Zumalakarregi
Luis Haranburu Altuna
Zumalakarregi
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986

 

V. BOSTGARREN JOKALDIA

 

(zaratiegi eta pankrazia sartzen dira eszenara. pankraziak gela aztertzen du alde guztietara miatuz).

 

PANKRAZIA: Hau da beraz nire senarraren koartela?

ZARATIEGI: Egia esan... Zumalakarregi ez da hemen asko gelditzen. Beti dabil batetik bestera. Askotan... izarren argitan egiten du lo.

PANKRAZIA: Hemen ez du lujo handirik.

ZARATIEGI: Soldadu baten moduan bizi da.

 

(Isilunea).

 

ZARATIEGI: Berehala dator. Poza handia hartuko da zu ikustean.

PANKRAZIA: Hemezortzi hilabete dira etxetik atera zela eta ez dut harrezkero ikusi.

 

(zumalakarregi dator eszenara).

 

ZUMALAKARREGI: (Pozik)

            Pankrazia! Zu, hemen!?

 

(Besaurkatzen dira senar-emazteak. zaratiegi eszenatik kanpora doa).

 

PANKRAZIA: (Goitik behera begiratuaz)

            Argaldu egin zara, Tomas!

ZUMALAKARREGI: Oso ondo aurkitzen naiz, Pankrazia! ... Baina esaidazu. Zer moduz daude haurrak?

PANKRAZIA: Oso ondo daude, Tomas.

ZUMALAKARREGI: Eta Elizondon ondo aurkitzen zarete?

PANKRAZIA: Oso ondo. Han Juntarekin batera mugitzen gara. Batzuetan liberalak hurbil ditugunean alde egin beharrean aurkitzen gara... Baina ondo gaude. Zumalakarregiren familia izateak baditu zenbait bentaja. Haurrek badakite aita famoso bat dutela.

ZUMALAKARREGI: Baina horrek baditu bere alde txarrak ere. Iruinean aurkitzen zineten garaietan ez nengoen lasai. Mina Jeneralataz ez nintzen fidatzen. Bahiturik aurkitzen zinaten han.

PANKRAZIA: Seguru aurkitzen gara orain... Baina esaidazu! Zer moduz zu? (Isilunea. zumalakarregi paseatzen hasten da batetik bestera).

ZUMALAKARREGI: Pankrazia... Pankrazia! Oso kezkaturik nago.

PANKRAZIA: Zer dela ta?

ZUMALAKARREGI: Duela hemezortzi hilabete Iruineatik, egunsenti hotz hartan, irten nintzenean Euskal Herriaren askatasunak sofritzen zuen zapalketaren aurka borroka egiteko xedeak eragiten zidan. D. Carlos printzearengan zegoela uste nuen guztiaren konponketa. Hargatik jarri nintzen karlisten buruan.

PANKRAZIA: Eta zer gertatzen da orain?

 

(zumalakarregi bere mahainean jartzen da).

 

ZUMALAKARREGI: Ez dakit! Dudaz beterik nago.

PANKRAZIA: Zer dela eta dudak?

ZUMALAKARREGI: Badakit erabaki zuzena izan zela. Jokabidea ere egokia, baina... orain ez dut garbi ikusten gerla honen nondik-norakoa. Arazo honetan bada eskapo egiten didan zerbait. Gau guztia egunsentiaren zai egon ondoren terrala aurkitzea bezala da.

PANKRAZIA: Eskapo? Zerk egiten dizu eskapo?

ZUMALAKARREGI: Gerla honen azken helburuak agian...

PANKRAZIA: Helburua garbi dago ez da? Foruak!

ZUMALAKARREGI: Bai eta horretarako bidea D. Carlos zela uste nuen, eta orain...

PANKRAZIA: Orain zer?

ZUMALAKARREGI: Bidean galdu ote garen susmoa dut. Inork ez du foruaz hitzegiten, denen gogoan dinastiaren arazoa dago eta orain arego D. Carlos etorri denez.

 

(Samur hurbiltzen zaio emaztea zumalakarregiri).

 

PANKRAZIA: Tomas! Nekatuta zaude.

ZUMALAKARREGI: Bai, nekatuta nago.

 

(zumalakarregik esku artean gordetzen du burua, nekea adieraziaz).

 

PANKRAZIA: Agian, hainbeste kezkatzen zaituen arazoa politikoen gorabehera da. Zu militarra zara Tomas.

