiak funditu behar baditugu ere artileria izanen dugu liberalen harresiak suntsitzeko.

 

(Zarata entzuten da kanpoan, eta berehala sartzen dira eszenara lehengo hiru soldaduak, laugarrena preso ekarriaz).

 

ZUMALAKARREGI: Zer zarata da hori! (zaratiegiri) Zoaz ikustera!

 

(Badoa zaratiegi eta soldaduekin dator laister).

 

ZARATIEGI: Badakarte lapurra.

 

(Mahaina utzi eta soldaduarena doa).

 

ZUMALAKARREGI: Ez duzu lotsik ematen otordurako ditugun oiloak ohostutzen ibiltzea?

SOLDADU IV: Ene Jenerala! Nik ez dut oilorik ohostu. Azkena jandako oiloa nire herriko festetan jan nuen.

ZUMALAKARREGI: (Koleriko)

            Aski! Erakutsiko diat nik oiloak ohostutzen! Berrehun zigorrez ikasiko duk berehala.

 

(Jesto batez atea adierazten du zumalakarregik eta hiru soldaduen artean daramate soldadu iv. Atzetik doaz zaratiegi eta jenerala. soldadu batek sorbalda biluzten dio zigortua izango denari eta beste batek uhal bat du eskuan).

 

ZARATIEGI: Ekiozue!

 

(soldadu iv zigortzen dute. Honek intziri batzuk egiten ditu baina ez nabarmenak. Bere miņa gorde nahi balu bezala egiten du. Malkoak ugari ditu begian).

 

ZUMALAKARREGI: Aski duzute.

 

(soldadu iv, zotinka eta irrifarrez hurbiltzen zaio zumalakarregiri. Sorbalda bilutsik darama).

 

SOLDADU IV: Ene Jenerala!

ZUMALAKARREGI: Zer duk mutil? Baduk eskarmentua.

SOLDADU IV: Eskarmentua bai, baina oilorik ez.

ZUMALAKARREGI: Zer esan nahi duk?

SOLDADU IV: Nik ez dut oilorik arrapatu. Orain besteri zegokion gastigua sufritu ondoren esango diot nahi badu oiloa nortzuk jan duten.

 

(Isilunea. zumalakarregi unkiturik dago eta tinko begiratzen dio luzaro soldaduari; gero, eskua faltrikan sartuaz ontzakourre bat luzatzen dio).

 

ZUMALAKARREGI: (Lagunkiro)

            Txok ontzakourre hau eta edan ardoa zauriak sikatu arte. Harro niagok hire lehialtasun horregatik.

 

(Guztiak irtetzen dira).