St. Cyran
Luis Haranburu Altuna
St. Cyran
Luis Haranburu Altuna
Euskaltzaindia, 1992

 

BOSTGARREN JOKALDIA

 

(Antzokian bi mahain daude. Handia bata eta ttipiagoa bestea. Zenbait jarleku. Liburu asko han hemenka. Argiak piztean barcos eta st. cyran lanean ari dira. Isilune labur bat. st. cyranek paper bat luzatzen dio barcosi).

 

ST. CYRAN: Tori Barcos, Jansenioren gutuna da.

BARCOS: (Karta hartuaz) Zer dio, osaba?

ST. CYRAN: Beldur da Richelieuren politikaz. Berak dioenez hobe litzake Espainarekin elkar hartzea... Ah! eta zorionak ematen dizkit St. Cyraneko abate egin nautelako. Ironi apur bat nabari dut bere hitzetan.

BARCOS: Zergatik ironia? Zuk badakizu, osaba, handiagorik merezi duzula.

ST. CYRAN: Ez dakit... ez dakit Barcos. Atsegin zait karguak ematen duen segurantza, baina bestalde nire borroka ez da karguak lortzea. Nire borroka ez da iadanik mundu honetakoa.

BARCOS: (Maitekiro) Osaba, atera zaio betiko umore beltza.

ST. CYRAN: Ez da umore kontua, bizi osoarena baino. Iadanik arazo bakarra axola zait, biziaren arazo bakarra.

BARCOS: Ez dut ulertzen.

ST. CYRAN: (Berekiko bezala) Gizona bakarrik jaiotzen da, bakarrik hiltzen da eta bitartean Jaunaren begi izugarriarenpean bakarrik bizitzen da. Paradisoan galdu zuen gizonak Jainkoaren konpania; harrezkero bakarrik datza salbatzeko edo kondenatzeko. Eta gizonak ez dezake ezer egin, penitentzia baino. Ez baitago bere esku salbatzea edo kondenatzea; Jainkoaren eskuetan baizik. Jainkoak aukeratzen ditu bereak eta gizonak ez du aukerarik. Negarra baino ez dezake aukeratu. Zer axola zaio beraz Abate, Obispo edo Errege izanda, Jainkoak ez badu berarentzako aukeratu? Hori da, Barcos, arazoa. Arazo bakarra.

 

(Isilunea).

 

BARCOS: (Urduri) Beraz, gizonak ez dezake Jainkoa aukeratu.

ST. CYRAN: Ez, Barcos. Ez. Gizona ez da nor zerua aukeratzeko; zeruak aukeratzen ditu bereak.

BARCOS: Eta nola jakin aukeratuak garen ala ez?

ST. CYRAN: Hori da gizonaren tragedia eta sarraskia. Gizonak ez dezake jakin. Inoiz batek uste dezake Jainkoak aukeratu duela baina inozokeria baino ez da.

 

(le maitre sartzen da eszenara.)

 

ST. CYRAN: Arratsaldeon seme.

 

(barcos zutik jarririk le maitre agurtzen du.)

 

BARCOS: Agur, Le Maitre zer moduz?

LE MAITRE: (st. cyrani) Ondo. Oso ondo. Lasai aurkitzen naiz. Libre sentitzen naiz. Zama astun bat kendu banu bezala aurkitzen naiz. (Pozik) Hartu dut erabakia!

ST. CYRAN: Eta zer erabaki duzu?

LE MAITRE: Mundua uztea. Munduaz beste egitera.

ST. CYRAN: Ezin izanen duzu mundua utzi. Gure gorputza bera da mundua. Urrutiratu bai, baina ez duzu ahal izanen oro bat uzterik.

BARCOS: Eta nola beteko duzu zure xedea?

LE MAITRE: Port-Royaleko abategira erretiratzeko asmoa hartu dut.

BARCOS: Sortuko duzu hizbiderik. Eskandalu bat izanen da.

LE MAITRE: Horrek ez dit axolik. Gainera, zer dela eta sortu behar da eskandalua Barcos?

BARCOS: Zu Frantziako familiarik ezagunenetakoa zara. Zu zeu Pariseko abokaturik nonbratuena zara. Gaztea zara oraino baina zure arrakasta handia da. Edonork daki etorkizun onuragarri bat duzula. Nork daki? Erregearen kontseilari edo Ministrari izatera hel zindezke.

ST. CYRAN: Egia da Barcosek dioena, baina egia diozu zuk ere Le Maitre. Mundutik apartatzeak eta penitentzi egiteak ez luke nehor harritu behar eta are gutxiago kristau bat... baina zoritxarrez non dira gaurko kristauak? Non dago gaurko Eleiza?

LE MAITRE: Gutti dira benetako kristauak eta guttiengo horren partaide izan nahi dut.

ST. CYRAN: (Berekiko bezala) Gutti dira aukeratuak...

BARCOS: (le maitreri) Eta zergatik aukeratu duzu Port-Royal erretiro toki bezela?

