St. Cyran
Luis Haranburu Altuna
St. Cyran
Luis Haranburu Altuna
Euskaltzaindia, 1992

 

BEDERATZIGARREN JOKALDIA

 

(Antzokiaren atzeko partean aldare baten antzeko mahain bat ageri da bere zapi eta kandelarekin. Lurrean belauneko daude otoitz marmarrean d’andilly, le maitre, agnes, angelique eta beste zenbait moja. Klausurako reja baten antzeko itxitura bat ikus daiteke paret batetan. Halako batean moja bat sartzen da eszenara kasi saltaka. Pozik dator).

 

MONJA: Iritxi da! Iritxi da! Hemen dator St. Cyran.

 

(Hitz hauek entzutean mojak “Veni Creator Spiritus” abesten hasten dira eta st. cyran dator eszenara bere iloba barcosen besotik sostengatzen delarik. Emeki-emeki dator st. cyran, ahuldua eta gaixo. Kantuak dezente irauten du eta kanpai hotsak ere entzun daitezke. Beti bere ilobak lagundurik aldareari bizkar emanaz jartzen da guztien aurrean. Abestia bukatzen denean le maitre aurreratzen da st. cyranengana aurrean belaunikatuaz eta eskuan muin emanaz. guztiak berdin eginen dute gero).

 

LE MAITRE: Aita, ongi etorria bedi, berorren etxe honetara.

ST. CYRAN: (Irrifarrez) ladanik ez dakit zein dan nire etxea.

ANGELIQUE: Berorri aurkitzen den tokian dago gure etxea.

AGNES: Espetxean egon den denboran. Hura izan da gure egoitza. Ez! Alabatxook, hau duzute zuen etxea: Port-Royal. Hau da kristau herria argitzen duen argia. Ni joaten naizenean bertatik ihardun behar duzute argi egiten.

AGNES: Ez bedi joateaz mintzo, oraino etorri berri denean.

ST. CYRAN: Beti egon behar dugu hemendik joateko prest.

ANGELIQUE: Berorrek erakutsi digu bizitza hau herio bat dela.

ST. CYRAN: (Bere nekeak gaindituz suspertzen joaten da pasarte honetan). Segurantzarik gabeko herioa... sumatzen dut nire bizia itzaltzera doala. Zuen artean ez nauzute luzaro izanen. Agian azkenekoz hitzegiten dizuet egun honetan.

LE MAITRE: Ez beza horrelakorik esan...

 

(Jestu batez ixilarazten du st. cyranek le maitre).

 

ST. CYRAN: Duela urte asko, han nire Euskal Herrian gaztetxo bat nintzanean, deabruaren indarrak askatu ziren lur eta itsasoetan. Gertutik izan nuen bere arrastoa. Jainkoa, gure pekatuak eta nagikeriaz eskutatzen denean gizona bere iturburura igortzen da, Paradisuko tranze gogor hartara. Deabrua nagusitzen da guregan. Eleizaren nagikeriak eta eleiz gizonen pekatuak Jainkoa ezkutatzen dute egun ere. Mundu hau ez da zerua eta lur hau nahiz eta Jainkoak sortua izan, gizonak bere aldrebeskeriaz tronpagarri eta gezurbide bilakatu du. Gure begiak ikusten duten gaurko hondamendi hau deabruaren egoitza bilakatu da. Ihes egin behar duzute mundu honetatik, ihesgarri izateko eta bera gorrokatuaz berarengana joateko bide izan zedin egin zuen mundu hau honela Jainkoak. Baina gutti besterik ez ditu salbatuak izateko aukeratu. Gu aukeratuen artean aurkitzen garela sinesten dugu. Sofrimenduak eta pairatu behar izan ditugun penitentziak ematen digute fede hori. Baina ez gara segurtatuak izan. Gau beltz batetan bezala bizitzera egokitu zaigu eta ez dugu heriotzararte Jainkoaren aurpegirik ikusiko. Inoiz pentsatu izandu dut Jainkoa ez zela guztiengatik hil, baina, ez, guztiengatik hil zen nahiz eta berak jakin guztiak ez zirela salbatuko. Berak dio: “Asko dira deituak eta gutti aukeratuak” eta ondoren esan zuen berarengatik sufritu beharko genduela. Nik asko sufritu dut, eta zuek ere forogatuak izanen zarete. Eraso latz bat dator Port-Royalen kontra. Sakabanatuak eta zigortuak izanen zarete. Eutsi gauaren erdian. Izan temosoak. Egia zuek daramazute. Gurea da arrazoina. Antzinako kristauak ere martiri bilakatu beharra izan zuten beren salbamena lortzeko. Guztien kontra ihardun beharko duzute hori izanen da zuen arrazoinaren seinale.

AGNES: (Lurrean belaunikatuz eta negarrez) Jauna! Jauna!

ST. CYRAN: Agnes, Angelique eta ene alabatxo guztiak. Ez egin negarrik. Zuen malkoak ez dira kontsolabide. Ez dezazutela mundu honetan kontsolamendurik itxaron. (Oso nekaturik eta astiro hitzeginaz) Izan zaitezte zuhurrak mundu honetako gauzetan eta halaber sakramentuen gutizian. Ongi merezi eta irabazi behar dituzue konfesioren bakea eta komunioaren gozalea. (Lurrerantz erortzeko gesto egiten du baina barcosek sostengatzen du fermuki).

 

(Isilune laburra. Negar zotinak entzuten dira monjen artean).

 

ST. CYRAN: Nekatuta nago. Nekatuta. Otoi! Utz nazazutela bakarrik. Otoitz egin nahi nuke.

 

(Jokaldiaren haseran bezela guziak banan-banaka hurbiltzen zaizkio eta eskuan muin ematen diote. Bata bestearen atzetik irteten dira guztiak barcos ez ezik).

 

ST. CYRAN: Barcos... joan zu ere.

BARCOS: (Gelditu nahiz) Baina, osaba!

ST. CYRAN: Zoaz!

 

(st. cyran publikoari bizkar emanaz belauneko jartzen da. Instante luze batzuetan ez da ezer entzuten. Gero, st. cyran negar bortiz batetan jausten da lurrera. Argiak, bere gorputza bakarrik argitzen dute. Iluna).