ZORTZIGARREN JOKALDIA
(Gela hezko eta ilun bat. st. cyran Vincennesko Donjonean aurkitzen da preso. Atril bat ageri da eszenaren albo batean eta zutik ari da st. cyran bertan irakurtzen. d’andilly sartzen da eszenara).
D’ANDILLY: (st. cyran besaharkatuaz) Agur, St. Cyran!
ST. CYRAN: Agur Antoine. Zein atsegina zaidan zure bisita. Lau urte daramazkit hemen, Vincennesko gazteluan preso, eta oso bakanak dira ikustaldiak.
D’ANDILLY: Ez egon triste. Ez zaude bakarrik.
ST. CYRAN: (Berekiko) Bakarrik... jakinen bazendu zein bakarrik aurkitzen naizen... Jainkoaren konpania dut baina sarritan bera ere ez dut ikusten.
D’ANDILLY: (Samur) Ez esan hori. Zurekin duzu Jainkoa.
ST. CYRAN: (Triste) Gau luze bat dirudi honek. Hori da nire kontsolamendu bakarra. Jainkoak, gau ilun batetan bezela desagertzen zaie aukeratuei. Gauaz bizi naiz. ladanik ez dut argirik maite.
D’ANDILLY: Otoi! Ez zaude bakarrik. Frantziako Gotzai gehienak zurekin dituzu. Esponda. Moe eta Vignon zure baliagarri bezela aurkeztu zaizkio Erregeari. Arguiloungo andrea ere zure alde hasi da gortean. Eta gu guztiok gaude... Port-Royalen zure egoera baino ez dute gogoan.
ST. CYRAN: (Urruti bezala) Port-Royal... nire obra bakarra. Nola aurkitzen dira han?
D’ANDILLY: Angelique eta Agnes inoiz baino gogorrago diraute. Zure gutunak haragi bizian bezala ireinsten dituzte. Izan dute presio ugari, baina munduan ez da beren leialtasuna hautsiko duenik.
ST. CYRAN: Eta Le Maitre eta beste bakartiak?
D’ANDILLY: Badakizu, zu preso hartzean Port-Royaletik urrutiratu zituztela, baina ezkutuan bederen badugu beraien harremanik.
ST. CYRAN: Le Maitre gaixoa. Hain sutsu eta hain erasogarria...
(Isilune laburra. d’andillyk liburu bat ateratzen du erropa artetik).
D’ANDILLY: (Pozik) Begira St. Cyran! Erregalu berezi bat dakarkizut gaur.
ST. CYRAN: Zein liburu da hori?
D’ANDILLY: Luzaro itxaron duzun liburu bat.
ST. CYRAN: (Urduri) Otoi, emaidazu!
D’ANDILLY: Azkenik bukatu du. Azkenik argitaratu da. Tori. Hau da Jansenioren “Agustinus” liburua.
(st. cyranek eskuetatik kentzen dio liburua).
ST. CYRAN: (Zerura begira eta liburua bularraren kontra presatuaz) Eskerrak jauna! “Agustinus... Agustinus!” (d’ andillyri) Hau da Baionan bion artean ernaldu genuen umea. Zorioneko haurra.
D’ANDILLY: Banekien laket izanen zitzaizula.
ST. CYRAN: Liburu hau da Eleiza berpiztuko duen arnasa. Hemen datza bizirik eta gordin kristautasunaren espiritua.
(Liburua begiztatzen du st. cyranek behin eta berriro. d’andilly aurrean ez balego bezela jokatzen du. Atrilera darama liburua eta ostera begiztatzen du han).
D’ANDILLY: (Xamur) Eh! Eh! Hemen nago oraino.
ST. CYRAN: Barkatu Antoine. (Bereganatuaz) Eskertzen dizut benetan, zure oparia.
D’ANDILLY: (Umoretsu) Bistan dago! Eta esaidazu zer moduz portatzen den zure osasuna?
ST. CYRAN: Egon naiz okerrago. Hasera batetan, mazmorra hezko batetan eduki ninduten. Gaixotu nintzen oso eta orain gela honetan ez naiz hain gaizki aurkitzen. Begiekin dut arazorik haundiena. Itsutzen ari naizela uste dut... Baina honela orobateko gauean murgilduko naiz.
D’ANDILLY: Laister bukatuko da guztia. Richelieuren osasuna ez omen da zurea baino hobea.
ST. CYRAN: (Astiro) Richelieu... Richelieu.
(Isilune laburra).
ST. CYRAN: Eta, zu? Zer esaten didazu zutaz?
D’ANDILLY: Tira... ez dut aspertzeko astirik. Badakizu nola den politikaren mundua. Eta zure asmoaz? Zer diozu zure asmo hoietaz?
D’ANDILLY: Zein asmo?
ST. CYRAN: (d’ andillyrengana gehiago hurbilduaz eta besotik hartuaz) Mundu honetatik erretiratzekoa.
D’ANDILLY: (Buru makur) Sarritan planteatzen dut... nire arreba Agnes eta nire alaba Angelique Port Royalen ikustera joaten naizen bakoitzean bertan gelditzeko gogoa dut. Baina...
ST. CYRAN: Baina zer?
D’ANDILLY: Ņire ustez gure mugimenduari mesedegarriago natzaio kalean. Abokatu eta Gorte gizon bezela badut gure kausa zertan lagundurik. Antoine nire semea bai, berehala izanen da doktore eta apez. Gizon baliotsua izanen zaigu.
ST. CYRAN: Badaki, bai. Barcosengandik dut bere berri. Baina zu Antoine zer diozu zutaz?
