SEIGARREN JOKALDIA
(Argiak piztean, lehengo gela bera ikusten da. st. cyran bakarrik aurkitzen da eta gerriz gora biluzturik ageri da. Belauneko jarririk otoitz labur bat egiten du eta gero “disziplina” batzuk hartuaz beraiekin astintzen du soina. Hortan ari dela atea jotzen dute eta st. cyranek bere elastikoa jazten duen bitartean dio).
ST. CYRAN: Nor da?
BARCOS: (Atez kanpotik) Barcos naiz, zure iloba.
ST. CYRAN: Itxaron pixka bat.
(Erropak txukundu ondoren dio).
ST. CYRAN: Aurrera Barcos.
BARCOS: Barkatu osaba, baina abisatu beharra iruditu zait.
ST. CYRAN: Zertaz abisatu?
BARCOS: Etxe aurrean soldadu mordo bat dago eta karroza bat gelditu da atarian. Ez aztoratu iloba. Joan eta ikus zer den.
(st. cyran pentsakor ageri da. Berehala dator barcos atzetik duen richelieu kardenalari aurre emanaz).
ST. CYRAN: (Astiro hitzeginaz) Kardenal jauna! Zein ohore handia!
(Belaunikatu ondoren kardenalaren eraztun episkopalari muin egiten dio st. cyranek).
RICHELIEU: Agur, St. Cyran!
(richelieuk begirada bat botatzen dio barcosi eta hau berehala desagertzen da. Aurrez aurre aurkitzen dira richelieu eta st. cyran. Isilunea).
RICHELIEU: Zu ere zahartu zara St. Cyran.
ST. CYRAN: Adinak ez du barkatzen. Gazteenak izan ginen biok...
RICHELIEU: Horrela da bai. Eta lagun onak izan ginen oraindik denbora asko ez dela.
ST. CYRAN: Orain ere kardenal jaunak konta beza nire begirunearekin.
RICHELIEU: (Pauso batzuk emanaz) Begirunea... begirunea! Begirunea, leialtasunarekin frogatzen da.
ST. CYRAN: Ni leial natzaio Kardenal jauna.
(Buruarekin ezezkoa egiten du richelieuk).
RICHELIEU: Begira, St. Cyran aspalditik ezagutzen gara. Ondo ezagutzen dugu elkar. Gizon azkarrak gara biok. Hobe dugu gure harira joatea. Ondo da. Berorrek esanen du.
(richelieu eseri egin da eta zutik datza st. cyran here alboan).
RICHELIEU: Nire katekimari egindako kritikak biziki min ninduen.
ST. CYRAN: Egiak ez luke inoiz mindu behar. Zuk diozunez atrizioa aski da pekatuak barkatu ahal izateko. Baina hori ez da egia. Absoluzionea ez da zerbait mekanikoa. Pekatariak, ez dezake bere pekatua konfesatze hutsarekin lasaitasuna lor. Pekatuak barkatuak izan daitezen benetako damua behar da eduki. Hori da Eleizak beti erakutsi duena. Gure Errege jaunak haragikeriazko pekatua egiten badu ez zaio aski bere konfesorearen absoluzionea. Ostera, gauero kometituko du adulterioa hurrengo goizean barkatua izanen den ziurtasun osoarekin.
RICHELIEU: (Hasarre eta zutikatuz) Aski duzu! Jarri zaitez nire tokian eta pentsa Frantziako Erreinua gobernatu behar duzula. Zer axola dio Erregearen ohatzean gertatzen denak Estadu oso baten zorionarekin konparatzen badugu?
ST. CYRAN: Inporta dio eta asko. Jainkoaren legea bakarra da guztientzat. Erregeentzat eta morroientzat berdina da.
(Isilunea. richelieu harat-hunat hasten da, st. cyran zutik dago eszenaren erdian).
RICHELIEU: Zure jaioterriko harriak bezain gogorra duzu burua. Euskalduna izan behar. Bai al dakizu Jesuita guztiak zure aurka dituzula, Petrus Aureliuss, zure liburua ez dizute barkatzen. Liburua ez zenuen sinatu baina guztiek dakite zuk idatzi zenuela.
ST. CYRAN: Badakit Jesuitek ez nautela maite.
RICHELIEU: Maite ez. Gorrotatu egiten zaitue. Eta Jesuitak boteretsuak dira, badakizu. Zure burua eskatu didate. Agian lortuko dute nire burua bainan ez nire arima.
(Isilunea. Aurrez-aurre daude biak).
RICHELIEU: Badakizu zer pentsatu dudan?
ST. CYRAN: Ez, Kardenal jauna. Esan bezait.
RICHELIEU: Momentu honetan badira Fraintzian hiru obispadu hutsik aurkitzen direnak. Zer iruditzen zaizu Baionako Obispo izendatuko bazindut? Zure inteligentziak eta zure arteak merezi dute kadira Episkopal bat.
(Isilunea).
ST. CYRAN: Ohore handia egiten dit berorrek baina nire leialtasuna ez dago salgai. Ez dezaket nire arima kadira baten truk eman.
RICHELIEU: Baina zein leialtasunaz ari zara?
ST. CYRAN: Jainkoari zor diodan leialtasunaz ari naiz Kardenal jauna.
RICHELIEU: (Boza jasoaz) Eleizaren bitartez frogatu behar duzu Jainkoarekiko leialtasuna eta hemen, Fraintzian ni naiz Eleizaren buru. Neri zor didazu leialtasuna.
ST. CYRAN: (Astiro eta irmo hitzeginaz) Badakit bai Fraintziako Eleizaren buru zarela. Hareago susmatzen dut Fraintziako Patriarka izan nahi duzula. (Berekiko) Jauna! Jauna!... galikanismoa. Entzun ondo Richelieu Kardinala zuk burutzen duzun Eleiza hori hilik dago joan diren seirehun urteaz gero. Benetako Eleiza gizon bakartietan eta komunidade ttipi batzuetan soilik datza bizirik.
RICHELIEU: (Hasarre) Komunidade ttipiak! Port-Royal, adibidez. Nik ez dut horrelakorik esan. Zuk aipatu duzu Port-Royal.
RICHELIEU: (Haserre bizian) Sekta bat eraiki duzu Port-Royalen. St. Cyranismoaren sekta. Eta gainera... zuren lagun Jansenio historia horretan dabil.
ST. CYRAN: (Lasai) Zer gertatzen da Janseniorekin?
RICHELIEU: Espaniako Erregearekin bat eginik dago. Izan berria da Espainian flamendarren enkarguz. Bera eta zu gauza bera zarete, nire politikaren etsai.
ST. CYRAN: (Ironiko) Politika ez da nire afera.
RICHELIEU: Ah, ez! Zu zara nire etsai politiko guztien buru.
ST. CYRAN: Ez naiz inoren buruaren jabe. Neronena ere Jainkoaren eskuetan jarria dut.
(Supitoki, richelieu aterantz abiatzen da azkar eta handik diotsa st. cyrani).
RICHELIEU: Agur, Jean Duvergier. Laister izanen duzu nire berririk.
(Iluna).