ZUMALAKARREGI: Egia diozu. Militarra naiz, baina hainbat eta hainbatentzat militar buruzagi bat baino gehiago naiz. Nire soldaduak miresten naute... Maite naute soldaduek. Askok niregatik dihardu gerlan. “Osaba Tomas” deitzen didate soldaduek... eta nik ez dakit, ez dut garbi ikusten gerla honen xedea. Beldur naiz bere ondorioaz...

 

(zaratiegi sartzen da).

 

ZARATIEGI: Barkatu, Jenerala!

ZUMALAKARREGI: Aurrera!

ZARATIEGI: Frantziatik datorren gizon bat dago hemen. Zurekin hitzegin nahi duela dio.

ZUMALAKARREGI: Nor da?

ZARATIEGI: Agustin Xao izena du.

PANKRAZIA: Beno, Tomas, ... zaindu zaitez.

ZUMALAKARREGI: Elizondon ikusiko gara laister.

 

(zumalakarregik bere emaztea besaarkatzen du. zaratiegirekin irtetzen da pankrazia. Berehala dator zaratiegi xaorekin. xao, mutil gaztea da, hogeitabost urte ingurukoa, argal, beltxeren eta bigoteduna. Hiritar jantziaz beztitzen da. zumalakarregik goitik-behera begiratzen dio agurtzerakoan).

 

XAO: Agur Zumalakarregi Jauna! Ni Agustin Xao naiz, Xuberoako semea.

ZUMALAKARREGI: Euskalduna beraz. Poztutzen naiz. Zerk ekarri zaitu honuntz?

XAO: Zure izenak ekarri nau.

ZUMALAKARREGI: (Farrez)

            Xuberoako lurretaraino heldu ba beraz nire fama?

XAO: Ni ez nator Xuberoatik, Parisetik baino. Idazlea naiz eta gerla honetan gertatzen dena nahi dut kontatu.

ZUMALAKARREGI: Hala ere! Bazen garaia euskaldunak beren arazoaz idaztekoa.

XAO: Horrela da eta hemen gertatzen denaren lekukotza jasotzea etorri naiz.

ZUMALAKARREGI: Argi dago hemen gertatzen dena: Euskal Herria altxa da bere foruak defenditzeko eta D. Carlosen partidua hartu dugu berak foruak berreskuratuko dizkigun ustetan.

XAO: Bai, hori da axaletik ikus daitekeena.

ZUMALAKARREGI: Nola axaletik? Zer esan nahi duzu?

XAO: Nire aburuz, hemen gertatzen denak, gerla honek, badu esangura sakonagorik.

 

(zumalakarregik arretaz entzuten du eta bere tokian jarri da).

 

ZUMALAKARREGI: Ez dakit nora zoazen.

            Begira, egia diozu Euskal Herria altxa dela esan duzunean, baina agian oker zaude bere altzamenduaren azken arrazoinak adierazterakoan.

ZUMALAKARREGI: Foruak aipatu ditut.

XAO: Foruak eta bai ta ere D. Carlos...

ZUMALAKARREGI: Horrela da.

XAO: Foruak ordea ez dute D. Carlosekin zer ikusirik. Foruak ez dira errege batek eman eta beste batek kendu ditzazken zerbait. Foruak Euskal Herriaren arima ber-bera dira. Foruak eskubide dira eta ez errenta.

ZUMALAKARREGI: Zaude... Zaude! Korrikaegi zoaz.

XAO: Barkatu, jauna!

ZUMALAKARREGI: Ez. Ez. Ez da hori. Ulergaitzak egiten zaizkit zure hitzak.

XAO: Askotan ulergaitz gertatzen zaigu begien bistan daukaguna.

ZUMALAKARREGI: Egia diozu Foruak eskubide direla esatean. Hargatik gaude liberalekin gerlan trabaturik.

XAO: Baina arazoa ez da Liberal eta Karlisten artekoa. Gerla hau ez da dinastia auzi bat. Euskaldunentzat auzitan daudenak beren esbukideak eta libertadeak dira eta ez Madriden baten edo besteren agintea.

ZUMALAKARREGI: Madriden batek edo bestek agindu hortxe dago koxka. Foruak babesten ditu batek eta besteak berriz ukatu.

