IV. LAUGARREN JOKALDIA
(zumalakarregi eszenara sartzen da eta berarekin datozten soldaduak sarreran gelditzen dira atezain. Mahainean jartzen da Jenerala paper batzuk eta mapa bat aztertuz. Isilunea. Halako batetan korrika sartzen da etxeberria apeza zumalakarregi dagoen tokirantz zuzen joaz, baina soldaduek eragozten diote).
ETXEBERRIA: Zer dela ta ez nauzute sartzen uzten?
SOLDADU I: Osaba Tomasek bakarrik egon nahi du.
SOLDADU II: Jenerala lanean ari da.
ETXEBERRIA: Utz nazazute pasatzen! Apeza naiz ni eta Nafarroako Juntakoa!
(zumalakarregik aterantz begiratzen du).
ZUMALAKARREGI: Zer da hor?
SOLDADU I: Apez bat!
ZUMALAKARREGI: Zein apez?
ETXEBERRIA: Etxeberria naiz!
(zumalakarregi zutik jarri da).
ZUMALAKARREGI: Sar dadila!
(etxeberriak harroputz keinu bat egiten die soldaduei eta aurrera pasatzen da).
ETXEBERRIA: (Pozik)
Ene! Ene!
ZUMALAKARREGI: Zer duzu hain pozik etortzeko?
ETXEBERRIA: (Harnas herstuaz)
D. Carlos! D. Carlos!
ZUMALAKARREGI: D. Carlos, zer?
ETXEBERRIA: Hemen dator! Zuregana dator!
ZUMALAKARREGI: (Bizkor tente jarriaz)
Noiz?
ETXEBERRIA: Berehala. Hemendik kilometro pare batetara utzi dut. Berri ematera aurreratu naiz.
(etxeberriak zumalakarregiren arropak miatzen ditu bere inguruan bueltaka).
ZUMALAKARREGI: Zer begiratzen duzu?
ETXEBERRIA: Zure jazkera.
ZUMALAKARREGI: Zer du nire jazkerak?
ETXEBERRIA: Jeneral batentzako ez da aproposena.
ZUMALAKARREGI: Baditut aurreko lanak, nire jazkeraz arduratzeko!
(etxeberriak entzungor egiten dio).
ETXEBERRIA: Frac bat! Ez duzu frac bat sikiera?
ZUMALAKARREGI: (Asarre)
Aski da! Utz bakean nire jazkera eta ardura zaitez zure sakristiaz!
ETXEBERRIA: Baina ez zara konturatzen Erregea datorrela? D. Carlos pertsonalki zuregana datorrela? Horrela ez zintezke gortera agertu...
ZUMALAKARREGI: (Ironiaz)
Lehenik, D. Carlos ez da oraino errege, eta inoiz errege bada nire garaipenen ondorioz izanen da. Bigarrenez, ni ez naiz kortesau bat, soldadu bat naiz ni. Eta azkenik ez dut frac baten beharrik ez bait noa ezkontzera ez eta operara.
(Zarata sumatzen da kanpoan eta zaratiegi eta iturralde sartzen dira zumalakarregirengana, beraiekin bi soldadu ere etorri dira eta hauek atean gelditu dlra).
ITURRALDE: Hemen dator D. Carlos!
(Guztiak eszenaren eskubietara doaz).
ETXEBERRIA: Presta dezagun Ongi-etorria!
(etxeberriak, filan jartzen ditu soldaduak, eta bera iturralde eta zaratiegiren alboan jartzen da, kale bat osatuz. zumalakarregi atearen erdian dago. d. carlos eszenara sartzen denean aktoreek osatzen duten koadroa begiratzen du. zumalakarregik burua makurtzen du zerbait eta berarengana doa zuzen d. carlos. Habots fin eta altuaz hitzegiten du d. carlosek).
D. CARLOS: Mi querido Tomas!
(zumalakarregi besarkatzen du astiro).
ZUMALAKARREGI: Agur, D. Carlos!
(Besarkada etenik ordenak ematen dizkie soldaduei).
ZUMALAKARREGI: Soldaduuaaak! Haaaarmak! Su!
