(Argiak itzali aurretik xuberoar pastoraletako doinu ezagun bat entzuten da eta salako argiak itzaltzen direnean errejenta dator proszenioara eta handik kantatuko ditu ondorengo bertsoak. Publikoari so eta pastoraletan errejentak erabili ohi duen doinuaz abestuko du).
ERREJENTA:
1.— Euskaldunek memoria
galdua zuten iadanik
borroka alferretan
zebiltzen nahasturik.
2.— Mendearen bukaera
hurbil zegoenean
izarrik ez zitekeen
ikusi euskal ortzean.
3.— Euskara barreiaturik
baserri zokoetan
gero eta urriago zen
euskaldunen ahotan.
4.— Bilboko hiria zen
zagia bezala puztu
baina ardo gorriaren ordez
pasmoaz zen izorratu.
5.— Lagi Zaharrak etenik
Jainkoa zen desterratu
euskaldunen askazia
bertan behera zen abiatu.
6.— Tamaina hartako sortean
norbait hartu zuen ikarak
oro eta guzti zituela
amets berriaren kontrakoak.
7.— Abandoko republikan
republika Abandokoan
euskal Aberria jaio zen
Ibaizabalen alboan.
8.—Euskal gorpu heria
sapelatsez inguratua
bele beltzen jakia zen
euskal haragi odoldua.
9.— Maiestate handiaz ordea
hegatu zen arranoa
txori gaiztoak uxatuz
salbatzeko euskaldungoa.
10.— Sabino izena du
Abandoko arranoak
berari zor diogu
osasuna euskaldunak.
11.— Arana ta Goiri Sabino
euskaldunen aita zuhurra
Berak eskuratu zigun
asaba zaharren altxorra.
12. — Orain dezatutela ikus
Sabinoren biziera
berbera izan dadila
euskaldunen portaera.
(Ohiala jaso aurretik erretiratzen da errejenta).