I. LEHEN JOKALDIA
(Argiak piztutzean iturralde eta etxeberria agertzen dira Eszenaren ezkerreko aldean. etxeberriak paper bat du eskuetan eta berari so dago iturralde. Eskubi aldean lau soldaduak lurrean jarririk daude korro bat osatuaz. zaratiegi zutik dago ate ondoan).
ITURRALDE: Eta? Zer dio?
(Papera tolestatu eta mahain gainean jartzen du etxeberriak. Eszenatik zehar paseatzen hasten da).
ETXEBERRIA: Garbi dago beren gogokoa ez zarela. Ejertzitoaren burujabetza Zumalakarregiri utzi behar diozula diote.
ITURRALDE (Asarre)
Erotu dira edo zer?
ETXEBERRIA: Hala dirudi. (Isilunea) Gainera diote...
ITURRALDE (Hitza kenduaz)
Zer diote besterik?
ETXEBERRIA: Diktadore baten modura portatzen zarela. Karga gehiegi ezarri duzula nafarren gainean.
ITURRALDE: Diktadore moduan portatzen naizela? Eta zer dakite beraiek gerlaz eta borrokaz? Gerla bat irabazteko dirua behar da. Eta ez hitzak. Sermoiekin ez daiteke gerlarik irabazi.
(etxeberria, sermoi kontua entzutean tente jarri da iturralderi uzkur begiratuaz).
ETXEBERRIA: Zer diozu Iturralde?
ITURRALDE: Barkatu apez jauna. Ez nuen hori esan nahi. Badakit sermoiak zenbaterainoko indarra izan dezaketen... Esan nahi nuena zen, alegia, liberalen kontra iharduteko fusilak eta gainontzeko gauzak behar ditugula, eta horiek zoritxarrez diruarekin bakarrik eros daitezke.
ETXEBERRIA: Argi dago hori.
ITURRALDE: Nik ezarri ditudan zergak badaiteke astunak izatea, baina guk ez dugu dirurik eta dirua daukanari kendu behar diogu. Gero D. Carlos erregetzara heldutakoan berak ordainduko ditu guztiak.
ETXEBERRIA: Zoritxarrez eleizak ez dezake diru askorik aurreratu, badakizu liberalak kendu dizkigutela lurrak eta ondasunak. (Isilunea). D. Carlos! D. Carlos! Berak konponduko du hainbeste bidegabekeri.
ITURRALDE: Eta Zumalakarregi hori ez al da gipuzkoarra?
ETXEBERRIA: Bai horrela da. Ormaiztegikoa da bera, nahiz eta Iruinean bizi orain.
ITURRALDE: (Asarre)
Eta zer dela ta jarri behar dugu nafarrok gipuzkoar baten pean? Nafarrok aski gara D. Carlos bere tronuan jartzeko! Agindu beza bakoitzak bere lurrean!
ETXEBERRIA: Ondo diozu Iturralde, gainera ez dago garbi gipuzkoarrek, arabarrek eta bizkaitarrek azken finean zer nahi duten. Foruaz hitzegiten dute batipat. Badirudi D. Carlos Madriden jartzea bigarren mailako arazoa dela horientzat.
ITURRALDE: (Abotsa jasoaz)
Zer foru eta zer arraio! D. Carlos Errege! Hori da gure lema eta bandera.
ETXEBERRIA: Nire ustez, ez duzu Nafarroako soldaduen buruzagitza utzi behar. Biguinagoak izan behar badugu zergen kontuan... utzi nire esku eta jarrai zuk soldaduen buru.
ITURRALDE: Gainera ni, Zumalakarregi baino lehenago altxa nintzen liberalen kontra. Berak nahi badu nire komandante izendatu dezaket, baina ni naiz Nafarroako karlisten buru. (etxeberriari) Eta zu Etxeberria! Zu gizon azkarra zara, eta ardura zaitez politika gauzetaz.
ETXEBERRIA: (iturralderi eskua emanaz)
Gurutzea ni eta ezpata zu! Elkar hartuaz onik eginen dugu. (Instante honetan zumalakarregi agertzen da eszenaren eskubiko partean eta batpatean soldaduak zutik jartzen dira sartu berria militarki agurtuaz. Honek jesto batekin jarririk jarraitzeko keinua egiten die. zaratiegirekin solasean jartzen da zumalakarregi eta honi begira mar-marrean ari dira soldaduak. Eszena honek minutu bat iraun dezake. Gero, zumalakarregi zuzen sartzen da iturralde eta etxeberria dauden tokira).
ZUMALAKARREGI: (Abots grabeaz)
Agur Jaunak!
(etxeberria eta iturraldek harriturik begiratzen diote).
ITURRALDE: (Uzkur)
Agur!
ZUMALAKARREGI: Zaratiegik esan dit juntaren gutuna jaso duzutela. (Ibiliaz) Erantzuna jakitera etorri naiz.
(Isilunea. Elkar begiratzen dira etxeberria eta iturralde).
ITURRALDE: (Harro)
Behar den moduan eta eskribuz emanen dut erantzuna.
ETXEBERRIA: (zumalakarregiri) Zein gradu daukazu zuk?