(Fusilak goruntz jarririk deskarga bat egiten dute soldaduak).
D. CARLOS: (Jesto handiz eta sudur-zapia atereaz) Oh! Cuan haciago es el sabor a pólvora!
ETXEBERRIA: Su Majestad sabrá excusar el aspecto de estos soldados. Son muchos sus padecimientos y privaciones.
D. CARLOS: (zumalakarregiri)
Mi Majestad es magnánima y comprensiva.
(zumalakarregik eskuaz adierazten dio d. carlosi aurrera pasatzeko. Guztiak soldaduak salbu, etxe barrura doaz).
D. CARLOS: (zumalakarregiri besotik helduaz)
Mi querido Tomas! Os muestro mi gratitud y os pido que la hagáis extensiva a todos los jefes de división y a las juntas que gobiernan mis queridísimas provincias vascongadas. En mi pecho late un corazón agradecido y mi Majestad sabrá recompensar a mis abnegados siervos.
ETXEBERRIA: (Zuri)
Cuan magnánimo sois, Majestad!
D. CARLOS: En prueba de mi gratitud tengo a bien D. Tomas de Zumalakarregi nombraros Mariscal de mis ejércitos vascongados y os concedo el título de Duque de la Victoria.
ZUMALAKARREGI: (Zuhur)
Gracias!
D. CARLOS: Vos habéis hecho frente a la bestia liberal, cumpliendo los designios del Alíisimo quien me confiere su autoridad en esta tierra. Pronto llegará el día en el que las ansias de mi paternal corazón se colmen y España renazca de esta guerra provocada por los usurpadores de la corona. Gracias a los ejércitos que Vos D. Tomas de Zumalakarregi conducís victoriosos restauraré el orden divino de nuestras tradiciones hispánicas.
(d. carlosek “deklamatu” egiten ditu bere hitzak eta bitartean zeharka begiratzen dira zaratiegi eta zumalakarregi. Bistan da d. carlosen hitzak ez dituztela gogoko).
ETXEBERRIA: Divinas palabras Majestad. Pronto entraremos en Bilbao y con ello se acrecentarán nuestras victorias.
ZUMALAKARREGI: (Harriturik)
Bilbao?
D. CARLOS: Si, Tomás, mis sabios consejeros me auguran que en Bilbao colmaremos nuestras arcas.
ETXEBERRIA: Y luego toda España os aclamará Majestad. Será como una nueva cruzada. Los ejércitos de D. Carlos arrasarán al diablo liberal.
ZUMALAKARREGI: (Euskal azentu nabarmenarekin) Majestad y que será de los fueros vascos?
D. CARLOS: No temáis General mío, las provincias Vascongadas y Navarra son las joyas más preciosas de mi corona. Tiempo habrá de restablecer lo que sea justo.
ETXEBERRIA: Primero Dios, el Rey después y los Fueros luego!
D. CARLOS: En efecto esa es nuestra divisa. (Ahoa zabalduz) Y ahora excusadme nobles caballeros y permitidme que me retire pues grandes son las fatigas que me aguardan.
(Belauna lurrean dutela agurtzen dute zumalakarregi ez beste guztiak. Irtetzen dira iturralde, etxeberria eta d. carlos. zumalakarregi urduri hasten da eszenaren zehar paseatuz. Isilunea.
ZUMALAKARREGI: Hitzak! Hitzak!
(Isilunea).
ZUMALAKARREGI: (Asarre)
Entzun duzu? Entzun duzu Zaratiegi?
ZARATIEGI: Bai entzun dut.
ZUMALAKARREGI: Honek ez dirudi gerla bat, komeria bat dirudi!
ZARATIEGI: Bilbokoak harritu nau gehien.
ZUMALAKARREGI: (Koleriko)
Zaude ixilik, gizona, zaude ixilik. Bilbo! Bilbo, alajaina!
ZARATIEGI: (Ironiaz)
Ah, eta zorionak Duke Jauna!
ZUMALAKARREGI: (Asarre)
Mariskal eta Duke gainera! Ez nuen besterik behar.
