St. Cyran
Luis Haranburu Altuna
St. Cyran
Luis Haranburu Altuna
Euskaltzaindia, 1992

 

LEHEN JOKALDIA

 

(Argia piztutzen denean eszena hutsik ageri da. Isilunea. Halako batetan orru izigarri bat entzuten da. Garraisiak gero. Emakumezkoena da abotsa. Isilunea. Negar zotinak eta oinaze garraisiak berriro. Antzokian ez dago mueblerik, jarleku bat ezik. lancre sartzen da eszenara eta bere atzetik dator murgi neskatxa).

 

LANCRE: (Patriketik musu-zapi bat atera eta eskuak garbituaz) Aski dugu gaurkoz!

MURGI: (lancreren aldamenean dago eta bere adinari ez dagokion ziurtasunaz mintzatzen da) Asko gelditzen dira oraino.

LANCRE: (Jarlekuan jarriaz) Badakit bai. Badakit Murgi. Gutxienez hiru mila sorgin daude Lapurdin eta ehunkada batzuk baino ez ditugu oraino harrapatu.

MURGI: (Publikorantz so eta lancreren albotik) Denak eroriko dira. Nik gehienak ezagutzen ditut.

LANCRE: Lan ederra egin duzu Murgi (Gerria ferekatzen dio). Sorgina izan zinen baina bistan dugu zuregandik deabrua irten dela. Orain libratu zaitut deabruarengandik eta zerbitzu ederra egiten didazu.

MURGI: Zerbait gehiago nahi al du gaurkoz Lancre jauna?

LANCRE: (murgi bereganatuaz) Ez. Hitzegin dezagun soilik. Nekatuta aurkitzen naiz. Hatoz Murgi.

 

(murgi lancreren oinetan eseritzen da lurrean eta honek bere burua ferekatzen du).

 

MURGI: Nahi duen bezala, Lancre jauna.

LANCRE: Orain arte, bertako jende xumea eta apala, gehienak inozoak eta pobreak atxilotu eta zigortu ditugu. Baina ziur nago Herri hau ezagutzen dudan bezala ezagutuaz, handiki jendea eta apezak ere nahasiak direla tartean.

MURGI: Horrela da Lancre jauna!

LANCRE: Ziur nago apezak tartean direla, bai. Ez dut inon aurkitu hemen bezain apez ezjakin eta emakumezaleagorik. Kalean ere ez dira beste gizonengandik bereizten. Jazkera berdinak darabilzkite. Ilea lepo gainean dute eta gerrian ganibeta. Gainera seroren historia hori dago. Munduan beste inon ez bezala, emakumez baliatzen dira eleizako lanetarako. Auskalo Sakristi baztarretan zenbat haragizko pekatu egiten den. (Abotsa jasoaz eta haserre) Herriko bat gehiago dira! Deabruzko zuen euskara hori besterik ez dute hitzegiten! (Jarlekutik altxa eta harat-hunat hasten da antzokiaren zehar).

MURGI: (Emeki) Jauna... Lancre jauna.

LANCRE: Zer duzu Murgi? Esan beldurrik gabe.

MURGI: Akelarretara ere joaten dira apezak.

LANCRE: (Pozik) Banuen susmorik! (Lepotik murgi besaharkatuaz) Eta esan Murgi, esan, ezagutzen dituzu apez hoiek?

MURGI: Guztiak ez Lancre jauna. Haundikiak eta apezak mozorrotuta joaten dira akelarretara. Aurpegia estalirik eramaten dute ezagutuak izan ez daitezen.

LANCRE: Baina zuk Murgi, ziur nago zenbaitzuk ezagutzen dituzula. Zu Akelarretako erregina izana zara. Zure edertasunagatik aukeratu zinduzun deabruak bere haragikeria lizunetarako. Kolaboratu behar duzu. Deabruarengandik aske zarela adierazteko, dakizun guztia esan behar didazu!

 

(murgi publikorantz doa eta irrifar ziniko bat du ahoan).