LE MAITRE: Badut arrazoin onik. Han dago nire ama, eta bertan profesatzen du nire arreba maiteak ere, baina nire arrazoirik hoberena St. Cyrango abatearen jarraitzalerik zuzenenak Port-Royaleko mojatxoak direlako da. (st. cyrani) Zu zara nire direktore eta zuzendaria eta bertan eraikiko dut aterpe bat nire bizitza bakartia eramateko.

ST. CYRAN: Jainkoa da gizonaren zuzendari bakarra baina bere bitarteko bezala beste milaren artean aukeratu banauzu obedi iezadazu eta zure obedientzian aurkituko duzu askatasuna. Gizon bakoitza mundu bat da, baina bakoitzak bere zuzendariari fielki jarraitzen badio errezago egiten da guztia. Ni eleizgizon apal bat nauzu baina zure aukerak nireganatzen zaituenez ni izanen naiz zure Eleiza eta geriza.

LE MAITRE: Ene Aita! Obedituko dizut. Egidazu argi.

 

(Atea jo du norbaitek eta harat doa barcos. barcos eta d’andilly sartzen dira).

 

D’ANDILLY: Agur jaunak!

ST. CYRAN: Agur D’Andilly jauna!

D’ANDILLY: (le maitreri) Zu hemen?

LE MAITRE: Bai, D’Andilly jauna, eta St. Cyrango abate jaunaren lagun mina zarenez berri pozgarri bat eman nahi dizut lehenbaitlehen.

D’ANDILLY: Zein berri?

LE MAITRE: Mundua utzi eta abate jaunaren gidarizapean Port-Royalen nire bizi guztia bakardadean eta penitentzian iragaiteko erabakia hartu dut.

D’ANDILLY: (Harriturik eta st. cyrani so) Nolaz?

ST. CYRAN: Bai, egia dio.

D’ANDILLY: (Beti st. cyrani) Hori besterik ez zaizu falta.

BARCOS: Zergatik dio hori jauna?

D’ANDILLY: Gaurkoan etorri banaiz esames txarrak dabiltzelako da. Gortetik nator eta bide zuzenetik jakin dut Richelieu kardenala zu galtzeko asmoarekin dabilela. Orain Le Maitreren kontua jakitean gauzak okerragotu baino ez dira eginen.

ST. CYRAN: (Ironiaz) Eta zergatik galdu nahi du Richelieu Kardenal txit gorenak honoko abate apal hau

D’ANDILLY: Ja! Abate apala! Sei armada baino langerosoagoa omen zara dio.

ST. CYRAN: (Ironiaz) Ni? Sei armada baino langerosoagoa.

D’ANDILLY: (Bero eta maitekiro) Bai zu, Jean Duvergier Haurannekoa, St. Cyrango Abatea. Baionar kaskagorra.

            (Lehengoan) Baina lagun minak izanak gara Richelieu eta ni. Urteetan ihardun gara elkarri gutunak eskribatuaz.

D’ANDILLY: Richelieu hau, dudarik gabe ez da lehengoa. Laguna ez baina etsairik haundiena bezala begiratzen zaitu. Lehenengo ostikada bere katekiman konfesioari buruz zioena kritikatu zenuenean eman zenion. Gero Errege berberarengan sortu zenituen dudarekin aztoratu zenuen gehien eta orain badaki protestantearekin Espaniarren aurka elkartzeko bere asmoaren kontra agertu zarela.

ST. CYRAN: Ezagutzen dut ondo Richelieuren fama. Mendera ez dezakena galdu egin nahi luke.

D’ANDILLY: Eta badakizu ongi gehienetan lortu ere lortzen duela bere xedea.

ST. CYRAN: Badakit bai. Baia ni Richelieu baino kaskagorragoa naiz oraino.

D’ANDILLY: Hori ez dut auzitan jartzen. Baina bere haserrearen bideari Le Maitrerena eransten badiozu ez da atsedenduko zu galdu arte.

 

(Isilune laburra. Guztiak st. cyrani so daude).

 

ST. CYRAN: Heldu da garaia gortesiak eta falsiak alde batetara uzteko. Eleiza ber-erailki nahi badugu haserako kristau haiek bezalako zortea egokitzen zaigu. Persekuzioa eta sufrimendua. Hori izanen da Jainkoak aukeratu dituenaren arrastoa eta ikurra. Richelieugandik erasoa badatorkit. Pozik dago nire anima, hor bait dakusat Jainkoak aukeratutakoen artean nagoela. Segurantza hori dut dohainik preziatuena.

LE MAITRE: (Inozo xamar) Hitz santuak benetan.

 

(d'andillyk goitik behera eta sinesgaitz begiratzen dio le maitreri).

 

            (st. cyrani) Ez nago ziur zure hitzak ondo ulertu ditudan. Baina dirudienez ez duzu asmorik kardenalari amor emateko.

ST. CYRAN: Zu politikoa zara eta politikoak amore eman ohi duzu konbeni zaizuenean. Ni ez naiz politiko bat. Ni Jainkoak aukeratutako gizon pekatari eta apal bat naiz. Prest nago martiri izateko. Baina ez dut amore emanen. Orain badakit Jainkoak aukeratu nauela.

 

(Iluna).