(Eszenaren erdian eta publikorantz so).
ZUMALAKARREGI: (Penaz)
Askatasunaren gerla ez da izen eta tituloekin irabazten. Fusilak eta alpargatak eskatzen ditut eta ohoreak ematen dizkidate. Debaldeko ohoreak!
ZARATIEGI: Jainkoa lehenik, Etregea gero eta Foruak azken finean. Horra jarri diguten lema.
ZUMALAKARREGI: Jainkoa bai, Lehena da guztietan, baina Foruak Erregearen aurrekoak dira. (Isilunea). Euskal Herria bere libertadearengatik altxa da! (Isilunea) Zaratiegi!
ZARATIEGI: Bai?
ZUMALAKARREGI: Nora joan da Iturralde?
ZARATIEGI: Erregearen egoitzara.
ZUMALAKARREGI: Esan etortezko!
(Irtetzen da zaratiegi eta berehala dator iturralderekin).
ITURRALDE: Zer duzu Zumalakarregi?
ZUMALAKARREGI: Oso kezkaturik utzi naute D. Carlosen hitzak.
ITURRALDE: Zerk kezkatzen zaitu?
ZUMALAKARREGI: Bilboko kontu horrek. Nori bururatu zaio horrelakorik?
ITURRALDE: D. Carlosekin etorri diren kontseilariek eta Juntakoek, dirua behar dugula diote gerlarekin onik jarraitzeko. Eta non dago dirua? Bilbon! Horra beren arrazoinamendua.
ZUMALAKARREGI: Erotu dira!
(Mahain gainean dagoen mapa bat hartzen du eskuetan).
ZUMALAKARREGI: Begira. Euskal Herri osoa kontrol pean dugu. Egia da lau Probintzietako hiriburuak liberalen esku daudela, baina horrek ez dio axolik zeren hiriak gartzel bilakatu zaizkie eta gainera hiriburuen defentsan sakabanaturik dauka liberal harmada. Gerla hau irabazi nahi badugu Bilbora ez baina Madridera jo behar dugu.
ZARATIEGI: (iturralderi)
Arrazoia du Zumalakarregik. Españako ejertzito eta jeneral hoberenak hemen Euskal Herrian garaitu ditugu. Madrid kasik defentsarik gabe aurkitzen da. Hemen konzentraturik daude liberal tropa hoberenak. Goazen Madridera eta jo dezagun etsaien bihotzean!
ITURRALDE: Neri ondo iruditzen zait, baina orain D. Carlos hemen dagoelarik nekez alda araziko dugu bere kontseilarien iritzia. Gainera...
ZUMALAKARREGI: Zer gainera?
ITURRALDE: Badakizu, Zumalakarregi, hasera batetan diferentziak izan bagenituen ere, zearo lehial natzaizula...
ZUMALAKARREGI: Bai, badakit Iturralde, Baina zer gertatzen da areago?
ITURRALDE: D. Carlosen inguruan asko dira zutaz jelosturik. Zenbaitek dioenez botere gehiegi duzu zure eskuetan.
ZUMALAKARREGI: Ni ez naiz botere bila ibili.
ITURRALDE: Bai, baina orain baduzu hainbat kontrakorik.
ZUMALAKARREGI: Enbarazo egiten badut, prest nago Ormaiztegiko nire etxera bihurtzeko.
ZARATIEGI: Ez! Horrelakorik ez esan! Zure gidaritzarik gabe hainbat kostariko ejerzitu hau bertan behera desegingo litzateke. Zu joaten bazara gortesauak nagusituko dira non nahi, eta hoieri bost axola zaizkie euskaldunak eta beren foruak, beren probetxu pertsonala baino ez dute bilatzen.
(Isilunea. Kanpoan Nafarroako “jota” bat entzuten da).
ITURRALDE: Goazen afaltzera. Bihar beste egun bat izanen da.
(iturralde eta zaratiegi aterantz doaz. Eszenaren erdian dago zumalakarregi, zutik eta publikoari so).
ZUMALAKARREGI: (Nekea adieraziaz)
Hitzak! Hitzak!
(Badoa zumalakarregi).