— IX —
(Argia, errejentak bereari).
ERREJENTA:
1.— Kolonia bat askatu zuten
behingoz amerikarrak
Espainipetik libre
pozik ziren kubatarrak.
2.— Sabinok telegrama jarri
Roosevelt presidenteari
Zorionak emanaz
Amerikako herriari.
3.— Orain profitatuko dira
Aranaren etsaiak
Sabinori jartzeko
munduko traba guztiak.
4.— Abandoko arranoari
egun latzak datorzkio
amaieraren atarian
biziak dirudi herio.
5.— Sabinoren animoa
dudak ozkatzen du
ez dezake inork jasan
berak hainbat sufrimendu.
(errejenta erretira. Iluna. Argia egitean sabino goiko solairuan dago. Idazten ari da. Goiko solairutik ikurrin bat dago zintzilik. luis eta sota zutik daude eszenaren erdian).
SOTA: (luisekin mintzatuz)
Nik Txabarri ezagutzen dut eta badakit gauzak ez direla hortan geldituko. Beldur naiz bere erantzunaz. Edozein aitzakiaz baliatuki da Sabino galtzeko.
LUIS: Sabinok, egia besterik ez zion esan.
SOTA: (Urduri)
Egia! Egia! ... besterik ez duzute ahoan. Askotan, egia gezurra bezain iraingarri gertatzen da... Egia beharrezkoa da erlijioan edo etikan baina politikan ez du errentarik ematen. Politikan gezurra edo egia esan behar da, egia salbatzeko.
LUIS: Ez zait politika gisa hori atsegin, eta badakizu Sabinok ere zer dioen horretaz.
SOTA: Baina horrela ez gara inora iritxiko. Zuen jarrerarekin ez daiteke politikarik egin. Jar ditzagun ohinak lurrean.
SABINO: (Beherantz hitzeginaz)
Berehala bukatuko dut. Banoa.
SOTA: (luiseri sabino adieraziaz)
Zertan ari da?
LUIS: Telegrama bat gertatzen.
SOTA: Norentzat?
LUIS: Rooselvelt, Amerikako presidenteari.
SOTA: (Harriturik)
Presidenteari?
LUIS: Bai. Badakizu nola Cubak askatasuna lortu duen, Rooselvelteri esker eta zorionak eman nahi dizkio Sabinok.
(Goitik behera dator sabino eta eskuan dakarren papera luzatzen dio bere anaiari).
SABINO: Horra! Prestatu dut telegrama.
(luisek telegrama irakurtzen du).
LUIS: Oso ondo dago.
SABINO: Luis, hotsegin mesedez telegrafoari, jarri dezala gaur bertan. (Isilunea).
(luis atera eta aktore i.kin sartzen da berriro; honek papera eta arkatza dakarzki eskuan eta sabinok irakurri ala idatzi eginen du telegramaren textoa).
SABINO: (aktoreari)
Joan mesedez postara eta jarri telegrama hau. Idatzi mesedez. (Telegrama irakurtzen dio). “Roosevelt — Estatu Batuetako Presidentea — Wasington — Eusko Alderdi Jeltzalearen izenean zorionak — Cubaren askatasunagatik — Handitasun askatasun eta justiziaren exenplu zuen estadu ahaltsua — Historian inoiz ez ikusia eta Europako nazio latinoek ezin imitagarria — Europak berdin jokatu ezkero Euskadi askatuta — Euskadi Europako herririk zaharrena zuek miretsi duzuten konstituzioaz gizalditan zehar gobernatua — Euskadi askatuta — Arana Goiri (Papera tolestatuaz eta gordeaz) Hori da guztia. Joan zindezke.
(aktore i badoa baina sotak eusten dio besotik).
SOTA: Itxaron apur bat! (Urduri sabinori) Sabino! Telegrama hori ezin duzu bidali!
SABINO: Zergatik ez?
SOTA: Poliziak kontrolatuko du postan.
SABINO: Posta sekretoa da eta ezin dute kontrolatu.
SOTA: (Garratz)
Hori uste duzu zuk...
SABINO: (Aktoreari)
Zoaz eta jarri telegrama hori.
(aktorea badoa. Isilik gelditzen dira hirurak. sota paseatzen hasten da eta begira dauzka bi anaiak).
SOTA: Rooselvelteri zorionak ematea... paso! Cubaren askatasunaz poztutzea... bale! Baina Europako herriek Euskal Herria Españiarengandik askatu behar dutela telegrama batetan jartzea, hori ez! Honezkero, polizia jabetu da telegramataz!
SABINO: Europak Euskal Herriari askatasuna eskeintzea ez zait neri desitxura bat iruditzen... Donostiatik heldu berria zait notizia, militar ingles bat esanaz doala Inglaterra eta Frantzia elkartu egingo direla Españia puskatzeko eta desagertzeko... hori gertatuko balitz Euskadik bere askatasuna lortuko luke.
SOTA: (Zakar)
Astakeria bat da hori.
(Honetan, oso mehe lehenik eta bortitzago gero Riegoren Eresia entzuten hasten da).
LUIS: Zer gertatzen da kalean?
SABINO: Bilboko liberalak azken karlistadan lortu zuten garaipena ospatzen ari dira.
SOTA: (Eszenaren albo batetara abiatuz)
Zatozte lehiora!
(luis eta sabino sotarengana doaz eta kanpo aldera begira dauden imintzioa egiten dute. Bat-batean musikaren bolumena oso altu jartzen den ehinean atzeraka ibiliaz erretiratzen dira beldurrez).
LUIS: (Aztoraturik).
Garellanoko militarrak dira!
SOTA: Honuntza datoz!
(koruko aktoreak militar jantziekin edo beren militar izaera adieraziko zuen zerbait soinean dutela sartzen dira eszenara. Eskuan, ezpata biluziak dituzte).
AKTORE I: Viva la libertad!
KORUA: Viva la libertad! Viva España!
(Eta aktore bat sabino, luis eta Sota bere ezpatarekin mehatxatuz gelditzen den bitartean, beste aktoreak goiko solairura doaz eta handik ikurriña beherantz amiltzen dute. Behera datoz gero. Joko honek oso denbora gutti irauten du, azkar jokatzen da).
KORUA: Viva España! Viva la libertad!
(bost aktoreak laisterka ateratzen dira eszenatik beren ohiuak jaurtikiaz. sabino ikurriña gelditu den tokira hurbiltzen da astiro eta eskuan hartzen du. Ikurriña laztanduz hemeki-hemeki eszenaren erdira doa, bertan belauneko erortzen delarik. Publikoari so eta negarrez esaten ditu bere hitzak).
SABINO: Hau ez da bidea! Hau ez da bidea!
(Iluna egiten da eszenan).