EPILOGO
(1902)
(Argia. errejenta dator eszenara eta oraingoan patxara eta sosegu handiagoarekin abesten du. Azken bertsoak, batipat, oso astiro. Goiko solairuan, sabino, gartzela iruditzen duen tokian dago publikoari so eta eskuekin itxituraren burniei eusten. Argiak behetik goitikakoak dira. Antzerkiaren prologoan bezala hemen ere sabinok zahar eta gaixo itxura du. Berriro 1902.ko urtean aurkitzen gara).
ERREJENTA:
1.— Horra Sabinoren akabera
Hora Aranaren gartzela
bere deseinua da hori
ez zitekeen bestela.
2.— Hainbat oztopo ikusirik
aldatu beharraz ohartu zen
bere lagunak ordea nekez
zioten entenditzen.
3.— España aipatzean
galdu zuela arrazoina
hori zioten batzuk bestek
ez zuela kemena.
4.— Baina Aranak garbi zekin
nolakoa zen xedea
berak ez zuen inoiz galdu
Euskadiren fedea.
5.— Horra Sabinoren nekea
Horra Euskadiren aita
Aberriaren desinua
Aranak sortua baita.
6.— Askatasuna ez zuen
bere begiaz ikusi
berarengan ordea
euskaldunak dute ikasi.
7.— Berebala bukatzen da
Sabinoren bizi laburra.
Horrenbestez diotzuet nik
nire adio eta agurra.
(Irtetzen da errejenta. luis dator berehala eta prologoan bezala beheko solairutik hitzegingo dute aktore guztiak).
LUIS: Ixkanbila ederra harmatu duzu zure deklarazioekin...
SABINO: (Nekaturik)
Ez nuen besterik espero.
LUIS: (Urduri)
Begira... Sabino. Jende askok jarraitzen dizu. Lau milatik gora dira zure askatasunaren alde eskaria izenpetu dutenak, baina inork ez du ezer ulertzen. Orain diozu partidu españolista bat eraiki nahi duzula... Españiaren barnean nahi duzula Euskadirentzat autonomia... Barkatu anaia, baina neronek ere ez dut ulertzen.
SABINO: (Hasperen sakon bat eginaz)
Luis... Luis. Zuk ez badidazu ulertzen nola espero dezaket besteak ulertzea. Fida zaitez nitaz. Fida zaitezte nitaz.
LUIS: Ez da fede kontua, Sabino, jendeak jakin egin nahi du.
SABINO: (Nekea adieraziaz)
Zer nahi du ba jakin?
SABINO: Benetan diozun hala ez. Benetan pentsatzen dozun edo ez españolista bihurtu behar garela.
(Isilune luzea. koruko aktoreak sartu dira eszenara eta albo batetan gelditu dira. Hasperen sakon baten ondotik hasten da hitzegiten sabino).
SABINO: Hau guztia nik jarri dut martxan. Nik eraiki dut Eusko Alderdi Jeltzalea (Isilune laburra). Nik erditu dut Aberria eta iadanik ez da neurea. Nire buruaz beste egin du Bizkaiak. Bikoiztu naiz. Ni eta neronen hedadura aurrez aurre atxematen ditut eta bidegurutzean nago ni.
(Isilune labur baten ondoren korua hasten da jokatzen. Beheko solairuan asko guttitu da argia, eta prologoan bezala sabino zahartu bat agertzen da fokoaren pean nabarmen).
LUIS: (Astiro)
Sabino...
KORUA: Ssssssabino! Arana Goiri Ssssssabino! Ssssssabino!
SABINO: Sagarroiak bezala erditu dut Aberria. Trikuak bezala. Agian... nire kulpaz erditu dut honela. Trikuak ere nekez erditzen du eta are nekezago bere kulpaz. Nire arantzak nire egiak dira. Egiaz eta nekez erditu dut Euskadi eta orain umekai urrikalgarri hau penaz ezagutzen du bere amak. Bere anaiak ezin dute ezagutu. Bizkarra eman diote senideek.
LUIS: Zer diozu Sabino? Ez dut ulertzen ezer.
SABINO: (Farre labur eta aspertu bat)
Zaude, Luis! Halabeharrez, bidegurutze honetan, duda duzute kolkoan, zalantza bihotzean... Irtengo naiz hemendik eta bilduko zaiztuztet zu, Zabala eta Engrazi eta hiruroi esango dizuet egia, Sukarrietan bilduko gara eta han esango dizuet Euskaldunen Aberria zein den.
LUIS: Baina behar dugu jakin orain jelkideak sosega daitezen eta gure etsaiek isekarik egin ez dezaten.
SABINO: (Farre bat)
Etsaiek beti egingo dute iseka. Gure egia odolean daramagu eta gure etsaiek ez dezakete ikus. Isuriko da gure odola eta orduan ere ez dute ikusiko. Iseka eginen digute. Baina odolak bustiko du arbola.
(sabino hitzegin aurretik Eusko Abendaren Eresiaren lehen konpasak entzuten dira eta sabinok hitzegiten duen bitartean bere bolumena handitzen joanen da azkenik indar guziarekin lehertuaz eta koruaren ohiuekin nahastuaz).
LUIS: (Negar zotinka) Sabino... Sabino!
KORUA: Sssssabino! Sssssabino! Sssssabino!
SABINO: (Besoak barrote tartetik zabalduz eta bortizki hitzeginaz)
Bikoiztu nau biziak eta bi bider gurutzetua izan naiz. Jaungoikoagatik lehen eta Lagizarragatik gero. Bi gurutze horiek eramango dituzue bizkarrean eta zuen odolak Bizkaiko haritz zindoa bustiko du eta orduan... orduan bakarrik bizituko da haritza. Orduan bakarrik izanen da libre Euskadi!
KORUA: (Hiru bider oiukatzen du)
Sabino! Sabino! Sabino!
(Bat-batean erortzen da ohiala).
amaiera