St. Cyran
Luis Haranburu Altuna
St. Cyran
Luis Haranburu Altuna
Euskaltzaindia, 1992

 

HAMARGARREN JOKALDIA

 

(Eszena, aurreko jokaldiko bera da. agnes, angelique, eta beste monjak marmar ixilean ari dira otoitzean. Halako batean le maitre sartzen da eszenara. Urduri eta arnas estuaz dator).

 

LE MAITRE: Hil da!

 

(monja guztiak zutik jartzen dira eta le maitreren inguruan biltzen dira. angelique publikorantz doa).

 

ANGELIQUE: (Zuhur) “Dominus in coelo!” Jauna zeruan datza!

 

(Isilune laburra).

 

AGNES: Nola izan da?

LE MAITRE: Goizeko bostak aldera apoplejia bat izan du. Konortea galdu du. Eleizakoak hartzeko astian bere onera etorri da eta zazpiak aldera hil da.

 

(Marmarka hasten dira mojak beren artean eta le maitreri galdezka).

 

ANGELIQUE: Ixo! egin dezagun otoitz.

 

(Belauneko jartzen dira guztiak).

 

LE MAITRE: Gorpua honuntz dakarte. Bidera noa.

 

(Belauneko eta otoitzean hasten dira mojak le maitre kanporatzen den bitartean. Luzaro gahe hildakoen kanpai hotsak entzuten dira. Kanpo aldean jendetzaren zarata entzuten da. st. cyranen gorpua, le maitre, d’andilly eta soldaduen papera lehen jokatu duten aktoreen artean dakarte zerraldo. barcos denen atzetik dator lanzelotekin batera. Gorputza aldarean uzten dute. Argi gutti dago eszenan. Eta monja batek lau kandela handi pizten ditu st. cyranen gorpuaren inguru. Guztiak belauneko jartzen dira barcos ez ezik. barcos eszenaren erdian dago guztien aurrean eta st. cyranen gorpuari bizkar emanez. Paper bat ateratzen du bularretik).

 

BARCOS: (Doinu solemneaz) Jean Duvergier, St. Cyraneko Abade jauna eta nire osaba zenak, paper hau eman zidan, bera hildakoan bere azken borondateak jakinarazteko.

 

(Tolestaturiko paper bat zabaltzen du eta ez da berehala irakurtzen hasten. Kandela batengana hurbiltzen da hobeto irakurri nahiz bezela. Guztiei begiratzen die eta hauek zai daude urduri paperean idatzia jakin nahiz).

 

BARCOS: (Irakurriaz) “Nik, Jean Duvergier Haurannekoa, Baionarra, Jean eta Agnesen semea. St. Cyraneko Abatea eta Pariseko Port-Royaleko kapelau naizen honek, honela deliberatzen dut kunplitua izan dedin: Ni hildakoan nire gorpua zatikatua izanen da parte hauetan eta ondorengo hauei eskeiniko zaizkie nire oroigarri bezala. Barcos, nire iloba maiteari nire buru ezurra ematen diot, berak burutu dezan nik hasiriko lana. Arnauld D’Andilly Jaunari nire bihotza uzten diot mundutik erretiratzeko erabaki firmua har dezan. Port-Royaleko abategiari nire errai eta hesteak uzten dizkiot. Le Maitre, Port-Royaleko lehenbiziko bakartiari nire eskuak. Honela kunplitua izan dedin adierazten dut nire borondatea eta honela sinatzen dut Parisen 1638.garren urteko Maiatzaren 2.garren egunean. St. Cyraneko abatea”.

 

(Isilune luzea. d’andilly zutik jartzen da eta barcosengana doa bere aurrean eta ahots handiaz esanaz).

 

D’ANDILLY: Nik Robert Amauld D’Andillyk prometatzen dut mundu honetatik apartatuko naizela eta Port-Royaleko bakartiekin burutuko ditudala bizi honetan gelditzen zaizkidan egun guztiak.

 

(barcos eta arnauld d’andilly besarkatzen dira).

 

BARCOS: (lanceloteri) Lancelot zu medikua zara... ekin beraz zure lanari.

 

(lancelot astiro irtetzen da eszenatik. angelique zutik jarri da eta barcosengana doa. Belarrira esaten dio zerbait. Honek baietz adierazten dio buruarekin eta angelique bere tokira igortzen da).

 

BARCOS: Port-Royaleko abatesa den Angeliquek, St. Cyranek hiltzerakoan eta oraino soinean duen sonekoa nahi luke berarentzat. (Pausa) Nik on derizkiot bere desirari.

ANGELIQUE: “Dominus in coelo”! Zeruan dago Jauna!

 

(lancelot sartzen da eszenara. Mantala zuri bat jantzi du eta laban zorrotz batzuk daramazki eskuan. le maitrek lagunduko dio bere lanean. Lehenik soinekoa kentzen diote gorpuari eta barcoseri eman. Honek maiestate handiarekin tolestatuaz gero angeliqueri eskuratzen dio. Argiak kolore gorri bat hartzen dute orain. Zutik daude guztiak eta lancelot eta le maitre st. cyranen gorpua ebakitzen aintzinatzen dira. angeliquek “Veni Creator” kantua entonatzen du eta guztiak jarraitzen diote. lancelotek barcoseri eta honek d’andillyri st. cyranen bihotza eskeintzen dio. Hil kanpaiak entzuten dirafuerte. Kantuaren gain nagusituaz eta orduan egiten da iluna).

 

amaia