St. Cyran
Luis Haranburu Altuna
St. Cyran
Luis Haranburu Altuna
Euskaltzaindia, 1992

 

ZAZPIGARREN JOKALDIA

 

(Argiak piztean lehengo gela bera ikus daiteke. agnes eta angelique daude eszenan. Berehala sartzen da barcos).

 

BARCOS: Laister da hemen.

ANGELIQUE: Zer moduz aurkitzen da Abate jauna?

BARCOS: Gau txarra pasa du. Esteetako mina nahiko ez dela hemorroide txar batzuk atera zaizkio gainera. Baina jarri zaitezte. Berehala da hemen.

AGNES: Bera, Port-Royalera ez bada joaten umezurtz sentitzen gara.

 

(Isilune laburra. st. cyran dator eszenara. Oheko kamisa luze bat darama soinean. Pauso geldiaz ibiltzen da).

 

ST. CYRAN: (Maitekiro) Gabon ene alabatxoak. Angelique eta Agnes, ene alabatxoak.

BI EMAKUMEAK: Gabon Abate jauna.

 

(Eskuan muin ematen diote bi monjek).

 

ANGELIQUE: Zer moduz aurkitzen da gaur? Oso ondo. Bihar espero dut Port-Royalera joatea.

AGNES: Jainkoak lagun.

ST. CYRAN: Beharko dugu bai Jainkoaren laguntza. Etorkizun beltza dakusat. Argia ez da oraindik piztuko. Gau beltzaren hatzaparra sumatzen dut.

ANGELIQUE: Zer nahi du esan Abate jauna?

ST. CYRAN: Nire Kausagatik zuek ere gaitzetsiak izanen zaretela.

ANGELIQUE: Ez dugu beldurrik.

ST. CYRAN: Izan behar duzute bai beldurra. Jainkoaren beldurra.

AGNES: Jainkoaren beldurraren baitan bizi gara.

BARCOS: (Hotz) Jainkoak ezezik, Richelieutaz ere badugu kezkarik.

ST. CYRAN: Richelieu berak uste ez izan arren, haizeak daraman orbela baino ez da. Jainkoaren deseinuan datza bere ekintza ere.

ANGELIQUE: Esan digu D’Andilly jaunak zeintzuk diren Richelieuren asmoak.

AGNES: Beraz noiz izan gindezke ziur?

 

(Isilune laburra).

 

            Inoiz ez gindezke izan ziur. Ez gindezke fida gure argiaz. Sufrimendua eta penitentzia ipurtargiaren antzeko argi isilaren antzekoak dira. Gauza guztien artean izigarraiena hau da: Jainkoa ezkutuan dagoela. Jainkoa gorderik dago. Gure bizi guztia bere aurpegia ikusi nahiean enplegatzen dugu.

ANGELIQUE: (Pentsakor) Gorderik... ezkutuan dago Jainkoa.

ST. CYRAN: Horrela da Angelique. Jende guztia eta Eleiza bera ere Jainkoaz mintzatzen dira. Agerian dagoen zerbait balitz bezala. Baina Jainkoa jende guzti honen bizkarretik gordetzen da. Eleiza beraren bizkarrean izkutatzen da. Berehala jendeak eta Eleizak ere arbuiatuko gaituzte. Orduan... eta orduan bakarrik gure pertsonetan isladatuko da Jainkoaren aurpegia. Eta orduan ere ez dugu segurantza osorik izanen Jainkoak aukeratu gaituela.

AGNES: Beraz...

ST. CYRAN: Penitentzia besterik ez genezake egin beraz. Mundutik aparte izkutatu zarete zuek, arrebatxook, eta izkutuan bakarrik aurki daiteke, agian, Jainkoa.

 

(le maitre sartzen da eszenara).

 

LE MAITRE: Gabon Abate jauna! Gabon arrebatxook!

BARCOS: Gabon Le Maitre.

LE MAITRE: (agnes eta angeliqueri) Zuen bila nator. Berandu da eta Port-Royalera lagunduko zaituztet. Pariseko kaleak gauaz ez dira sobera segurak.

ST. CYRAN: Berandu da bai. Joan zaitezte Jainkoaren pakean.

 

(angelique eta agnes urduri agertzen dira. Betirako agurra dirudi. st. cyranen aurrean belaunikatzen dira biak eta eskuan muin ematen diote. st. cyranek benedikatu egiten ditu).

 

            (Fermuki) Agur ene arrebatxook!

 

(agnes, angelique eta le maitre aterantz abiatzen dira. agnes negar ixilka ari da. Bakarrik gelditzen dira st. cyran eta barcos).

 

BARCOS: Osaba!

ST. CYRAN: Zer da Barcos?

BARCOS: Argibel lehengusuari abisatu diot bihar etor dedin. Hobe dugu egun batzuetan gurekin bizitzen bada.

ST. CYRAN: Bihar... bihar beste egun bat izanen da.

 

(Isilune laburra).

 

ST. CYRAN: Barcos?

BARCOS: Bai osaba.

ST. CYRAN: Utz nazazu, bakarrik. Gutun bat idatzi nahi dut nire zenbait borondate agertuaz... Sumatzen dut zerbait gertatu bide dela laister...

BARCOS: Nahi duen bezala, osaba. Hotsegin bezait zerbait nahi badu. Nire gelan egongo naiz.

ST. CYRAN: Ondo da.

 

(barcos, pauso astiroaz irtetzen da eszenatik, argiak st. cyranen mahaina bakarrik argitzen du. st. cyran mahainean jartzen da. Idazten hasten da. Halako batean aurpegia eskuartean harturik negar bortiz bati ekiten dio. Kanpoan, zarata haundi bat entzuten hasten da eta st. cyran bere onera etortzen da. barcos sartzen da laister eszenara. Aztoraturik dator).

 

BARCOS: Osaba! Osaba! Soldaduaz inguraturik dago etxea.

ST. CYRAN: (Sereno) Lasai Barcos. Lasai. Kunplitu behar duena besterik ez da gertatuko.

BARCOS: Beldurra dut, osaba.

ST. CYRAN: (Triste) Nik ere bai, Barcos... nik ere bai. Baina ez dezatela antzeman. (Mahainera joanaz eta paper bat hartuaz) Hemen duzu nire testamentua Barcos. Gorde.

 

(Kolpeak eta builak entzuten dira atean. “Ireki Erregearen izenean!” abotsa entzuten da. barcos aterantz doa eta soldaduak sartzen dira. Argi osoa egiten da eszenan. Soldadu batek paper bat ateratzen du bularretik eta honela dio).

 

SOLDADUA: Jean Duvergier eta Haurannekoa, St. Cyraneko Abatea?

ST. CYRAN: Ni naiz.

SOLDADUA: Preso zara.

 

(bi soldaduak beso banatitik hartzen dute st. cyran).

 

ST. CYRAN: (Fermuki) Jaunak! Ez nauzute biluzik bederen eramanen!

SOLDADUA: (Beste soldaduari so eta ondoren) Beztitu bedi!

 

(barcos ateratzen da eta berehala dator st. cyranen jantziekin. Laguntzen dio jazten).

 

            Pronto naiz. Jakin dezaket bederen norat naramazuten?

SOLDADUA: Vincennesko Gaztelura.

 

(Iluna).