 

MURGI: Esango dizut, bai, dakidan guztia... baina ez dut gero arazorik nahi. Orain zuk babesten nauzu baina nork daki gero...

LANCRE: (murgirengana hurbilduaz) Esan dakizuna Murgi. Ez izan beldurrik. Nerorekin eramanen zaitut Bordelera hau guztia bukatzen denean, Lapurdi su eta gar garbitu bezain laister.

MURGI: Zurekin eramanen nauzu?

LANCRE: Bai Murgi. Lancreko nire jauregira etorriko zara. Ez zaitut herri basati honetan utziko.

 

(Isilunea. Burua eskuartean hartzen du murgik eta zalantzatan dabil. lancrek maitekiro kentzen dizkio eskuak burutik).

 

LANCRE: Esaidazu, Murgi!

MURGI: Baionako andere aberats bat ikusi nuen behin Akelarrean.

LANCRE: Nola du izena?

MURGI: Bere senarra oso boteretsua da, Lancre jauna... Baionako familiarik boteretsuenetako batetaz ari natzaizu.

LANCRE: Esan! Zein familia?

MURGI: Duvergier jaunaren emazteaz ari naiz. Bai, Lancre, jauna. Hauranneko andrea, Duvergierren emaztea salatzen dut. Bere alaba, Laurence, ere ikusi dut berarekin deabruarengana joaten.

 

(lancrek poza agertzen du gestu nabarmenaz. Eskuekin txalo ixilak jotzen ditu. Harat-hunat ibiltzen da).

 

LANCRE: Hauranneko andrea eta bere alaba esan duzu? Ziur zaude Murgi?

MURGI: Bai jauna, ziur nago. Nik neronek ikusi ditut deabruari ipurdian musu ematen

LANCRE: Bihar bertan atxilotuko ditut. Nire eginbeharra beteko dut. Kunplituko dut Enrike gure Erregearen deseinua. Baionar haundikiak ez naute beldurtzen. Erregearen juez guztiz ahalduna naiz. Jakinen dute nire berri.

 

(Bere poza etenaz eta murgirengana berriro hurbilduaz).

 

LANCRE: Eta apezak, Murgi... apezak?

MURGI: Esan diot Lancre jauna aurpegia estalirik eramaten dute.

 

(Isilunea. murgi zalantzan).

 

LANCRE: Murgi... otoi. Esaidazu zenbait izen. Beste guztia neri dagokit. Nigandik at ez du inork jakinen nondik datorkidan informazioa.

MURGI: Apezak, asko dezakete.

LANCRE: Ez dezakete ezer Erregearen ordezkariaren kontra. Ikusi besterik ez duzu... iadanik berrogeitahamar sorgin inguru erre ditugu eta ehunkak dira inkestatuak. Haurrek ere ez dute eskapo egin. Bostehun haur baino gehiago ikertu ditut. Hobe haur errugabe bat erretzea balizko deabru bat bizirik uztea baino.

MURGI: Apez bakar batetaz oroitzen naiz.

LANCRE: (Kontent) Ziur zaude?

MURGI: Bai Lancre jauna. Ziur nago.

LANCRE: Nor da? Esan!

MURGI: Askaineko apeza da. Argibel izena duela uste dut.

LANCRE: (Pentsakor. Zerbaitetaz oroitu nahi balu bezala) Argibel... Argibel. Lehen Baionako Duvergier salatu duzu. Usten dut familia horren ahaidekoa dela apez hori. Askaingo apez kargua, kargu aberatsa da. Oso ondo Murgi. Arrasto ona eman didazu oraingoan.

 

(Pozik besarkatu du murgi eta lancre aterantz doa, esanaz).

 

LANCRE: Oso ondo Murgi. Oso ondo! (Atetik hitzeginaz) Hunat!

 

(soldadu bi sartzen dira eta lancre agurtzen dute).

 

LANCRE: Entzun ondo! Hartu behar diren neurriak eta gizonak, eta zoazte jende hau preso hartzera. Joan Baionara eta ekarri Hauranneko andrea eta bere alaba, Laurence; zoazte gero Askainera eta hartu preso hango apeza. Argibel du izena. Bihar hemen nahi ditut ikusi St. Peeko gaztelu honetan. Fite! Zoazte eta ekin gogor!