D’ANDILLY: (Zerbait aztoraturik) Nire familiatik sei zure gidaritzapean dituzu. Nire bihotza beraiekin datza.
(Kolpeak entzuten dira atean eta besarkatzen dira).
D’ANDILLY: Agur St. Cyran. Irten behar dut. Barcos kanpoan dago sartzeko zai.
ST. CYRAN: Agur Antoine.
(d’andilly irtetzen da. st. cyran ateari so gelditzen da. Gero atrilera doa. barcos sartzen da berehala).
BARCOS: Agur, osaba!
ST. CYRAN: Agur, Barcos.
(Besaharkatzen dira).
BARCOS: Hobeto zaude?
ST. CYRAN: Tira... kasik ez dut lorik egiten. Ezin dut atsedenik hartu.
BARCOS: (Atrila adieraziaz) Atrilarekin jarraitzen duzu beti?
ST. CYRAN: Horrela da.
BARCOS: Medikuren batek ikusi beharko lituzke almorrana hoiek.
ST. CYRAN: Medikuak... D’Andillyk esan didanez Richelieu gaixorik omen dago.
BARCOS: Bai horrela diote. Hiltzear omen dago.
ST. CYRAN: Hiltzeak baino, are min gehiago emanen dio ni baino lehen hiltzeak. Preso hartu arazi ninduenean, ni hiltzea ausartu ez zelako izan zen. Hemen hilko nintzela uste zuen. Eta agian... lortuko du.
BARCOS: Ez beza esan hori osaba. Berehala izanen da libre. Kardenala hil bezain laister.
ST. CYRAN: (Sinesgaitz) Ez dakit... ez dakit.
BARCOS: Baino alden ditzagun pentsamentu triste hauek. Badakizu zer? Ezetz asmatu nor apeztu berri den?
ST. CYRAN: (Beltz) Ez nago asmakizunetarako!
BARCOS: Silvain Pouvreau. Zure idazkari eta morroi izandako Pouvreau, apez egin da.
ST. CYRAN: (Harriturik) Zer diozu? Pouvreau apez? Nik ezin izan nuen lortu kristau on bat izan zedin eta apez egin dute? Horrela doa Eleiza.
BARCOS: Bidarteko apez egin dute.
ST. CYRAN: (Berekiko) Bidart... Baiona... Zein urrun dagoen Euskal Herria.
BARCOS: Osaba... hau notizia tristea da.
ST. CYRAN: Zer duzu?
BARCOS: Anne, zure hiloba hil da.
ST. CYRAN: (Kolpe bat hartu balu bezala) Zer diozu? Anne... hain gazterik? Nire Anne maitea! Adurreko kaio xuria...
(Negar larri bati ekiten dio st. cyranek barcosek besoaz hartzen dio bizkarra. Negar luzea. Ahuldurik uzten du naigabeak).
BARCOS: (Sudur zapi bat luzatuaz) Osaba... osaba. Kontsola bedi. Ez beza negarrik egin.
(Zotinka) Zergatik Anne eta ez ni. Zergatik jotzen nau honeia Jainkoak. Oh! Zein gau luze eta latza!
BARCOS: Pentsa beza berorren hitzetan. “Bere aukeratuak gauean estaltzen. ditu Jainkoak”.
ST. CYRAN: Baina latza da gau lodi hau.
BARCOS: (Gonbertsazioa aldatu nahiz) Badakit D’Andillyk Jansenioren “Agustinus” ekarri dizula.
ST. CYRAN: Poz haundia hartu dut.
BARCOS: Hemen Parisen edizio berri bat prestatzen ari gara.
ST. CYRAN: (Biziki eta maliziaz) Jesuitak ez dira kontent izanen.
BARCOS: (Irrifarrez) Horrela da. Sorbonak kondena dezan lor nahi dute.
ST. CYRAN: Kosta behar zaie!
BARCOS: Antoine, D’Andilly abokatuaren iloba hasia da aldeko frogak gertatzen.
ST. CYRAN: (Biziturik bezela) Eta gu! Gu ere bai!. Entzun Barcos etxean dauden paper batzuk ekarri behar dizkidazu. Obra haundi bat gertatuko dugu “Agustinusen” jarraipen bezela. Erdi itxurik nago, baina argirik gabe ere idatzi dezaket.
BARCOS: (Burumakur) Osaba... esana diot lehen ere berorri preso hartu zutenean paper gehienak eraman zituztela berorren kontra frogak aurkitzeko asmoz.
ST. CYRAN: Bai, badakit. Baina nik nahi ditudan paperrak ondo gordeak nituen. Haiek ez zituzten ohostuko.
BARCOS: (Beldurti) Osaba...
ST. CYRAN: Zer, Barcos?
BARCOS: Beldur nintzen paper hoietaz eta berak erakar zezaioketen kalteaz. Etxean utzi zituen paper guztiak erre egin nituen.
ST. CYRAN: (Harriturik eta sinesgaitz) Zer diozu? Ene! Erre egin dituzula nire eskribuak? Nire bizitza osoko lana suak jan du?
(barcosek buruarekin esaten du baietz. Ez da hitzik egitera ausartzen. st. cyranen urduritasunak negarrari egiten dio bide. Marruz eta negarka jausitzen da lurrera. Honetan kolpe batzuk entzuten dira atean eta abots batek dio “Denbora bukatu da”. barcosen begirada atetik st. cyranengana dabil aztoraturik. Berriro entzuten da lehengo abotsa “Denbora bukatu da”. Eta astiro astiro irteten da barcos. st. cyran lurrean datza negarrez. Antzokian iluna egiten denean).