ZUMALAKARREGI: Nola?
ETXEBERRIA: Bai. Militarki zein gradu duzun?
ZUMALAKARREGI: Koronela naiz.
ETXEBERRIA: Iturralde ere koronela da. (Isilunea) Baina enpleguz zu baino zaharragoa da Iturralde.
ZUMALAKARREGI: Zer esan nahi duzu?
ETXEBERRIA: Bah... hori. Jerarkiaz zu baino gehiago dela Iturralde.
ZUMALAKARREGI: (Ironiaz)
Noiztik dakite apezek militar gauzetaz?
ITURRALDE: Gizona ez zaitez horrela jarri. Etxeberria apezak dioena egia da. Nahiz eta biok koronelak izan, ni zaharragoa naiz eta neri dagokit beraz agintea. Ordenantzak ez diote besterik.
ZUMALAKARREGI: (Asarre)
Aski da! Ni ez naiz etorri apez baten hitz ergelak entzutera. (iturralderi) Ez eta zure iritzia jasotzea. Erantzun bila etorri naiz. Onartzen duzu edo ez Nafarroako Juntaren agindua?
ETXEBERRIA: (Maltzur)
Lasai, Zumalakarregi. Lasai.
ZUMALAKARREGI: (etxeberriari asarre)
Zu. Ixo!
ITURRALDE: Juntak ez baina D. Carlosek du agintea, eta dakidanez D. Carlosek ez zaitu oraino Nafarroako Karlisten buru izendatu.
ZUMALAKARREGI: Ez naiz honuntza etorri D. Carlosen aginteaz zurekin eztabaidatzera. Dakidanez, D. Carlosek ihes egin du Portugaletik eta Londresko bidea hartu du.
ITURRALDE: Beraz... ez zaitu D. Carlosek izendatu!
ZUMALAKARREGI: Zu, nire modura, militarra zara baina nik ez bezala, harturiko ordenak auzitan jartzen dituzu. Nafarroako Herria Madrideko Gobernuaren aurka altxa da, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia bezala. Harmetan altxa den herri honek Junta bat onartzen du eta ni Junta horren esanetara jarri naiz, berari bakarrik obedituko diot.
ETXEBERRIA: Baina hau ez da herri-matxinada bat. D. Carlosen erregetza dago auzitan eta guk berari obeditzen diogu. D. Carlosek besterik ez dion bitartean Iturraldek agintzen du hemen. D. Carlosen serbitzari gara gu eta bera da gure ardura bakarra.
ZUMALAKARREGI: (Boza altuz)
Euskal Herriaren kausa da hau!
(Bapatean, zumalakarregi eszenaren eskubitara doa eta zaratiegi besotik hartuaz soldaduei hitzegiten die; hauek zutik jarri dira bat-batean zumalakarregi ikusi dutenean).
ZUMALAKARREGI: Soldadu nafarrok! Ni Tomas Zumalakarregi nauzute. Hontaz gero Nafarroako ejerzitoaren Jenerala naiz. Hona hemen nire lehen ordena: sartu horra (Etxe barrua adieraziaz) eta hartu preso Iturralde eta apez hori! Zaratiegi!
ZARATIEGI: (Militarki agurtuaz)
Bai Jauna!
ZUMALAKARREGI: Kunpli bedi nire agindua!
ZARATIEGI: Berehala jauna! (Soldaduei) Prest! Jarrai nazazute!
(Ezpata eskuan duelarik zaratiegi doa aurretik eta lau soldaduek fusilekin jarraitzen diote. zumalakarregi eszenaren eskubi aldean gelditzen da).
ZARATIEGI: Eman zaitezte preso!
(soldaduaz inguraturik ateratzen dira etxeberria eta iturralde. zumalakarregiren parera heltzean aurrez-aurre begiratzen dira iturralde eta biak. Azkenean iturraldek makurtzen du burua eta eszenatik irtetzen dira bi presoak lau soldaduen aurretik. Eszenaren eskubi aldean zumalakarregi eta zaratiegi gelditzen dira).
ZUMALAKARREGI: Bi hauek ez zaizkit etsaitzat komeni. Asarrea pasatzen zaienean konponduko dugu bi horiena. Iturralde militar habila da eta nirekin izatea nahi dut, baina menpean.
ZARATIEGI: Ondo da, Jenerala!
(“Jenerala” hitza ironiaz esan du zaratiegik eta irrifartsu hartzen dio zumalakarregik).
ZUMALAKARREGI: Ea! Ikus dezagun! Esaidazu zer dugun eskuartean gerlari ekiteko. Zenbat boluntario ditugu?
ZARATIEGI: Hiru mila inguru.
ZUMALAKARREGI: Ez dira asko eta gainera zibilak dira. Gerlaz ez dakite gauza handirik. Instrukzioa egitetik hasi beharko dugu.
ZARATIEGI: Horrela da!
ZUMALAKARREGI: Artileriarik bai ahal dugu?
ZARATIEGI: Kanoi bakar bat ere ez.
ZUMALAKARREGI: Gure kausa bezain handia da gure premia. (Isilunea) Has gaitezen lanean! Guztia egiteko dago!
(Biak irtetzen dira).