XAO: Zu, Zumalakarregi, euskaldunen buruzagia, oker zoaz horretan. Euskaldunek ez dute baten edo besteren baimenik behar libre izateko. Berez dira libreak euskaldunak eta berez inposatu behar du askatasun hori. Ez da baimena kontua, eskubide kontua baizik.

 

(zumalakarregi bere tokitik altza eta xaoren hitzak hesnaurtuz hasten da paseatzen. Isilunea).

 

ZUMALAKARREGI: Eta D. Carlos! ? Zer diozu D. Carlosetaz?

XAO: D. Carlos printzeari bere tronua bakarrik axola zaio. (Isilunea).

XAO: Entzun Zumalakarregi! Euskaldunak eta Euskal Herria, espaņolak eta Espaņa bera baino antzinagokoak dira. Adour-tik Hebroraino hedatzen den lur honetan bizi garenok nazio bat gara. Herri bat. Baina hemeki-hemeki bortxa eta faltsokeriaren poderioz gure askatasuna murrizten joan dira Frantzia eta Espaņako erregeek. Ez gindezke fida ez Paris eta ez Madrideko erregeaz gure askatasuna berriro lortzeko.

ZUMALAKARREGI: Baina zuk diozuna izugarria da. Nire bihotzak pozik hartzen ditu zure hitzak baina aztoratzen dute nire arima.

XAO: Askatasunaren argiak beti aztoratzen du!

 

(Honetan etxeberria apeza sartzen da).

 

ETXEBERRIA: Barkatu jaunak!

ZUMALAKARREGI: Zer duzu Etxeberria?

ETXEBERRIA: Xao jaunarenzat manamendu bat dakart!

XAO: Zer manamendu?

 

(Paper bat luzatzen dio etxeberriak eta xaok irakurtzen duen bitartean, etxeberriak “aparteko” bat egiten du zumalakarregirekin).

 

ETXEBERRIA: D. Carlos berberak izenpetu du manamendua. Nafarroatik ateratzeko ordena ekarri diot.

ZUMALAKARREGI: (Harriturik)

            Zer dela ta ordea?

ETXEBERRIA: Elementu txar bat delako.

ZUMALAKARREGI: Nolaz?

ETXEBERRIA: Delako Xao honek argitaratu berria du liburu bat Frantzian eta bertan dionez Euskal Herriak independientea izan behar duela dio. Anarkista bat da.

 

(xao, zumalakarregi eta etxeberria dauden tokirantz hurbiltzen da).

 

XAO: (Irakurriaz)

            Hara zer dioen manamenduak: “Eta agintzen dut, delako Agustin Xao deituak abandona ditzala nere erreinuetako lurraldeak, hemengo arazoetan inongo laguntzarik eskaini ez dezakenez”.

 

(xaok algara labur bat egiten du. Isilunea. Papera zumalakarregiri luzatzen dio eta honek berarekiko irakurtzen du).

 

ZUMALAKARREGI: Bai. D. Carlos berak sinatu du.

XAO: (etxeberriari)

            Eta noiz utzi behar dut Nafarroa?

ETXEBERRIA: Berehala!

ZUMALAKARREGI: Ondo da Etxeberria, horrela kunplituko da D. Carlosen agindua. Orain utz gaitzatzu bakarrik.

 

(Gogo txarrez irtetzen da etxeberria).

 

ZUMALAKARREGI: (Serios)

            Nor zara zu Xao?

XAO: Zu bezalako euskaldun bat naiz.

ZUMALAKARREGI: Baina, zer dakusa D. Carlosek zuregan?

XAO: Argiak eta egiak beldurra ematen diote.

ZUMALAKARREGI: (Pentsakor)

            Zure ideiekin aztoratu nauzu biziki!

XAO: Eta ni poztutzen naiz nire hitzak zuregan ernaldu direlako. Euskaldunak oraindik ilunpean dabiltza. Ez dakite beren borrokaren berri ere. Baina etorriko dira besteak. Etorriko dira ondorengoak eta haiek askatasunaren eguzkiari parez-pare eginen diote so. Berreskuratuko dute bere asaba zaharren libertadea. Bizkaiatik Xuberora eta Adourretik Hebroraino zabalduko da ostera euskaldunen azkazia. Etorriko da Euskal Herria... Etorriko dira besteak!

 

(Teloia erortzen da bat-batean).

 

lehen partearen amaiera