 

(soldaduak irtetzen dira eta lancre jarlekura doa. Bertan jartzen da. Publikoari fierki begiratuaz).

 

LANCRE: (murgiri) Egun handia gaurkoa. (Hasperen luze bat) Nekatuta nago. Hatoz Murgi.

 

(murgi lancrerengana doa eta honek eskutik hartzen du. Isilunea).

 

LANCRE: Aizu Murgi.

MURGI: Bai, Lancre jauna.

LANCRE: Akelarretan egiten zenituzten hordikeria eta haragikeriaz askotan mintzatu zara. Dantza ere egiten zenutela esaten zenuen, zein dantza gisa egiten zenuten?

MURGI: Ba... dantza ugari egiten da Akelarrean. Dantza klase asko daude.

LANCRE: Badakit bai Euskal Herria herri dantzaria dela. Baina zein dantza mota egiten zenuten nahi nuke jakin. Nik ikertzaile bezela guztia jakin behar dut, hango gehiegikeria eta bekatu guztiak ondo juzgatu ahal izateko.

MURGI: Dantza moeta asko daude.

LANCRE: Zergatik ez duzu dantza apur bat egiten... horrela hobeto jabetuko naiz.

 

(Orain musika entzuten da. Atabal eta txistuak fandango ahaide bat jotzen dute. murgik eszenaren erdian egokuturik dantzari ekiten dio. Lehen konpasak geldi eta sentsualki dantzatzen ditu gero eta azkarrago joanez. Bitartean lancreren begietan lujuriaren islada atxeman daiteke. Eskua gerriaren azpiko erroparen tartean ezkutatzen du eta nabarmenki masturbatzen da. Gero supitoki dio).

 

LANCRE: Aski da! Aski da! Ah!, zer deabrukeria!

 

(Musika amaitzen da. murgi lancrerengana hurbiltzen da eta bere oinetan jartzen da lurrean).

 

MURGI: Barkatu jauna, baina berorrek esan dit dantzatzeko.

LANCRE: Lasai Murgi, ez da zure errua. Deabruarena baino. Askotan, aldapa gora egiten zait nire ardura hainbat hordikeria entzun eta ikusi beharrean aurkitzen naizenean... baina guztiaz ondo jabetu behar dut nire inkestak ondo burutzeko.

 

(Isilunea. lancrek eskuarekin ferekatzen du murgiren ile adatsa).

 

LANCRE: (Abots bajuaz) Aizu Murgi...

MURGI: Zer, Lancre jauna?

LANCRE: Gauza asko entzun dut deabruaz eta bere itxuraz, baina badago gauza bat garbi ez daukadana, zeren era askotako kontakizunan entzun behar izan ditut eta ez datoz kontu guztiak bat horretan.

MURGI: Zertaz ari da jauna?

LANCRE: Deabruaren fundamentuaz, ari natzaizu.

 

(murgik irri labur bat egiten du).

 

LANCRE: Ez egin farrik. Nire jakingura halabeharrezkoa da Murgi, nolakoa den ziur eta behingoz deabruaren zakila; hori da jakin nahi nukena.

 

(murgik eskuak jarri ditu begi ahoetan eta honela mintzatzen da.)

 

MURGI: Nik oso gutxitan ikusi diot, baina nigan sentitu dudanean burnizkoa bezala iruditu zait eta mandoarena hainakoa izanen da gutxienez. Gehienetan bere isatsarekin estalirik izan ohi du...

LANCRE: Aski da! Ez dut gehiago jakin nahi.

 

(Argiak itzaltzen hasi dira eta antzerkian ilunarte bat bezala ageri da, baina hala ere ikusi daiteke nola murgik bere eskua lancreren hanka tartera daraman).

 

MURGI: (Farre algaraz) Jauna... Berorrena ere ez da makala.

LANCRE: (Izu modura) Jesus!... Jesus!... Ad maioren dei gloria.

 

(Iluna).